
Gizarte oparoak eta berdinzaleak
Ipar Amerikako enpresarik handienen kasuan (S&P500), tarte hori 1-268koa da (AFL-CIOren arabera). Datu gehiago: Oxfam-ek Igualdad S.A. txostenean ohartarazi du mundu mailan gero eta desberdintasun ekonomiko handiagoa dagoela, “biztanleriaren %1 aberatsenak gainerako %95ak baino aberastasun handiagoa baitu pilatua”. Eta hainbat galdera sortzen zaizkit: Nolako gizarteak eraikitzen dira eredu horrekin? Jasangarria ote da hori? Bidezkoa al da?
Bien bitartean, Espainiako batez besteko soldata 31.000 euro baino gutxiagokoa da urtean (Expansión egunkariaren arabera). Enpresen eguneroko lanari eusten diotenen eta liderren artean gero eta handiagoa den desproportzio horrek sakoneko hausnarketa bat pizten du eraikitzen ari garen gizarte motari buruz. Izan ere, muturreko ezberdintasunak justizia soziala higatzeaz gain, konpromisoa, kohesioa eta, azken batean, lehiakortasuna bera ere kaltetzen ditu. Inoiz baino gehiago, bikaintasuna aitortzen eta ardatz duten ereduak behar ditugu, ekitateari uko egin gabe.
"Beren enpresa ereduaren bidez, kooperatibek modu aktiboan lagundu dute arlo ekonomikotik haratago doan ongizate partekatua eraikitzen"
Kooperatibak eta gizarte-kohesioa
Gure eredu kooperatiboa –1etik 6ra bitarteko soldata-eskala du-, enpresa proiektu partekatua da, talentua aintzat hartu behar dela defendatzen duen eredua, eta ekintzailetzak, erantzukizunak eta berrikuntzak aitortza merezi dutela diona. Baina, era berean, uste dugu arrakasta kolektiboa ez dela neurtu behar soilik gutxi batzuek irabazten dutenaren arabera, guztiok aurrera egiteko sortzen dituen baldintzen arabera baino.
Egunotan albistegietan aipatu da Euskal Autonomia Erkidegoa 12. postuan dagoela IDH indizean (NBEren Giza Garapenaren Indizea). Hain zuzen ere datu horrek ongizate mailaren araberako 193 herrialderen mundu mailako sailkapena ezartzen du. Jaiotzean bizi-itxaropena, hezkuntza eta per capita errenta gordina neurtzen dituzten adierazleek osatzen dute indizea. Bada, pribilegio-postu horietan egotea kooperatibek enplegu duinarekin, hezkuntzarekin, ekitatearekin eta gizarte-kohesioarekin duten konpromiso historikoaren isla ere bada. Beren enpresa-ereduaren bidez, kooperatibek modu aktiboan lagundu dute arlo ekonomikotik haratago doan ongizate partekatua eraikitzen. Izan ere, Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak dioen bezala, “zenbat eta kooperatiba gehiago, orduan eta berdintasun handiagoa”. Kooperatiben nazioarteko urtean egonik, gogoan izatea komeni!