2017-12-17T16:49:14+01:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

Muturreko pobrezia desagerrarazi

2017/07/13

Nazio Batuen Erakundeak neurri multzo bat zehazten du planeta babesteko eta oparotasuna pertsona guztien artean partekatzeko. Multzo horretan jasotzen diren Garapen Sostengarrirako Helburuen (ODS) artean lehenak zera dio: 2030. urterako “pobrezia mota guztiak amaitzea”. Helmuga hori munduko ia gobernu gehienek izenpetu dute.

Garapen ekonomikoan aditu direnek diotenez, gaur egun –eta historian estreinakoz agian– badaukagu ahalmena muturreko pobrezia erabat desagerrarazteko, hau da, pertsonako egunean 1,9 dolarretik beherako diru sarrerak dauzkaten kolektiboen egoera konpontzeko.

 Kalkuluen arabera, munduko biztanleen %10 ari dira egoera hori pairatzen, eta kolektibo horren erdia Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Afrika beltzean bizi da, hots, elikadura larrialdian dauden herrialdeetan.

 Munduko Bankuaren estatistikek erakusten dute norainoko aurrerapena egin den azken 23 urteetan muturreko pobreziaren murrizketan: 1990ean 1.800 pertsona bizi ziren muturreko pobrezian, eta 2013an 800 milioi. Honenbestez, urtean 43 milioiko murrizketa izan da.

 Adituen iritziz, datozen urteetan ez da erraza izango pobrezia desagerrarazteko jardunean aurrerapen erritmo horri eustea, zeren eta horretan eragiten duen baldintzatzaileetako bat –besteak beste–, herrialde handi batzuek azken hamarkadetan izandako hazkunde ekonomiko handia da. Horren adibide dugu Txina, non muturreko pobrezia ia-ia desagertu egin den.

Aurrera egin da, eta asko aurreratu ere, munduko pobrezia murrizteko ezagutzan eta ebidentzia enpirikoan. Eskualde guztietan egoera parekoa ez bada ere, adituak ados daude: estrategia jakin batzuk landuz gero, irmo egin daiteke aurrera hazkunde ekonomiko inklusibo bat lortzeko bidean.

Zalantza izpirik gabe, biztanleen heziketa maila jasotzera eta, azpiegiturak hobetzeko, inbertsioak egitera bideratutako jarduketak lehenetsi behar dira. Izan ere, hori da bidea bai pertsonek bai herrialdeek beren ahalmen produktiboa handitzeko.

Mundukideren hiru lan ildoak xede horretara bideratzen dira: a) kooperatibak sortu eta horiei laguntza ematea, Mondragoneko kooperatibismoaren esperientzia hegoaldeko komunitateetara egokituz; b) nekazaritza garatzea, jateko nahikoa eduki dezaten eta soberakin txiki bat izan dezaten oinarrizko ondasunak eskuratu ahal izateko; c) pertsonak trebatzea, horixe baia gure proiektuen jardueraren funtsezko atal bat, komunitateetako gizon eta emakumeen garapen sozioekonomikoan aurrera egiteko.

Neurrien bigarren multzo bat egoera ahulenean dauden herrien babes soziala bermatzera bideratuta dago, gaixotasunei, langabeziari eta hondamendi naturalei aurre egin ahal izan diezaieten.

Eta desigualtasun egoerak ohikoak direnez gero, zerga sisteman progresibitate handiagoa sartu beharra dago derrigorrez, errenta hobeto birbanatzen laguntzeko eta, nazioarteko laguntzarekin batera, lehenago aipatutako politikak finantzatzeko.

Edozein garapen programa martxan jartzeak berez dauzkan zailtasunei, herrialde batzuek bizi dituzten gatazka egoerak gehitu behar zaizkie. Afrika ekialdean dagoen Hego Sudanen kasuan, esaterako, gosetea pairatzen ari dira, eta oraingoan ez da lehortearen ondorioz baizik eta botereaz eta petrolioaz jabetzeko borroka odoltsuen ondorioz.

Halako kasuetan, GKEak dira, borroken ondorioz lan egiteko dituzten zailtasunak zailtasun, herritarrei laguntzen jarraitzen duten bakarrak, hango Estatuek gerrara bideratzen dituzte-eta beren baliabide gehienak.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak