“Iraunkortasunaren arrakasta lan taldean dago, eta zentzu honetan beste erronka handi bat talentuaren garapena da”

“Iraunkortasunaren arrakasta lan taldean dago, eta zentzu honetan beste erronka handi bat talentuaren garapena da”

Ekain Arrizabalaga, Danobat-Overbeck-eko zuzendari orokorra da.
2021/04/09

Donostiarra, ingeniaritza industriala ikasi ondoren proiektua burutu zuen Danobaten eta gero bertan lanean jarraitzeko aukera izan zuen. Houstonen (AEB) lanean bi urte eman ondoren, Alemaniako proiektua kudeatzea proposatu zioten, eta duela ia lau urtetik Danobat-Overbeck-eko zuzendaria da.

 

Zein da Alemaniako planta/lantegiaren egoera? zein da merkatua, proiektuak, bezeroak? Eta nola eragin dizue pandemiak?

Uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea talde mailan, Danobat-Overbeck-ek, estruktura, produktu eta teknologia propioa dituela, Danobaten prezisioko soluzioen eskaintzaren parte bezala, artezteko makinak garatzen ditugu. Era berean, Europa erdi-erdian kokatuta gauden heinean, merkatu traktorean, gure azpiegiturak Danobat talde osoaren produktua sustatu eta lantzen ditu.

Bestalde, azken urteetako eboluzioari erreparatuta, garai ona bizi izan dugu, oso proiektu handiekin, seguruenik egoera ekonomiko onak eraginda. Hala ere, helburua beti izan da modu jasangarrian haztea, pausuz pausu. Langilegoari dagokionez, adibidez, 2002an 60 pertsona ginen eta gaur egun 100 inguru. Eta horixe izango da aurrerantzean ere helburua, urratsak finkatu eta poliki-poliki errotuz joan.

Egia da 2020a motelagoa izan dela, nahiz eta fakturazio aldetik ez dugun jaitsiera nabarmenik izan. Baina, epe ertain-luzean egin beharreko inbertsioetan nabarituko dugu seguruenik horren ondorioak.

Eta zeintzuk dira enpresaren erronkak etorkizunera begira? 

Aurretik aipatutakoaren harira, lehendabiziko erronka gure merkatuetan indartzea eta kontsolidatzea da, hau da, Txina, Estatu Batuak eta Europan prezisioko soluzioetan erreferente bihurtzea. Eta, orain arte bezala, Danobat taldeko bestelako produktuen euskarri izaten jarraituko dugu.

Horrez gain, kontuan izan behar da gure plantak laster ehun urte beteko dituela, nahiz eta Danobatek 2002an erosi zuen. Iraunkortasunaren arrakasta lan taldean dago, eta zentzu honetan beste erronka handi bat talentuaren garapena da. Honen harira, urte asko daramatzagu pertsonak formatzen, enpresaren esparruan, eta horixe da, gure ustez, etorkizunerako lan taldearen gakoa eta baita motibaziorako formula ere.

Lanerako eta eguneroko harremanetarako, nolakoak dira alemanak?

Gure sektorea, ingeniaritza eta teknologia, oso espezifikoa eta teknikoa da eta alemanak ere horrelakoak dira. Oro har, oso perfil teknikoa dute, salmenta sarean beti argudio teknikoak eskertzen eta exijitzen dituzte, alderdi komertzialen gainetik eta normalean, egoera ekonomikoa aldekoa den heinean, finantziazioa solidoagoa izaten da beste merkau batzuekin konparatuz. 

Eta lan arloan nolakoak diren kontuan hartuta, esan dezakegu eguneroko bizitzan ere parametro horiekin jokatzen dutela. Bizitza ikusteko ere analitikoak dira, eta gauzak ondo egitea gustuko dute.

Zenbatean behin etortzen zara etxera? Mantentzen duzu hemengoekin harremana? 

Lan kontuengatik asko tokatzen zait mundu mailan alde batetik bestera mugitzea eta Danobatera ere sarritan joan izan naiz. Orain arte, proiektu ezberdinak eta plan estrategikoak direla medio, bi-hiru hilean behin joaten nintzen Elgoibarrera, beraz, familia eta lagunekin ere maiz mantendu izan dut harremana.

Egia da azken urte honetan gauzak era bat aldatu direla eta askoz gutxiago bidaiatu dudala, eta gehienetan kotxez. Edozein modutan ere, Euskadin dudan lagun eta familiarekin harremanak mantentzen ditut teknologia berrien bitartez.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure planak? Baduzu etxera bueltatzeko asmorik?

Betidanik esan dut, donostiarra bezela, ni eta nire familia etxera bueltatuko garela. Hala ere, momentu honetan Danobat-Overbeck proiektuan barneratuta nago eta ziklo oso erabakigarria bizi dugu. Horregatik noiz eta nola izan ere hori denborak eta egoerak markatuko du.

Elkarrizketa martxoan kaleratu den aldizkarian publikatu da: https://www.tulankide.com/es/2021-1_616