Iritsi da berregituraketa finantzarioaren unea

Iritsi da berregituraketa finantzarioaren unea

Elena Zarraga, LKS Next taldeko zuzendari nagusia
Berregitura finantzarioak barne hartzen ditu hornitzaileei nola ordaindu, bezeroei nola kobratu edo aktiboen erabileraren optimizazioa. Egungo testuinguruan gako izan daiteke halako planteamendua egitea.
2023/07/06

Esperientzia profesionalak erakutsi dit behar diren erabakiak atzeratzeak erabakiak ez erraztea ez ezik, azkenean testuinguru zailagoan kudeatu behar izatea ere dakarrela normalean. Hala ere, giza izaeragatik, batzuetan proiektu jakin batzuk gauzatzea atzeratu egiten dugu, egunerokoak eramaten gaituelako edo proiektu horiek berez oso motibagarriak ez diren zereginak eskatzen dituztelako.
Horren adibide garbia da enpresan berregituraketa finantzario bati aurre egiteko unea. Kasu askotan, ez zaio horri aurre egiten harik eta geure gain hartutako ordainketa konpromisoei erantzuteko zailtasunagatik premia nabarmena eduki arte.
Pandemiaren krisia gorabehera, eta 2021ean hornidura krisiak ekarritako ziurgabetasun egoera edo 2022an Ukrainako gatazka belikoa, inflazioa eta krisi energetikoaren hasiera bizkortu duena, hor diren arren, ez da, oro har, likidezia tentsiorik izan. 2008ko krisian ez bezala, diru politika espantsiboek eta, horiekin batera, ICOren finantzaketa lerro desberdinak edo antzekoak interes tasa oso baxuekin gaitzeak, Espainiako enpresak anestesiatuta eduki dituzte.
Hala ere, Europako Banku Zentralak pizgarriak kendu dituela eta interes tasak igo direla ikustean, pentsa genezake ziklo aldaketa bat datorrela, diruaren kostuan ez ezik, kreditua lortzeko erraztasunean ere.

Testuinguru desegonkorra

Egia da 2022an Espainiako BPGak %5,5eko hazkundea izan duela. Baina egia da, halaber, moteltze ekonomikoa jada agerikoa dela eta enpresen zirkulatzaile beharrak handitu egin direla, 1970eko hamarkadatik Europan ezagutu ez den inflazioaren ondorioz. Gainera, stockak handitzeko premia ere sortu da, hornidura batzuekin dagoen ziurgabetasunaren ondorioz.
Hori guztia, kontuan hartu gabe inflazioa gure soldata masan ere nabarituko dela nahitaez 2023ko ekitaldi honetan. Izan ere, talentu eskasia eta bizitzaren kostuaren igoera etengabeak, denbora tarte laburrean, oro har, soldaten igoera ekarriko dute. 2021eko eta 2022ko emaitzak onak izan diren arren, ikusmiran dauden ziurgabetasunak handiak dira eta 2019an, COVID-19aren krisiaren aurretik, baino zorpetuago gaude. 2021eko eta 2022ko emaitzak onak izan diren arren, ikusmiran dauden ziurgabetasunak handiak dira eta 2019an, COVID-19aren krisiaren aurretik, baino zorpetuago gaude . Beraz, orain da berregituraketa finantzario ordenatuari aurre egiteko unea. Hainbat faktore dira hori justifikatu eta gomendatzen dutenak: lehenengoa, hornigaien stock handiak edukitzeko premia horniduren ziurgabetasun handiagatik, eta horrek, halaber, arrisku handia bere gain hartzea ekartzea eskaerak behera egin dezakeelako; bigarrena, interes tasen igoera handiak, zorraren kostua handituko dutenak; hirugarrena, datozen hilabeteetan, inflazioaren maila altua izango dela oraindik ere; laugarrena, ekonomia geldotzea eta norbere bezeroak berankorrak izateko arrisku handiagoa; bosgarrena, eskariaren balizko beherakada, diru politiken murrizketaren ondorioz; seigarrena, kreditua lortzeko zailtasun handiagoak ziur asko; eta azkena prozesuak digitalizatzeko eta optimizatzeko inbertsioei aurre egiteko premia.

Berregituraketa ordenatua

Argi dago orain dela unea, egoera zaildu baino lehen, eta horri aurre egite aldera, hazten eta jarduera normaltasunez garatzen jarraitu ahal izateko. Baina zer da berregituraketa finantzario bat? Eta zer behar da, gainera, berregituraketa ordenatua izateko?
Berregituraketa finantzarioak esan nahi du zorrak taldekatzea, bankuekin birnegoziatzea eta hitzartutako baldintza batzuetan oinarrituta epeak handitzea, baina ez hori bakarrik. Berregituraketa finantzario batek honako hau ere baloratzea eskatzen du: hornitzaileei ordaintzeko moduak; bezeroei kobratzeko moduak; enpresaren finantzaketan eragile berriak eta funtsak sartzea komeni den; confirminga edo factoringa bezalako formulak erabiltzea komeni den; enpresaren aktiboen erabilera optimizatzea (makinak, eraikinak, etab.), dela diru sarrera berriak lortzeko, dela enpresan likidezia handiagoa lortzeko tresna gisa (leasebackaren edo beste figura batzuen bidez); erabili gabeko hainbat aktibo working kapital bihurtzea, etab.
Berregituraketa finantzarioak esan nahi du zorrak taldekatzea, bankuekin birnegoziatzea eta hitzartutako baldintza batzuetan oinarrituta epeak handitzea, baina ez hori bakarrik

Horretaz guztiaz gain, berregituraketa ordenatua izan behar da, haren formulazioak enpresaren etorkizuneko garapena ez baldintzatzeko. Berregituraketa prozesuan kontuan hartu beharko da zenbaterainoko eragina izaten ari diren gaurko erabakiak enpresen etorkizuneko garapenean. Enpresak zenbakizko plan batean oinarrituta duen posizio finantzarioaz haratago landu behar da proiektu hori, eta bankuekin, hornitzaileekin, bezeroekin, inbertitzaileekin eta berregituraketa finantzarioan parte hartzen duten eragile guztiekin hartutako konpromisoekin lotutako kontratu alderdiak ere jaso beharko ditu. Alderdi horiek behar bezala negoziatzea eta haien inplikazioak ezagutzea eta kontuan hartzea funtsezkoa da enpresaren etorkizuneko estrategia garatzeko.

Azken batean, enpresaren garapen estrategikoa ahalbidetuko duen berregituraketa finantzarioaren prozesu ordenatu bati ekiteko, beharrezkoa da plangintza egokia egitea, eta garaiz egitea, tentsio egoerei aurrea hartuta, askotariko aukerak eta soluzioak baloratzen inbertituta eta estres egoera baten erdian berregituraketari aurre egitea saihestuta, eta alderdi ekonomikoak, juridikoak eta etorkizuneko negozioa garatzekoak kontuan hartuko dituen ikuspegi holistikoa izatea.