Jabetza industrialaren txirulariak
Zer ulertzen dute enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek jabetza industrial mailako estrategia bat izateaz? Ze, zalantzarik gabe, patentetarako urtero aurrekontu bat izatea baino askoz gehiago da jabetza industrialeko estrategia bat izatea, eta ez da nahikoa gazteleraz esaten den moduan “cuando suene la flauta” patentatzea. Noiz soinua aterako itxoin barik, proaktiboki atera behar zaio soinua txirulari, eta sortutako melodia bat etorri behar da enpresaren estrategiarekin.
Patenteak eta bestelako jabetza industrial eta intelektual modalitateak dira, hain zuzen ere, gure balio-proposamena babesteko ditugun tresnak
Gure enpresek beren lehiakortasun-abantaila bilatu beharra dute, eta lehiakortasun-abantaila hori ia beti bereizketatik etorriko da. Bereizteko berrikuntza nahitaezkoa da era horretan balio-proposamen propioa izateko, ahal den neurrian babestu beharra dagoen balio-proposamena. Puntu honetara arte esango nuke denok ados gaudela, baina hemendik harago, askotan badirudi praktikan patenteen kudeaketarekin eta, oro har, jabetza industrial eta intelektualarekin halako deskonexio bat dagoela. Eta hau guztiz paradoxikoa da, patenteak eta bestelako jabetza industrial eta intelektual modalitateak baitira, hain zuzen ere, gure balio-proposamena babesteko ditugun tresnak.
Asmatu beharrekoa asmatu aurretik erabaki behar dugu zer patentatuko dugun, hori bada estrategia bat edukitzea
Jabetza industrialaren estrategia bat ezin da oinarritu soilik arazoak sortzen diren heinean su-hiltzaile lanak egitean eta gure ingeniariek ikuspuntu tekniko hutsetik "inbentibotzat" jotzen dutena patentatzean. Zilegi bazait esatea, asmatu beharrekoa asmatu aurretik erabaki behar dugu zer patentatuko dugun, hori bada estrategia bat edukitzea. Badakigu dagoeneko gure balio-proposamena zein izatea nahi dugun, beraz jarri dezagun gure ahalegin guztia balio-proposamen hori babesteko lagungarri izango diren asmakuntzak patentatzen. Interes estrategikoa dator lehenik, eta ondoren patentagarritasunaren analisia, ez alderantziz.
Aspalditik ari naiz (badira hamabost urte baino gehiago) erakundeetan jabetza industrialaren kudeatzailearen rola aldarrikatzen, "IP Manager” delakoarena. Berau da zuzendaritzak ezarritako jabetza industrial mailako estrategia arrakastaz ezartzeaz arduratu beharko litzatekeen pertsona. Beharrezko espezializazioa eduki beharko luke jabetza industriala konfiantzan oinarrituta kudeatzeko, ez beldurrean eta mesfidantzan, horrela kudeatzen baita menderatzen ez dena. Gainera, erakundearen barruan jabetza industrial mailako kultura sortzen lagundu beharko luke, ez da nahikoa estrategia bat edukitzea, ze Peter Druckerrek esan zuen bezala, "kulturak estrategia jaten du gosaritan".
Jabetza industriala kudeatzea ez da urteko aurrekontua betetzea edo aurrekontuan aurreikusitakoarekin alderatuta aurrezkiak lortzea, hori jabetza industriala administratzea besterik ez da. Gure erakundeek benetan behar dutena, jabetza industrialaren administratzaileak baino gehiago, jabetza industrialaren kudeatzaileak dira, “IP Manager”-ak. Jabetza industrialaren txirulariak behar ditugu.