2017-10-24T06:07:47+02:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

Ederlan hizkuntza ohiturak aldatzeko prest

2017/07/13

Euskaraz entzun eta hitz egin nahi dutenek euren arteko hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko dinamika jarri dute martxan Fagor Ederlanen.
Ederlan hizkuntza ohiturak aldatzeko prest

Euskaralan

Azken urteotan hizkuntz ohiturak aldatzeko dinamika herritarrak ugarituz joan dira. Hala, Donostiako Egia auzoan, Lasarten edota Agurainen martxan jarritako dinamikak hedatzen hasi arte. Herri horietako emaitzen bila Fagor Ederlanen ere heldu diote erronkari.

Denbora tarte baterako, hiztunak rol bat hartu eta hori betetzea da erronka. Euskaraz ulertzea da parte hartzeko ezinbesteko gaitasun bakarra, eta noski, euskaraz bizitzeko ahalegin txiki bat egiteko borondatea. Erraza da ariketa: batzuk Belarriprest izatea erabakiko dute, euskaraz entzutea izango da beraien lana. Eta beste batzuk, berriz, Ahobizi izango dira, ulertzen duen guztiari euskaraz egingo diotenak. Batzuek zein besteek hautatu duten rola ageri den txapa bat eramango dute paparrean erronkak dirauen artean, izan hilabete bat, bi edo hiru. Horrela, elkarri baimen antzeko bat emango diote batak besteari euskaraz hitz egin eta entzuteko. Eta era berean, babesa ere izango dute, bakarrik ez dihardutenaren erakusle.

Esperientzia berriak

Irten armairutik eslogana erabili zuten Lasarten dinamika honen berri emateko. Eta hain zuzen ere, partehartzaile askoren ahotan entzun dugu gerora, balorazioetan, esamolde hori. Nolabait, armairutik irtetearen antzekoa dela aipatu dute askok: “Bat batean euskaraz hasi naiz lehenago gaztelaniaz hitz egiten nuen jende askorekin. Eta nire harridurarako, beraiek ere euskaraz erantzun didate.” Beste askok lasaitasuna azpimarratu dute, antza, Ahobizi txapa jarri aurretik ezezagun bat hurbildu bakoitzeko zalantza sortzen zitzaien zein hizkuntzatan hitz egin hari; behin txapa jarrita zalantzak uxatu eta beti euskaraz hasi dute elkarrizketa.

Belarriprest izatea hautatu dutenek ere gozatu dute esperientzia. Lehenago sarri euskal hiztunak ere eurengana gaztelaniaz nola zuzentzen ziren ikusteaz asper-asper egindako askok euskara mordoa jaso dute oraingoan. Orohar, hortaz, alde onak baino ez dituen dinamika dela baloratuta, Fagor Ederlango Euskara Batzordeek lantegira ekarri dute esperientzia.

Martxa onean

Hasieratik anbizioz jokatu eta ez zuten erronka makala jarri. Fagor Ederlango negozio bakoitzean euskaraz ulertzen zutenen erdiek parte hartzea lortu nahi zuten eta lehen helburu hori lortzeko oso gertu daude. 590 parte-hartzaile nahi zituzten Euskara Batzordeetako kideek, eta 560 pertsonek eman dute izena.

Hilabetez jolasean

Maiatzaren 15ean hasi eta ekainaren 16an bukatu da jolasa. Ikusteko dago, gero nola segituko duen. Hala ere, dagoeneko zertxobait nabari dela diote parte hartzaileek. Hizkuntza ohiturak aldatzen ez da erraza, aldaketak orokorrean errazak ez diren bezala, baina behin aldaketa eman denean, erakutsi da garrantzitsuena: posible dela

Ruben Beitia | Emuneko aholkularia

Ederlanen euskaraz normaltasunez egitea posible izan dadin baldintzak sortzen lan handia egin da azken urteetan. Baina badakigu horretaz gain erabilerari berari ere egin behar zaiola tira, erabilerak erabilera dakareta, hau da, gaur euskara erabilita bihar erabili ahal izateko baldintzak sortzen ari naiz. Horretarako baina, langileak aktibatu beharra dago eta horretan laguntzen duelako jarri dugu martxan Prest dinamika. Dinamikak, masiboa den aldetik, euskararen erabilera handitzeko urratsak emateko prest dauden langileak bistaratzen lagundu digu, eta bestetik, ahobizi edo belarriprest rolak hartuta, norbera egiteko prest dagoen horixe egiteko aukera eman die parte-hartzaileei. Beraz, balio du norbere hizkuntza portaerez jabetzeko eta norbere ondorioak ateratzeko, eta baita gaia lankideen artean lantzeko ere; oso garrantzitsua da hori. Jakina, helburua da ahobizi edota belarriprest rolak barneratu ditzala bakoitzak eta egunerokoan erakustea, baita behin dinamika amaitu denean ere. Horretan asmatu beharra dugu, baina dudarik ez, urrats garrantzitsua izan da Prest.

 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak