Galdu da espiritu kooperatiboa? (VI)
Arizmendiarrieta bultzatzailea, gizartea aldatu nahian, enpresa formula berri baten bila zebilen. Enpresa industrialei zegokienez, ezagutzen zituen produkzio kooperatibak, baina historian zehar ez ziren oso oparoak izan. Bestalde, ez zituen gutxiesten Elkarte Anonimoek izan zitzaketen onurak. Horrela, Ulgor-erako diseinatzen ari zen estatutuen bertsio baten izenburua, 1956an, “Estatutos de la Sociedad Talleres Ulgor, S.A.” da. Arizmendiarrietak egin zuena esperimentu bat izan zen. Baina orduko legedian ez zuen lekurik. Ulgor produkzioan hasi eta hiru urtean –1956tik 1959ra– ibili ziren fundatzaileak eta Arizmendiarrieta Madrilera aurrera eta atzera, agintariek ordura arteko “Ulgor” soilik zenari “Ulgor, Sociedad Cooperativa” izen legala eman arte.
Esanguratsua da 1966an Fernando Elena kooperatibismoan adituak (Toledo, 1933) idatzi zuena: «Todavía para muchos (…) el grupo cooperativo de Mondragón constituye una auténtica desviación del movimiento cooperativo ortodoxo. (…) Por ello me he permitido dedicar un capítulo entero… Para que después podamos juzgar con conocimiento de causa si es o no cooperativismo aquello. Quizá, incluso, para que cada uno podamos llegar a la conclusión de que, si no es cooperativismo, es mejor y más eficaz que el cooperativismo lo que están haciendo».
“Esperimentua izanik, apustu pertsonala ere bazen sortzaileentzat kooperatiben bidea: inork aurretik erabili gabeko enpresa formula bat abian jartzea”
Esperimentua izanik, apustu pertsonala ere bazen sortzaileentzat. Beraien lanpostua alde batera utzi, ardura handiko karguak (Unión Cerrajeran, besteak beste), eta bide ezezagun bati ekin zioten: inork aurretik erabili gabeko enpresa formula bat. Hegazkina asmatu zuten Wright anaien esaldia ekar daiteke hona: “Isn’t it astonishing that all these secrets have been preserved for so many years just so we could discover them!”. Parafraseatuz, sortzaileek esan lezakete “Ez al da harrigarria sekretu hori horrenbeste urtez gordeta egon dela guk deskubritu dugun arte!”. Ekonomikoki eta sozialki eraginkorra den enpresa eredua deskubritu zuten.
Proiektura batu ziren pertsonek ez zekiten zer zen kooperatiba bat. Ez zekiten ere zer zen espiritu kooperatiboa. Eta funtzionatu zuen.
Eta funtzionatzen du.