Kolaborazioak

Afrikan, Arizmendiarrietari jarraituz

2018/10/08

Afrikaren Aldeko Taldeko 15 elkartek hiru hilean behin Afrikako kooperazioa indartzeko egin ohi dugun bilera Arrasaten egin genuen egun berean pobrezia dimentsioaniztun globalaren lehen indizea argitaratu zen.
Afrikan, Arizmendiarrietari jarraituz

Josu Urrutia Beristain, Mundukideko zuzendaria

Garapenerako Nazio Batuen Programak (GNBP) eta Oxfordeko Unibertsitateko Giza Garapenarenerako eta Pobreziaren kontrako Egitasmoak (OPHI, ingeleseko siglen arabera) elkarrekin egin dute azterlana, dirutik harago, orotariko eta aldi bereko gabeziak pairatzen dituzten gizakiak zenbat diren jakiteko. Emaitzak beldurgarriak dira. 1.300 milioi pertsona, hots, ikertu diren 104 herrialdeetako populazioaren laurdena, pobrezia pairatzen ari dira osasunean, hezkuntzan, ur edangarrian, etxebizitzan eta beste 10 adierazletan. Erdiak haurrak dira.

Banaketa geografikoari dagokionez, %83 bi eskualdetan daude: Saharaz Hegoaldeko Afrikan, non 560 milioi dauden –populazioaren %58– eta horietarik 342 milioi pobre larriak diren; eta Hego Asian, non 546 milioi bizi diren –biztanleen %31–, horietarik 200 milioi muturreko pobrezian. Hiriguneak eta landa guneak bereiziz gero, 1.100 milioi landa guneetan bizi dira.

Errealitate dramatiko horri mundu mailako proiekzio demografikoak gehitu behar zaizkio. Hala, aurreikuspenen arabera, 2050ean gizakien kopurua 9.000 milioitik gorakoa izango da, 10.000 milioira gerturatuz. Afrikaren kasua bereziki harrigarria da. Hemendik eta 2050era, populazio hazkundearen erdia bilduko duten bederatzi herrialdeetatik bost, afrikarrak dira: Nigeria, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Tanzania eta Uganda. Eta beste herrialde batzuetan, hala nola Angola, Burundi, Niger, Somalia, Zambia eta Tanzanian bertan, herritarren kopurua gutxienez boskoiztu egingo da. Gaur egun 1.256 milioi afrikar daude. 2050ean gaur egun halako bi izatea espero da, hau da, munduko populazio hazkundearen ia erdia Afrikako kontinentean gertatuko da.

Hormak jasotzeko eta itsasoak zabaltzeko hautua egiten dutenen aurrean, alegia, azken finean milaka milioi pertsonari bizkarra eman eta kondena ezarri nahi dietenen aurrean, Mundukiden tokiko gaitasunak bultzatzeko apustua egin dugu, garapen sozioekonomiko sostengarriarekin konprometitutako pertsona autonomo eta buruaskiak sustatzeko.

Izan ere, Afrikan kolaborazioa multiplikatzearen alde egina dugun apustua berrestera dator Plan Estrategikoa, metatutako esperientzia errepikatuz eta esperientzia berrietan lan eginez.

Ondorioz, 2018. urte honetan nekazari gehiagorengana iritsi nahian, Mozambikeko gure programa herrialdeko ipar korridore barruan Lichinga eta Pemba hirien artean dagoen seigarren barruti batera zabaldu dugu,  eta “nekazariz nekazari” erako laguntza teknikoa bultzatu dugu, hornidura sarea eta produkzioaren komertzializazioa hedatuz eta nekazaritza produkzioa urte osoan egotea ahalbidetuko duten ureztatze sistemak jarriz.

Programa horrekin jarraitzeaz gain, Afrikan beste herrialde bat identifikatzeko lanetan gabiltza, kontinente horretan  lankidetza programa berri bati ekiteko. Horretarako, duela zazpi urte egindako azterlan batetik eta Mozambiken metatutako esperientziatik abiatzen gara. Helburua da beste herrialde batzuetan eta bazkide berriekin lankidetza proiektuekin hastea 2019an, eta proiektu horiek epe luzerako programa baten ernamuina izatea.

Era berean, Afrika helburutzat hartuta eta interkooperazioaren aldeko apustua eginez, Africa Basque Challenge izeneko proiektuan murgilduta gaude Mondragon Team Academy eta LKS Krean-ekin batera. Egitasmo honen bidez lurralde biak batu nahi dira, eta lehen edizio honetan, asmoa da gizarte eta enpresa egitasmoen garapena sustatzea, Kenyako landa eremuko komunitateen garapen inklusiboa bultzatzeko eta hiri ingurunearen eta landa ingurunearen arteko desigualtasunak murrizten laguntzeko. “Mind the gap” honetarako, Euskadiko 20 parte hartzailek eta Kenyako beste 20k talde mistoetan lan egingo dute kosorkuntzan jardunez, eta beraien artean lehiatuko dira proposamenik onena nork egin. Prozesu osoan zehar laguntza izango dute, sortzen diren ideiak proiektu bideragarri bihur litezkeela jakinik.

Mundukide - iritzia

Mundukidekook argi daukagu. Predikatzen ari garen eraldaketa soziala ezin da gure ibarrean geratu. Horregatik ari gara lanean elkartasunerako eta eraldaketa sozialerako balioen alde egiten duten eragile kooperatiboekin, denok batera Arizmendiarrietaren ideiekin lerrokaturik jarduteko: “Mugimendu kooperatibista elkartasun irekiko espiritu batek elikatzen du. Helmuga urrun eta goian dago: mundu mailako erregimen kooperatibista eta solidarioa eraikitzea”.

 

 

 

 

 

Eguraldia
Igandea 8 Min: 5
Max: 11
Astelehena 9 Min: 5
Max: 12
Asteartea 10 Min: 4
Max: 13
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak