2017-10-19T20:13:03+02:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

“Sare-haizea” dabil

2014/12/18

Informatika, software, internet, domeinuak… sare-haizea dabil udazken honetan. Euskaralan atal honetan jaso ditugu sare eremu horren bueltan antzemandakoak.

Webguneen bi herenak euskaraz Korporazioan

Korporazioko Euskara Batzordearen gidaritzapean diharduen Mahai Teknikoak, MONDRAGONen Euskara Normalizatzeko Oinarriak aintzat hartuta, euskararen presentzia aztertu du Korporazioko kooperatiben web guneetan.

Honako emaitza jaso da: MONDRAGONeko kooperatiben %70ak euskaraz, behintzat, badu bere webgunea; horietako gehienak euskara plandunak dira (%68).

Webgunea erdaraz, egun, 30 kooperatibak dute, gehienak euskara planik gabekoak  (%63).

Portzentaje dantza honekin amaitzeko, nabarmendu behar da euskara plana duten %81ek webgunea euskaraz badutela, eta ia heren batek euskara planik ez izan arren webgunea euskaraz ere badu.

Webgunea erdaraz duten kooperatibetako lehendakariei, eta dagokien kasuan euskara koordinatzaileari ere, euskaraz ipintzera gonbidatuz mezua igorri zien MONDRAGONek.

Eginiko gonbidapena bat dator MONDRAGONek euskararekiko hartutako zenbait konpromisorekin.  Alde batetik, MONDRAGONen 8. printzipio kooperatiboak (1987), besteak beste,  “euskara suspertzen laguntzea” du jasota.  Bestetik,  Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak onartutako Euskara Normalizatzeko Oinarriak (2006) honakoa du helburu nagusitzat: “Bazkide eta langileak oinarri hartuta, horiek eta bezero, kontsumitzaile, hornitzaile, erakunde eta gizarteak oro har euskararen aukera bermatua izatea”.

Kooperatibetara bidalitako iradokizun mezuan jasotakoari helduz, “Bezeroa edo hornitzaileaz gain, gizarte osoa da webguneen hartzailea, eta webgunea, enpresaren irudiaren isla den heinean, hizkuntza eskubideekiko eta gizartearekiko konpromisoaren adierazle ere bada. Hizkuntza gehitzeak balioa eranstea baino ez dio eragingo  web guneari, eta erabiltzailearen gogobetetzea edo leialtasuna hobetzeko ere baliagarria izan daiteke”.

Euskara plana izan arren webgunea erdaraz duten kooperatiben erdiak, dagoeneko, euskaratzeko aurreikuspen edo asmoa agertu dio MONDRAGONi.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak