Kolaborazioak

Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?

2020/03/16

Hego Euskal Herrian indarrean sartu da alarma egoera, COVID-19 birusari aurre egiteko. Etxean konfinatzeko agindu diete herritarrei, eta mugimenduak murriztu dituzte. Horra 27 galdera-erantzun, zer egin litekeen eta zer ez argitzeko.

1. Atera ninteke etxetik?

Soilik zeregin jakin hauetarako:

a) Janaria, botikak edo behar-beharrezkoak direnak erosteko.

b) Osasun etxera joateko.

c) Lanera joateko.

d) Etxera itzultzeko.

e) Adinekoak, adingabeak, ezinduak, mendekotasunak dituztenak edo egoera larrian dauden pertsonak zaintzera joateko.

f) Bankura, finantza etxera edo aseguru etxera joateko.

g) Arrazoi larriren batek edo behar handiren batek eraginda.

h) Aurrekoekin pareka litekeen egoeraren batean egonez gero, baina beti bakarrik, ezpada ezinduren bati edo bakarrik atera ezin duen pertsona bati laguntzeko.

Lanera joateko debekurik ez dago —ixteko agindutako negozioentzat izan ezik—, eta produkzioa eteteko agindurik ere ez. Irekita dauden lantoki eta enpresetara joateko betekizuna normal mantentzen da, beraz, langile horientzat.

Ipar Euskal Herrian ez dago kalera ateratzeko debekurik oraingoz.

 

2. Atera ninteke kirola egitera edo paseatzera?

Ez. Kaleko aisialdi ekintzak gelditzea eta herritarrak etxean gelditzea da helburua. Poliziek eskumena izango dute kalean dabiltzanak gelditzeko eta etxetik atera izana justifikatua dagoen edo ez egiaztatzeko. Espainiako Barne Ministerioak hartuko du polizia guztien kontrola eta koordinazioa.

 

3. Atera ninteke etxeko animalia paseatzera?

Bai. Baina ezin du aitzakia izan kalean paseatzeko edo kalean jendearekin elkartzeko.

 

4. Joan ninteke umeekin parkera?

Ez. Udal askok itxi egin dituzte, gainera.

 

5. Posible da lagunekin edo senideekin kalean gelditzea?

Ez.

 

6. Eta beste norbaiten etxera joan ninteke?

Ezta ere. Mendekotasunen bat duen edo laguntza behar duen pertsona bati laguntzeko bada bai, baina aisialdirako edo denbora-pasa gisa, ez.

 

7. Isunik jar diezadakete aginduok betetzen ez baditut?

Bai. Zigor arinetan, 100 eta 600 euro arteko isunak jar ditzakete; zigor gogorretan, hortik gora eta 600.000 euro arterainokoak izan ditzakete, larritasunaren arabera.

 

8. Nola jokatu behar dut kalera atera behar badut?

Jende pilaketak saihestea da helburuetako bat, gaitza azkar hedatzea saihesteko. Jendearengandik gutxienez metro bateko distantzia gorde behar da, pilaketak saihestuz, eta ahalik eta denbora gutxiena eginez. Higiene neurriak ere zaindu behar dira.

 

9. Zein denda egongo dira zabalik?

Lehen mailako beharrak asetzeko dendak soilik. Espainiako Gobernuaren dekretuak zehaztutakoaren arabera, janari eta edari dendak, farmaziak, zentro medikoak, optikak, ortopediak, garbiketa eta higiene produktuen dendak, ileapaindegiak, tindategiak eta arropa garbitegiak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, produktu eta zerbitzu teknologikoak eta telekomunikazioak saltzen dituztenak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta zerbitzuak.

Beste denda eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira. Hotelak zabalik daude, baina haietan dauden bezeroentzat bakarrik. Jatetxe, taberna eta ostatu guztiak itxita daude, salbu etxerako janaria prestatu eta banatzen dutenak. Poliziek eskumena izango dute denda eta ostatuak ixteko, eta denden inguruan sor daitezkeen pilaketak sakabanatzeko.

Frantziako Gobernuak antzeko erabakia hartu du: Ipar Euskal Herrian ere itxita daude «ezinbestekoak» ez diren denda eta zerbitzuak.

 

10. Irekiko duten denden jabeek nola jokatu behar dute?

Espainiako Gobernuak ez du aholku zehatzik eman, soilik esan du metro bateko distantzia gordetzeko bezeroengandik. Ez dute argitu maskarak eta eskularruak erabili behar dituzten, edo beste neurririk hartu behar duten. Dendari batzuk bai hasi dira, beren kasa, neurri horiek hartzen.

 

11. Zer gertatzen da kultur ekintzekin, aisialdiarekin eta gurtza tokiekin?

Debekatuta daude kultur, kirol eta aisialdi ekintzak, eta itxita daude kultur ekintzetarako areto guztiak —museoak, kontzertu aretoak, kultur etxeak...—. Kirol ekintza guztiak ere bertan behera gelditu dira, profesionalak, amateurrak eta umeenak, eta kirol instalazio publiko eta pribatuak itxita daude. Konfinamendua agindu du Espainiako Gobernuak, eta ezin da aisialdirako etxetik atera. Jaiak, festak, berbenak, segizioak eta antzekoak ere debekatuta daude. Gurtza tokiak ere ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ez dute halakorik agindu. Meskitak eta eliza ebanjelistak itxi egingo dituztela esan dute, baina eliza katolikoak irekita mantentzeko asmotan daude, ofiziorik ez izan arren, banaka otoitz egiteko aukera emateko —gobernuaren dekretuak ez du zehazten, ordea, otoitz egitera joateko etxetik atera ote litekeen—. Ezkontzak, bataioak eta halakoak ere atzeratzeko agindu dute. Hiletan jende multzo txikiekin egingo dira, familiartekoekin soilik.

 

12. Eta protestekin?

Bertan behera gelditu dira indarrean zeuden greba gehienak eta kaleko protestak. Dekretua irakurrita, ulertzen da alarma egoerak iraun bitartean ez dutela kalean protestak egiteko baimenik emango.

 

13. Irekita daude udal zerbitzuak?

Ez. Itxita daude kiroldegiak, liburutegiak, gazte txokoak, helduen irakaskuntza, erretiratuen zentroak... Zerbitzu munizipal publiko guztiak. Udalean tramiteren bat egin behar izanez gero, deitu telefonoz, jakiteko udal bakoitza zer-nolako baldintzatan ari den lanean.

 

14. Eta zaharren egoitzak?

Horiek ere itxita daude bisitarientzat. Behar larriren bat izanez gero, deitu telefonoz egoitza bakoitzera, zein egoeratan dagoen jakiteko.

 

15. Zer gertatuko da ikastetxeekin eta azterketekin?

Martxoaren 13an itxi zituzten Hego Euskal Herrian —Araban, hilaren 11n—, eta martxoaren 16an itxiko dituzte Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza zentro guztiak, pribatuak zein publikoak, umeentzakoak nahiz helduentzakoak, arautuak edo ez, zarratuta daude, eta hala jarraituko dute hurrengo bi asteetan gutxienez. «Ahal den neurrian» on-line hezkuntza bermatzeko eskatu du Espainiako Gobernuak. Euskaltegiak ere itxita daude, eta euskara gaitasun azterketekin zer gertatuko den ez dute argitu oraindik —martxoaren 25ean hastekoak ziren—. Bestelako azterketekin zer gertatuko den ere ez dute argitu.

 

16. Hartu dezaket ibilgailu pribatua?

Etxetik ateratzeko baldintza horien barruan —lanera edo erosketak egitera joateko, osasun etxera joateko...— posible da. Gasolina hartzera joateko ere bai. Poliziek kontrolatu eta mugatu ahalko dituzte mugimendu horiek. Errepideen eta zirkulazioaren kontrola ere edukiko dute, eta zirkulazioa mugatu ahalko dute hala erabakiz gero.

Ipar Euskal Herrian ez da murrizketarik oraingoz.

 

17. Erabili dezaket garraio publikoa?

Zehaztutako baldintzen barruan kalera ateratzea ezinbestekoa bada, bai. Garraio publikoa murrizteko asmotan dira agintariak, baina datozen egunetan ikusiko da zer egokitzapen egingo dituzten. Espainiako Gobernuak argitaratutako dekretuaren arabera, gehienez ere datozen bost egunetan egingo dituzte egokitzapenak, eta bermatu beharko da herritarrak beren lanpostura edo oinarrizko zerbitzuetara joan daitezkeela. Renferen aldirietako zerbitzuek, printzipioz, maiztasunari eutsiko diote; ibilbide luzeagoko zerbitzuak erdira murriztuko dituzte.

Euskal Garraio Agintaritzak esan du %40 eta %60 artean murriztuko dituela zerbitzuak —hor sartzen dira autobus gehienak, tranbiak, Euskotren...—. Egun batzuk beharko dituzte zehaztapenak egin eta funtzionamendua ikusteko. Dekretuen bidez agindu zehatzagoak ematen joango dira datozen egunetan.

Edozein moduz, garraio publikoa erabiliko duten bidaiarien artean ahalik eta tarte handiena uzten saiatu behar dela zehaztu dute, gutxienez metro bateko tarte bat. Ez dute erabat argitu hori nola bermatuko duten.

Ipar Euskal Herrian ez dute murrizketarik iragarri oraingoz.

 

18. Txanponak erabil ditzaket garraio publikoa ordaintzeko?

Ez. Txartelekin ordaintzeko agindu dute, garraiolariak babesteko, dirua ere birusaren eroale izan litekeelako. Gainera, autobusetara erdiko atetik edo atzeko atetik sartu beharko da. Jabeei agindu diete ibilgailuak egunero garbitzeko, Osasun Ministerioak zehaztuko duen moduan. Garraio Ministerioak hartuko du zerbitzuen kontrola.

 

19. Muga itxi dute?

Oraingoz, ez. Emmanuel Macronek Europari eskatua dio Schengen eremu barruko mugen kontrolari buruz irizpide argi eta bateratu bat, baina oraingoz ez dago mugak itxi edo kontrolatzeko erabakirik.

 

20. Zer gertatuko da tramite legalekin?

Eten egingo dira prozedura guztiak, alarma egoerak iraun bitartean. Alegia, alarma egoerak iraungo duen egun hauek ez dira egun natural gisa kontatuko prozedura judizialetarako, administrazio publikoarekin abian diren tramiteetarako, preskripzioetarako, iraungipenetarako... Tramite guztiak ez dira erabat geldituko, ordea, eta zuhurrena da dagokion administrazioarekin harremanetan jartzea, izapide bakoitzaren egoeragatik galdetzeko.

 

21. Hornidura bermatua egongo da?

Baietz ziurtatu du Espainiako Gobernuak. Energia, petrolioa, gasa eta «zerbitzu kritikoak» bermatzeko neurriak hartuko dituela iragarri du, batetik. Beharrezko gaiak —janaria, botikak...— iritsiko direla ziurtatzeko, garraiolariei ordu mugak kendu dizkiete, eta gobernuak aukera izango du errekisatzeak egiteko —lantegiak, granjak, hiltegiak, industriak...— edo langileak lanera behartzeko.

 

22. Osasun zerbitzuak nola kudeatuko dira?

Espaikiako Osasun Ministerioak hartu du agintea. Osasun arloko langileei erabateko disposizioa izateko agindu die, eta beharren arabera langileak leku batera edo bestera mugituko dituela esan du. Lanaldiak luzarazteko bidea ere jarri du. Beharrezko baldin bada osasun zerbitzu pribatuak erabiltzeko agintea ere hartu du.

 

23. Ejertzitoa ikusiko dugu kalean?

Dekretuak ez du halakorik esaten zuzenean, baina gerta liteke. Alarma egoerak iraun artean, autoritate agente izango dira soldaduak, eta horrek esan nahi du ordena publikoko zereginak ere hartu ahalko dituela ejertzitoak kalean. Osasun zerbitzuak bermatzeko edo hornidura bermatzeko, adibidez, ejertzitoak esku hartu dezakeela aipatzen du dekretuak.

 

24. Eta poliziekin zer gertatuko da?

Espainiako Barne Ministerioak hartu du polizia guztien gaineko agintea, baita ertzain, foruzain eta udaltzainen gainekoa ere. Segurtasun junten bidez koordinatuko dituzte zereginak. Polizien jarduna luzatzeko eta zerbitzu bereziak eginarazteko bidea jarri dute.

 

25. Noiz arte iraungo du honek?

Martxoaren 15ean sartu da indarrean, eta gutxienez hamabost eguneko iraupena izango du, martxoaren 29 arte. Espainiako Gobernuak luzatzeko aukera izango du. Era berean, orain arte zehaztu ez diren egoerak argitzeko edo xehetzeko, edo orain arte hartutako neurriak aldatzeko, dekretu zehatzak erabaki ahalko ditu Espainiako Gobernuak.

 

26. Zer gertatzen da autonomia erkidegoen eskumenekin?

Espainiako Gobernuko presidenteak hartu du agintea, eta beste lau ministeriorekin gidatuko ditu alarma egoerari buruzkoak: Defentsa Ministerioa, Barne Ministerioa, Garraio Ministerioa eta Osasun Ministerioa. Autonomia erkidegoen gainetik erabakiak hartu ahal izango dituzte, baina zehaztu dute autonomia erkidegoek, beren eskumenei jarraituz, neurriok osatzeko erabakiak hartu ahal izango dituztela. Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak salatu dute 155. artikulua ezartzen ari dela Espainia, saiheska.

 

27. Egingo dira hauteskundeak?

Ez polemika gutxirekin, baina Ipar Euskal Herrian ari dira herriko bozen lehen itzulia egiten, martxoaren 15 honetan. Bigarren itzulia martxoaren 22an da, baina inork ez daki seguru egingo ote den.

Hego Euskal Herrian, berriz, airean daude apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako bozak. Kanpainak martxoaren 19an hasi beharko luke berez, baina alarma egoerak gutxienez martxoaren 29 arte iraungo du. Martxoaren 16an bilera bat egingo dute alderdiek, erabaki bat hartzeko. Pedro Sanchezek Eusko Jaurlaritzaren esku utzi du erabakia.

 

Artikulua hemen argitaratu da: https://www.berria.eus

Eguraldia
Astelehena 30 Min: 0
Max: 8
Asteartea 31 Min: 0
Max: 12
Asteazkena 1 Min: 7
Max: 16
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak