Kolaborazioak

Gazteak eta input mediatikoa: ikerketa-proposamena

2020/01/27

KoLaborategiak ikerketa bat hasi du 2019ko irailean, nerabeek sare sozialekin duten harremana ikertzeko eta jardun egokiak proposatzeko.

Ez da kontu berria gazteena eta pantailena: Kata­luniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak 2004an Katalunian bertan eginiko ikerketaren arabera (Gu­bern, 2013: 406an aipatua), adibidez, Kataluniako umeek urtean 990 ordu eman zituzten telebista au­rrean eta 960 ordu ikasgelan. Pantailek eskolak be­rak bezainbat edo gehiago hezten dituztela gazteak, alegia.

Horregatik, hain zuzen, Unescok Mapping media education policies in the world (2009) eta Media and information literacy curriculum for teachers (2011) lanak plazaratu zituen duela urte batzuk. Europako Batzordeak (2009: 2), berriz, modu honetan definitu zuen alfabetatze mediatikoa garai berean: «Media literacy relates to the ability to access the media, to understand and critically evaluate different aspects of the media and media content and to create com­munications in a variety of contexts». Alfabetatze mediatikoa ikastetxeetan lantzea ere aholkatu zuen lan horretan.

Mondragon Unibertsitateko KoLaborategiak azter­tuko ditu Gipuzkoako gazteen esperientziak, eta ho­riek baliatuko dira ondoren administrazio publikoa­rekin batera sare sozialen inguruko politika berriak idazteko.

Aholkuak aholku, Andaluzian eginiko ikerketa ba­tean, Aguaded, Marin eta Diazek (2015) ondoriozta­tu zuten populazio-segmentu hori ez dagoela media­tikoki alfabetatuta, eta Gabelas eta Lazo ere (2011) ondorio berera iritsi ziren Aragoin urte batzuk lehe­nago. Bi ikerketa horiek, dena dela, inkestetan oina­rrituak dira; Buckingham eta bestek horren harira diote arlo horretako ikerlanetako asko tankera ho­rretakoak direla, eta eransten dute ikerketa horiek behaketa zuzenekin osatu behar liratekeela:

In terms of methodology, the review finds that a great deal of research in the field is based on self-reporting, and recommends that there should be more observational studies that explore how media literacy is used in everyday life. In relation to education, there is a need to develop new ap­proaches to assessing the effectiveness of media education in influencing media use outside the classroom. (Buckingham et al., 2005: 8).

Euskal Herriari dagokionez, euskal gazteen alfabe­tatze mediatikoari buruzko lehen ikerketak ohiko ikus-entzunezkoetan eta eskola-testuinguruan zen­tratu izan dira batik bat (ikus, adibidez, Basterretxea et al., 2006 eta 2007, edota Ramirez de la Piscina et al., 2010). Azken hamarkadan, aldiz, zabaltzen joan da iker-eremua, gazteen sare sozialetako jar­dunera iristeraino (Gazteen Euskal Behatokia, 2012; Diaz, 2014; Pavon, 2014; Astigarraga, 2017; Fernan­dez de Arroyabe et al., 2017; Fernandez de Landa 2017; Bolibar et al., 2018). EHUren eta Unescoren Komunikazio eta Hezkuntza Balioak katedraren lana ere (erreferentziala arlo honetan) gazteen telebista-kontsumoaren azterketan zentratu zen estreinako urteetan, baina gaur egun emanagoa da Interneteko arriskuak eta nerabeen jarduna ikertzeari.

GAZTEEN MOTIBAZIOAK EZAGUTU

Argi dagoena da gaia boladan dagoela; batetik, he­dabideetan: BBCk, berbarako, bere Media Literacy Strategy propioa plazaratu zuen 2013an, eta EITB taldeko hainbat komunikatzailek ere hitzaldiak eman dituzte hainbat ikastetxetan, EITB taldeak 2018an abiatutako inFORMAZIOA kanpainaren barruan; bestetik, geroz eta ikergune gehiagoren ardatz ere bihurtu da gai hau (Kanadako Media Smarts. Canada’s Centre for Digital and Media Lite­racy modukoetan, konparazio batean): hezkuntza mediatikoari buruzko geroz eta lan akademiko eta doktorego-programa gehiago plazaratzen da, eta lan-eskaintzetan ere isla geroz eta nabariagoa dauka kontuak (geroz eta maizago ageri dira Media Repre­sentations of Higher Education Students tankerako doktorego-bekak edota Media literacy in the work­place eta gisako profiletako ikertzaile-lanpostuak).

Izan ere, belaunaldi berria izendatzeko moduak go­rabehera (natibo digital, Y belaunaldi, millennial), kontua da kontsentsu handi samarra dagoela baiez­tatzerakoan Internetek eta sare sozialek komuni­katzeko modu eta kodeak aldatzea ekarri dutela, eta batez ere belaunaldi gazteenarengan dela hori nabarmena, aurreko belaunaldiekin alderatuta gaz­teek elkarrekintzarako beste gako eta bide batzuk baliatzen dituztelako.

Aldaketa ororekin gertatu ohi den moduan, belau­naldi berriaren komunikazio-kodeei dagokienez ere askotariko iritziak daude: ikertzaile batzuek sare sozialetan diharduten gazteen arreta-galera (Carr, 2010), enpatia-galera (Gardner & Davis, 2013) edota elkarrizketan jarduteko gaitasunaren galera (Turkle, 2015) azpimarratzen dute; beste batzuen ustez, al­diz, gazteen gaitasun sortzailea eta elkarlana area­gotu daitezke baliabide berriei esker (Shirky, 2010; Gardner & Davis, 2013). Edozelan ere, Davis eta bes­tek (2017) dioten moduan, nerabeez eta teknologiaz jarduterakoan sinplifikaziorako joera saihestu beha­rra dago, aldagai askok eragiten baitute arlo konple­xu horretan.

Gardner eta Davisek (2013) hiru ardatzetan oinarri­turik ikertu zuten arlo hori The App Generation lan erreferentzialean (egile horien ustez, gazteen bizi­moduan teknologia digitalek hiru alderdi horiei era­giten dietelako gehien):

1. Identitatea (arlo pertsonala)

2. Intimitatea (harremanen arloa)

3. Imajinazioa (nola baliatzen dugun gure gaitasun sortzailea)

Young People, Ethics and the New Digital Media la­nean (James et al, 2009), berriz, bost dimentsio ai­patzen dituzte egileek (zeinak, bide batez esanda, ez baitira askorik aldentzen Gardner eta Davisek aipa­tutakoetatik):

1. Identitatea

2. Pribatutasuna

3. Jabetza eta egiletza

4. Sinesgarritasuna

5. Parte-hartzea

Sonia Livingstonek eta Daniel Kardefelt-Wintherrek koordinaturiko Global Kids Online proiektua, berriz, Interneten dauden arriskuetan eta segurtasun-kon­tuetan zentratzen da batik bat (ikus, adibidez, Byr­ne et al., 2016). Hori da, hain zuzen, Buckinghamek (2019) orain arteko ikerlanei eginiko kritika: gizarte mediatua (hala deitzen dio berak, mediated society) eta gazteak aztertzerakoan, oro har arriskuak azpi­marratzera jo izan dela beti, eta gazteei erabilera zuzena zein izan behar den azaltzen tematu garela, haiei entzuten, haien praktiken inguruan ikertzen eta haien motibazioak zein diren ezagutzen gehia­go saiatu beharrean; Coscollola, Sanchez i Valero eta Sanchok ere (2014) horixe proposatu izan dute, hots, gazteei buruz ikertzeaz gain, gazteekin berekin ikertu beharra dagoela.

Zer ikertu, baina? Buckingham-ek (2019) lau ardatz proposatzen ditu, eta galdera hauek (eta hemen ja­rri ez ditugun beste batzuk) iradokitzen ditu horieta­ko bakoitzean sakontzeko:

Hizkuntza: Zer hizkuntza darabil lagun-taldeak bere mezuetan? Zein erregistro (lagunartekoa, jasoa, mistoa…)? Zer tonu? Zein ikus-entzunezko baliabide (irudiak, argazkiak, bideoak, emotiko­noak) darabiltza? Hipertestua baliatzen du? Zer estrategia narratibo gailentzen dira?

Errepresentazioa: Zein gauza erakusten dira eta zein ez? Zer errealitate eraikitzen da erakutsita­koaren bitartez? Zein dira eraikitako errealitate horren habe nagusiak?

Produkzioa: Ikasleek badakite nor den baliatzen ari diren sare sozialaren jabea? Zenbat langile dituen? Zelan aurkezten duen bere burua gizar­tearen aurrean eta zein diren beraren praktikak? Zein den bere negozio-estrategia? Zein diren zer­bitzu hori erabiltzeko baldintzak?

Audientzia: Zer praktika gailentzen dira sare so­zialetako jardunean? Zelako produktuak/irudiak/ audioak partekatzen dira? Zer proportziotan ageri da hedabide tradizionaletako edukia haien kon­tsumoan? Partekatzen da eduki hori? Eta gomen­datu edota iruzkintzen? Gazteek berek propio sorturiko edukirik (argazkiak, bideoak…) igotzen dute sarera?

IKERKETA-PROPOSAMENA

KoLaborategiak ikerketa bat hasi du 2019ko irailean, nerabeek sare sozialekin duten harremana ikertze­ko eta jardun egokiak proposatzeko. Ikerketa Gipuz­koara mugatuko da, baina Euskal Herri osora zabal­tzeko asmoa dago, etorkizunean. Lau helburu nagusi dauzka proiektuak:

Gipuzkoako gazteek sare sozialen inguruan dituzten diskurtso, praktika eta bizipenak aztertzea, eta Gi­puzkoako gazteen sare sozialen narratiba kolektiboa eraikitzea, gazteen iruditegi kolektiboa jasoz.

Gazteekin identifikatzea sare sozialetan parte-har­tzeak dauzkan onurak eta arriskuak, eta, hortik abia­tuta, Gipuzkoako gazteen esperientzia praktikoak erabiltzea hausnarketa prozesuak sustatzeko.

Gipuzkoako sare sozialen faktoria sortzea: sormen tekniken bidez gazteekin prototipatuko da faktoria­ren izaera, eta bermatuko da euskara ardatz izatea.

Administrazio publikoarekin partekatzea Gipuzkoa­ko gazteek sare sozialen inguruan dituzten esperien­tziak eta ardurak, eta Administrazioarekin batera definitzea sare sozialen inguruko politika berriak.

Gaur egungo paradigma-aldaketak eskatzen du gaz­teen arteko komunikazio-moduei erreparatzea. Gi­puzkoarren identitate (digital) kolektiboa izango da, hain zuzen ere, gure gazteen sare sozialen narrati­ba kolektiboa eraikitzeko gako nagusia. Horretara­ko, nerabeekin denbora emango dugu eta haiekin jardungo dugu sare sozialen inguruan. Gipuzkoako eskoletako ikasleen narratibak bideoz eta irudiz ja­soko ditugu (sare sozialen inguruko esperientziak).

Garrantzitsua da gizarte gisa modu ireki batean sare sozialen inguruko arrisku eta onuren inguruan hitz egitea, bereziki gazteekin. Proiektuan parte hartuko duten gazteek aukera izango dute arriskuen ingu­ruan hitz egiteko (ziberbullying-a, sexting-a, groa­ming-a edo teknologiarekiko dependentzia) eta ho­rien aurrean egin beharrekoaz hausnartzeko. Baina onurez ere hitz egingo da, hala nola gazteen gaita­sun sortzaileaz eta elkarlanaz. Halaber, arreta bere­zia eskainiko zaie gazteen hizkuntza ohiturei: zer hiz­kuntza nagusitzen da sare sozialetan dabiltzanean?

Eta horri lotuta sortuko da Gipuzkoako Sare Sozia­len Faktoria. Fase horretarako, Gipuzkoako gaztee­kin prototipazio dinamikak egitea proposatzen da. Design Thinking metodologia erabiliz egingo dira dinamika horiek, eta, horretarako, Mondragon Uni­bertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko (DBZ) tek­nikak erabiliko dira, dibergentzia eta konbergentzia faseak aintzat hartuz. Izan ere, gazteentzako eta gazteekin egitasmoa aurrera eramateak eskatzen du fase guztietan gazteen ekarpenak jasotzeko dina­mikak egitea; baita erabakiak hartzeko orduan ere.

Sare sozialen inguruan, behar-beharrezkoa da politi­kak etengabe berritzea. Horregatik, ikerketa-ekintza parte-hartzailean jasotako datuek zein Gipuzkoako Sare Sozialen Faktoriak aukerak emango dizkiote administrazio publikoari gomendio-politika gaurko­tuak garatzeko. Politika horien bertsio pedagogikoa ere garatuko da, gurasoen artean zabaltzeko.

 

Artikulua hemen publikatu da: Jakingarriak aldizkariaren 78. alea

Eguraldia
Asteazkena 28 Min: 8
Max: 17
Osteguna 29 Min: 6
Max: 21
Ostirala 30 Min: 9
Max: 22
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak