2018-01-20T17:52:14+01:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

MONDRAGONeko kooperatibak Euskaraldirako prest

2018/01/04

Ekitaldi eta ekintza ugari izan dira Korporazioan euskararen nazioarteko eguna ospatzeko. Lan giroan garatze aldera, kooperatiba gehienek ostiralera aurreratu zuten abenduaren 3ko ohiko ospakizuna.
MONDRAGONeko kooperatibak Euskaraldirako prest

EuskaraLAN

Kooperatibek tinko dihardute euskara lan eremuan ere zabaltzen joan dadin; hots, euskaldun jendeak lanean ere garapen osoa izan dezan. Izan ere, printzipio kooperatiboen artean, gizarte eraldaketari dagokion atalean, “Euskara, hizkuntza nazionala den aldetik, eta euskal kultura suspertzen laguntzea” jasotzen du MONDRAGONek. 

Euskaraldia

Euskara planak 63 kooperatibatan

Bada adierazlerik baieztatzeko kooperatiba gehientsuenak, euskararen normalizazioa xede izanik, urrats sendoak ematen ari direla. Egun, 63 kooperatibak dute indarrean euskara planen bat (plan guztien heren bat baino gehiago) eta horietako 34 kooperatibak Bikain ziurtagiriren bat eskuratu dute (11 urre, 21 zilar eta 2 oinarrizko). Gainera, lan hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatzeko eta gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Euslan egitasmoan diharduten 12 enpresetako 9 MONDRAGON Korporazioko kide dira.

Aurrerabidea ondorioztatu daiteke, halaber, Korporazioko euskara normalizatzeko oinarrien (ENO) gainean kooperatibek eginiko azken autoebaluazioen emaitzetatik. Euskara plana duten kooperatiben %11k nagusiki euskara du lan-hizkuntza eta laurden batek (%26k) euskara eta erdara antzera dute. Prestakuntzari dagokionez, euskara plana duten kooperatiben erdiak baino gehiagok (%55ek) euskara ikasteko aukera ematen die nahi duten lankide guztiei, eta laurden batek (%26k) lankide batzuei eskatu ere egiten die. Promozio eta kontratazioari erreparatuta, kooperatiben heren batek baino gehiagok (%36k) euskara kontuan hartu du, %13k derrigorrezkotzat jo du kontratazioan, ia laurden batek (%21ek) derrigortasuna lanpostu batzuei aplikatu dizkie eta %19k lanpostu guztiei; gutxi batzuk dira diotenak euskara ez dutela kontuan hartu urtean izandako kontratazio edo promozioetan.

Oraindik ere asko izanik egiteko dagoena, handia da urratu den bidea, are handiagoa lortuko dena. Bien bitartean, baina, ospakizunek bete izan zuten, aurten abenduaren 1ean, euskararen nazioarteko eguna: hamaiketakoak, zizka-mizka edo luntxak, mota guztietako lehiaketak, sari banaketak, euskararen erabilera neurketaldiak, ahobizi eta belarriprest egitasmoen aurkezpenak, kafea debalde euskararen alde, 365 egun euskaraz katiluak eskuragarri, hitzaldiak, hausnarketa saioak, ez itxi kremailera euskarari karteratxoak opari etab…

Abenduaren 1ean eginiko ekintza batzuk

■■Electra Vitorian sarreran euskal musika bideoklipak entzungai eta ikusgai, hamaiketakoa, euskaraz hitz egiteko gonbidapen kanpaina, lehiaketako sari banaketa…

■■Altsasukon hamaiketakoa,  euskararekin loturiko bideoren baten proiekzioa eta belarriprest eta ahobizi dinamikaren aurkezpena eta praktikan jartzea.

■■Ederlanen kafea debalde euskararen alde eta atseden guneetan lankideen arteko mezu jolasa.

■■Fagor Industrialen euskararen astea osatu dute hainbat ekintzarekin “Bertsorik onena” lehiaketa, “Non egongo gara 2030ean?” hausnarketa saio irekia, Markel Irizarren hitzaldia, euskara eskoletakoei esker ona.

■■DANOBATGROUPen Euskara aldean, erabili lanean kanpaina eta Taldeko kooperatiba bakoitzaren herrietako euskara aldizkarietan publizitatea eta euskara planaren nondik norakoen berri ematea, lehiaketa eta guzti.

■■DANOBAT kooperatiban kafemakinetan kafea doan, langileen argazkia, Jakoba Errekondoren hitzaldia, euskaraz idatzitako emailen bilketa eta neurketa egun osoan zehar eta euskal kulturako produktuen trukea.

■■LKS kooperatibetan Ezetz asmakizuna asmatu? lehiaketa eta mokadua.

■■ULMA kooperatibetan kafea doan, 5 galderako lehiaketa.

■■Fagor Arrasaten egutegietarako eslogan lehiaketa, Euskara mingainean pegatinak, hornitzaileei jakinarazpena aurrerantzean erabiltzen duten aplikazioko dokumentu guztiak euskara izango dutela lehenetsita, neurketaldiak, kafea eta madalenak doan, errekonozimendu sariak.

■■Fagor Elektronikan kafea doan eta atseden guneetan Euskarak 365 egun katiluak eskuragarri.

■■MONDRAGON Zentro Korporatiboan Euskarazko gustuko hitzekin murala, zozketa, erabilera datuen aurkezpena, Euskaraldia eta Prest egitasmoaren aurkezpena eta zizka-mizka.

■■Auzo Lagunen argazki lehiaketaren sarien banaketa, neurketa abisatuaren emaitzen zabalkundea, Euskaraldia eta Prest egitasmoaren aurkezpena eta hamaiketakoa.

■■IDEKOn kafea doan, eta lankideek egindako gozoak eta Aitzol Galletebeitiaren hitzaldia

■■SORALUCEn kafea doan eta lankideek egindako gozoak, lankideen arteko argazkiak, barne bisita euskaraz fabrikazioan dauden makina handi eta bereziak ikustera, bazkalorduan euskaraz hitz egiteko txartelak jantokian…

■■SARETEKNIKAn hamarretakoa eta lehiaketa. Barazkiak ekologikoen otarraren lehiaketa: barazkiak euskaraz adierazi eta preziora gehien hurbildu denak otarra etxera.

■■LagunAron eguneroko terminologia hitzak azalean daramatzan koadernoa opari lankide bakoitzari eta Elikadura eta sentimenduak hitzaldia.

■■Osartenen tupper osasungarrien inguruko lehiaketa, luntxa eta LagunArokoekin batera hitzaldia.

■■Fagor Automationen kafea debalde euskararen alde, mahai gaineko 2018ko egutegien banaketa eta 2017ko kale neurketen emaitzen zabalkundea.

■■Mapsan kafea doakoa eta Zifra eUSkutua lehiaketa abiatzea, euskara eta matematikak uztartzen dituen egitasmo sinplea.

■■Fagor Ederlan Tafallan kafea doakoa, lehiaketa eta jantokian menu berezia.

■■Eikan kafea doan, lankideei karteratxo bat opari Lea Artibain Aurrera Berbie logoarekin eta ez itxi kremailera euskarari mezuarekin, baita Maierren eta Cikautxon ere.

■■IK4 Ikerlanen euskararen alde, kafea debalde etaeuskararen egunerako asmatutako ipuin baten hasierari amaiera ematea eta amaierarik ederrenaren aukeraketa.

■■MGEP campus guztietan euskaraz bizitzeko aholkuak dituzten mantelen banaketa jantoki guztietan eta zenbait lehiaketa, besteak beste, piropo lehiaketa. Arrasaten neurketa abisatuak eta emaitzen zabalkundea. Orona Ideoko campusean, euskararen ginkana.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak