2030 Agendako GIH helburuak euskaratik aztergai

2030 Agendako GIH helburuak euskaratik aztergai

EUSKARALAN
Euskara Batzordeak eta Mahai Teknikoak 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) euskararen ikuspegitik aztertzeari ekin diote. Hizkuntzaren lekua hizpide hartuta, Otaloran elkartu ziren, urriaren 30ean, MONDRAGON Korporazioko euskararen organo korporatibo biak.
2020/01/03

Batzordekideek eta mahaikideek lehen gogoetei ekin aurretik, Uxune Alustiza Emuneko Enpresen Gizarte Erantzukizunerako aholkulariak eta Ibon Antero MONDRAGONen Eraldaketa sozialerako ekintzen koordinatzaileak hitzaldi bana eman zuten: alde batetik, 17 GIH helburuek zehatz mehatz zer dioten, hizkuntza nola kokatzen den eta Euskal Herriko agendek zer jaso duten azaldu zen, eta, bestetik, MONDRAGONek zer bide lantzeari ekin dion.

Ekitaldian garbi geratu zen GIHek hizkuntzen gainean ez dutela berariazko aipamenik egiten; izan ere, mundu mailako itun horretan kultura eta hizkuntza ezberdinen garapenari buruzkorik ez jasotzeko borrokatu ziren herrialde batzuk; besteak beste, Frantziako estatua. 

Alabaina, antzeman dira helburu pare bat gure hizkuntzaren normalizaziorako, nolabait, erabilgarriak izan daitezkeenak: bata, Kalitate oneko hezkuntzari buruzko 4. helburuaren 4. azpi-helburua (Nabarmen areagotzea enplegua eta lan duina eskuratzeko eta ekintzailetzarako beharrezko gaitasunak, batez ere teknikoak eta lanbidekoak, dituzten gazte eta helduen kopurua) eta, bestea, Hiri eta komunitate iraunkorrak xede duen 11. helburuaren 4 azpi-helburua (Munduko kultura‐ eta natura‐ondarea babesteko eta zaintzeko ahaleginak bikoiztea)

Uxunek azaldu zuen bezala, ariketa egitea dagokio helburuok bereganatu nahi dituenari. Lehenbizi, zer egiten dugu helburu bakoitzari dagokionez? Bigarrenik, zer dagokigu egitea? Eta ondoren, zer egingo dugu helburuak lortzeko?

2030 Agendaren gainean eginiko lehen gogoeten artean, nabarmen geratu zen lantzen jarraitu beharreko kontua dela.  

GIHak zer dira?

Nazio Batuek 2015ean onartutako agenda bat da, 2030 Agenda, garapen iraunkorrerako honako 17 helburu dituena: Pobrezia desagertzea, Goserik ez izatea, Osasuna eta ongizatea, Kalitate oneko hezkuntza, Genero‐berdintasuna, Edateko ura eta saneamendua, Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea, Lan duina eta hazkunde ekonomikoa, Industria, berrikuntza eta azpiegitura, Desberdintasunak murriztea, Hiri eta komunitate iraunkorrak, Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, Klima babesteko ekintza, Uretako bizitza, Lehorreko bizitza, Bakea, justizia eta instituzio sendoak, eta Itunak helburuak lortzeko.

Helburu bakoitzak bere azpi-helburuak; 169 azpi-helburu, guztira. Marko orokor bat da, helburu duena baliagarri izatea guztientzat, maila guztietako gobernuentzat, enpresentzat, elkarteentzat eta, oro har, gizarte zibilarentzat.