Kolaborazioak

“Egunerokotasuna ahaztu eta beste mundu batean murgiltzea da niretzat dantza”

2019/07/18

Idoia Besada, ULMAko langilea eta dantzaria
“Egunerokotasuna ahaztu eta beste mundu batean murgiltzea da niretzat dantza”

Idoia Besada, ULMAren zentro korporatiboan.

Orain dela urte batzuk ULMA osasun arloko proiektu berritzaile batean hasi zen lanean. Idoia Besadak, berriz, proiektuaren berri Ingeniaritza Biomedikoko Masterra ikasten ari zela izan zuen. Hasieratik proiektua asko gustatu zitzaion eta zenbait hilabete beranduago, bertan lan egiteko aukera izan zuen.

- ULMAn diharduzu. Zein da zure egitekoa?

ULMA Medical Imaginen egiten dut lan, bertan osasun arlorako soluzio adimendunak, software eta hardwareak, garatzen ditugu gaixotasun ezberdinei aurre egiteko. Nire lana balidazio klinikoen kudeaketan eta soluzioa merkaturatzean datza.   

- Kostaldekoek itsasoa gertu behar duzue. Zuri antzeko zerbait gertatzen zaizu?

Egia esan behar bada nire kasuan… ez.  Dantza dela medio, beti ibili izan naiz alde batetik bestera, kostaldean zein barnealdean. Egia da, nire bizitza kostaldean burutu dudala; ikasketak, dantza klaseak... eta kostaldea asko maite dut, baino barnealdearekin ere beti izan dut nolabaiteko erlazioa. 

- Dantzak ere sekulako garrantzia du zure bizitzan. 

Bai, hala da. 4 urterekin ustekabean nire lehen urratsak egiteari ekin nion eta gaur arte ez naiz gelditu. Dantza nire bizitzaren zati handi bat dela esan daiteke.  

- Sei urte zenituela konturatu zinen dantzaria 'ere' izan nahi zenuela.

Ez dut uste 6 urteko haur bat hortaz ohartzen denik. Nire txikitako ametsa medikua izatea zen, ¡pentsa! 4 urterekin sueltoan hasi nitzen ahizpari kopiatu guran, bera dantza solteko klaseak jasotzera joaten zelako. Sei urterekin gurasoei Euskal Dantza eta Balleta ikasi nahi nituela esan eta haiek dantzan apuntatu ninduten.  

- Dantza tradizionala da zure gustukoena? 

Dantza tradizionalean eman nituen nire lehen urratsak eta hura ere izan daiteke gustukoena izatearen arrazoia. Azken finean Euskal Dantza, gure arbasoetatik jaso dugu eta horiek zaindu eta maitatu behar direla iruditzen zait, gure kultura baita. 

- Garaikidea, klaketa... eta bestelako dantza estiloak ere landu izan dituzu.

Ez dakit zerk bultzatu ninduen balleta ikastera, baino gaur egunean ere oso gogoko dudan diziplina da. Gainera, balletak badu Euskal Dantzarekin nolabaiteko harremana eta zeinbait urrats gure dantza tradizionaletik datoz, adibidez Pas de’Basque. Aurrerago Errenterian klaketa ikasteko aukera zegoenez, hura ere hasi nahi nuela erabaki nuen, baino denbora falta nuela eta, 17 urterekin uztea erabaki nuen. Garaikidea ere zenbait kurtso eta formaziotan landu dut, baino beste bi diziplinekin alderatuta askoz gutxiago.

- Euskadiko txapeldun ere bazara Xabier Artolarekin. 

Bai, iaz lortu genuen Xabierrek eta nik hirugarren aldiz jarraian Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketa, Nestor Basterretxearen eskultura Irurara eramanik. Izan ere, hiru aldiz jarraian irabazita, bikoteak ordezkatutako udalerrian gelditzen da betirako eskultura eta gure kasuan Iruran gelditu da. Hala ere, 2011 eta 2012.en urtean ere, Ion Ibarguren Azpeitiarrarekin batera beste bi Euskal Herriko txapelketa eskuratu nituen. Beraz, aurtengo zapia bostgarrena izan da niretzat.

- Zer da dantza zuretzat?

Egunerokotasuna ahaztu eta beste mundu batean murgiltzea da niretzat dantza. Dantzaren bitartez sentimenduak azaleratzeko aukera dut eta izan ditzakedan arazoak alde batera uzteko momentua da niretzat.

- Terapia hortaz? 

Esan daiteke baietz. Aurretik esan bezala, dantzak, lanean, etxean, edota orokorrean eduki ditzakezun arazoak ahazteko ahalmena ematen dizu, beste mundu batean murgildurik.  

- Eta bizitzeko modu bat?

Dudarik gabe. Nik uste dantzarekin hazi izan ez banitz, ez nintzela gaur egungo Idoia izango. Dantzak asko eman eta erakutsi dit, eta dantzarekin batera eraiki dut niri bizitza. 

- Mundua ezagutzeko bide bat, agian?

Esan daiteke dantzak mundua ezagutzeko aukera eman didala, noski. Japonia, Txekiar Errepublika, Suitza, Italia, Frantzia eta beste zenbait herrialde dantzari esker ezagutzeko aukera izan dut.

- Dantzari lotuta, zein mugarri lortu nahiko zenuke? 

Nik uste nire metarik edo ametsik handienak lortu ditudala. Lehenengoa 16 urterekin bete nuen Donostiako Kursaalen dantzatu nuenean. Eta azken urte honetan ere, bete ditut nire bi amets nagusiak, bata Nestor Basterretxearen eskultura lortzea, txikitatik izan baita nire ametsa eta uste dut sueltoan ibiltzen diren askorena ere badela; eta bestetik Donostiako Vitoria Eugenia Antzokian Dantza egitea, Artxipielagoa Ikuskizuenan parte hartzeak, amets hura betetzeko aukera eman zidan. ¡Aukera paregabea!

- Bukatzeko. Desio bat. 

Dantzaz gozatzen luzaroan jarraitzea.

Eguraldia
Ostirala 13 Min: 10
Max: 16
Larunbata 14 Min: 8
Max: 16
Igandea 15 Min: 10
Max: 16
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak