“Oraindik ere amets bat da lortu dudan guztia”

“Oraindik ere amets bat da lortu dudan guztia”

Musikaria, oraintsu kaleratu du bere lehendabiziko lana, 'Ilun eta abar'. Zortzi kantek osatzen dute Aramaioko musikariaren diskoa eta gehienak euskaraz idatzita daude. Biran murgilduta, egoerak gainezka egiten diola onartzen du.
2021/07/01

Esaten badizut zure burua aurkezteko, nola definitzen zara?

Idoia Asurmendi 20 urteko aramaioarra da, musikaren industria gertutik ezagutzen ari dena momentu honetan, profesionala bezala, nahiz eta musikari betidanik sentitu izan.

Ilun eta abar diskoa aurkeztu duzu eta giran murgilduta zaude. Zer moduz? Nola sentitzen zara?

Lehendabiziko lana aurkeztu eta ezagutzera emateko prozesuan erabat murgilduta gaude. Sentipen aldetik, oso kuriosoa da ikustea nola heltzen den zure musika ezagutzen ez dugun pertsonengana. Orain arte, familia eta lagun artean aritu izan naiz baina bat batean oholtza berrietara igo eta antzokia beteta ikustea zirraragarria da. Horrek guztiak erantzukizun handiagoa dakar, baina sentimenduak ere biziagoak dira.

Dena dela, eszenatokian ez zara berria. Orain profesional modura ari zara, baina aurretik be hainbat eta hainbat aldiz igo zara eszenatokira ezta??

Bai, horrela da. 13 urte nituela igo nintzen lehen aldiz, Aramaion. Zentzu honetan, zorte handia izan dut, izan ere herrian zaletasun handia dago eta musikari asko daude, eta giro horretan aritzeak asko lagundu dit. 

Oso gazte hasi nintzen kontzertuak ematen herriz-herri, beti gustuko bertsioak abestuz. Orain arte ez dut aukerarik izan nire abestiak sortu eta abesteko. Nire ametsa egia bihurtu da eta zerbait aldatu dela somatzen dut!

Musikaria sentitzen zara. Zer da musika zuretzat? Eta egunerokoan zer ematen dizu musikak?

Musika betidanik izan da nire afizioa eta pasioa, baina orain ofizioa ere bada eta ikasketa ere bihurtu da. Ez dakit arrazoia hori den, baina musikak beste gauza guztiak ez bezalako zerbait ematen dit.

Bizi garen mundu zoro eta azkarrean, musikak deskonektatzeko eta horretan bakarrik arreta jartzeko aukera ematen dit: jo eta kantatu.

Asko gustatzen zait, eta, aldi berean, asko laguntzen dit!

20 urte, musika ikasten ari zara, espezializatzen... bizitza osoa aurretik eta etorkizun oparoa. Zure etorkizunean pentsatzen duzu? non ikusten zara?

Batzuetan bai, pentsatzen dut! Musikarekin lotuta ikusten naiz, baina ez dakit zertan. Musikaz ari garenean beti oholtza gainean irudikatzen dugu baina badira beste hainbat arlo. Gaur egun, musika-pedagogia ikasten ari naiz eta fazeta berriak aurkitzen ari naiz, musikarekin lotutako aukera berriak. Dena dela, bizitzen ari naizen honetan zentratu nahi dut eta iritsiko dira proiektu eta plan berriak. Ez dut presarik!

Kolaborazio eta lagun askorekin partekatu duzu zure proiektua. Ametsetan norekin abesten duzu?

Uf, ez dakit! Amets izan diren batzuk errealitate bihurtu dira dagoeneko! Hurbileko pertsonengandik hasita, nire ahizpekin kantatzea plazerra izan da, esate baterako.

Horrez gain, niretzat erreferentea den Eñaut Elorrietarekin abestea ere ametsa zen eta “25. artikulua” kanta berarekin abesten dut. Baina, orain dela hilabete batzuk erantzungo nizun ametsetan Euskadiko Orkestrarekin abesten nuela eta, begira, niretzat oraindik ere amets bat da hori lortu izana!

Eskerrak emateko unea orain. Nori eman nahi diozu eskerrak? Ibilbide honetan, pertsona asko izan dugu aldemenean ezta? Nork sinistu izan du beti zugan?

Bidelagun izan diren guztiak ditut gogoan! Ez ditut izenak eman nahi baina diskoan parte hartu duten guztiei, nire ingurukoei, etxekoei, lagunei, niregana hurbiltzen diren guztiei… inoiz baino gehiago baloratzen dut pertsona on eta positiboak izatea aldamenean!

Famatua egin zara bapatean, denbora laburrean gainera. Nola daramazu??

Bapatean famatu bihurtzea ez da erraza; fama gestionatzen jakin behar da eta horretan ari naiz, burua prestatzen eta moldatzen, poliki-poliki! zaila egiten zait gertatzen ari dena barneratzea, ospearen pisua, ezagutzen ez dudan pertsona batek nirekin argazki bat egin nahi duela ulertzea... Hala ere, horren guztiaren gainetik oso pozik nago, egin dugun lanarekin eta lortzen ari garen emaitzekin, zalantzarik gabe!

Musikaz aparte, zer gustatzen zaizu egitea?

Diskoa grabatzen egon garen bitartean izan dudan zoramenaren ondoren, orain plan lasaiak gustuko ditut: hondartza inguruan paseatu, irakurri... eta batez ere lagunekin egon.