Urteko txosten ekonomikoa aurkeztu du Laboral Kutxak

Aurreikuspenak ezkorrak dira oraingo urterako, izan ere, –% 9,4 inguruko hazkunde-tasa aurreikusten baita Espainian, –% 8,9koa EAEn eta – % 8,6koa Nafarroan.
Card image cap
Ezkerrean Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta eskubian Joseba Madariaga, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendaria.
2020/07/09

Laboral Kutxak ezagutzera eman du gaur urteko txosten ekonomikoa eta eskaini dituzten datuek, tamalez, aurreikuspenak baieztatu besterik ez dute egin. Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak aurkeztu dute txostena.

Munduko ekonomia nabarmen moteldu da 2019an; izan ere, 2018ko % 3,6ko hazkunde-tasatik % 2,9ko erregistrora igaro da 2019an. Txinaren eta AEBren arteko gerra komertziala izan da gorabehera-iturri nagusia. Beste faktore berezi batzuek ere izan dute eragina, Brexitak esaterako, Europar Batasunean bakarrik bada ere. Auzi horien bilakaerak eragina izan du nazioarteko merkataritzan eta aurreikuspenetan, eta inbertsioa eta enplegua moteldu ditu.

Hala, AEBn %  2,3ra jaitsi da hazkunde-tasa, nahiz eta 2018ko hedapen fiskalari lotutako erritmo biziari eusten dion oraindik ere. Beste eskualde batzuek, ostera, euroguneak adibidez, %  1,3ko erregistroa eman dute, aipatutako bi gorabeheren eragin negatiboaren ondorioz. Alemania da kaltetu nagusietako bat. Automobil-sektorearen ahuleziagatik, besteak beste, 2019ko hazkunde-tasa aurreko urtekoa baino 9 hamarren txikiagoa izan da, % 0,6koa, hain zuzen. Gure erreferentziako eremu geografikora etorriz: 

2019an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) barne-produktu gordinak (BPGd-ak) % 2,2 egin du gora. Nafarroako Foru Erkidegoan eta Estatuan ere antzeko hazkunde-tasak lortu dira, % 2,6koa eta % 2koa, hurrenez hurren. Aurrekoaren ondorioz, lan-merkatuaren bilakaera positiboa izan da 3  eremu geografikoetan: enplegua % 1,4 hazi da EAEn, % 2,4 Nafarroan eta % 2,3 Estatuan. Magnituderik eraginkorrena, langabezia-tasa, %  9,2koa izan da EAEn, 2018an baino 8 hamarren txikiagoa; foru-erkidegoan, berriz, % 8,2koa izan da eta Espainian % 14,1ekoa.

Azken batean, langabezia-tasa ohiko balioetara hurbiltzen ari da EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan, Estatuan oraindik handia bada ere, eta finantza-krisiari lotutako ekoizpen arrakala itxi egin da. Eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztiek balio erantsi gordinean hazkunde positiboa izan dute aztertutako 3 eremu geografikoetan, Estatuko lehen sektoreak izan ezik.

Nazioarteko hazkundea 2019an, hedapen-erritmoa moteltzen jarraitu du munduko ekonomiak, batez ere Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertziala eta nagusitu den ziurgabetasuna direla eta. Hain zuzen, % 2,9 hazi da munduko ekonomia —% 3,6 aurreko ekitaldian—. Beraz, bai ekonomia aurreratuak eta bai garatzeko bidean daudenak aurreko ekitaldian baino dinamikotasun txikiagoz aritu dira: hurrenez hurren, % 1,7ko eta % 3,7ko hazkundeak izan dituzte 2019an; 2018an, berriz, % 2,2 eta % 4,5ekoak. Ildo beretik, 2019an Estatuan ere geldotu egin da aurreratze-erritmoa: % 2ko hazkundea izan du (2018an % 2,4koa); hortaz, eutsi egin dio 2016an abiatutako moteltzebideari.

Lan-merkatuari dagokionez, 2019an % 2,3 hazi da Estatuko landunen kopurua (2018an % 2,7), eta enpleguaren igoera orokorra izan da lehen sektorean ez beste guztietan. Era berean, EAEko ekonomiaren hedapena ere moteldu egin da: % 2,2ko igoera izan du (aurreko ekitaldian % 3koa). Lau sektore ekonomikorik handienek gorakadak izan dituzte, baina ez aurreko ekitaldiko indar berarekin, bereziki lehen sektoreak eta industriarena. Estatuko datuekin alderatuta, lehen sektoreak eta industriaren sektoreak askoz ere hazkunde biziagoa izan dute; eraikuntzak eta zerbitzuek, berriz, hazkunde txikiagoa dute EAEn.

EAEko langabezia-tasa jaitsi egin da 2018ko % 10etik 2019ko % 9,2ra, eta landunen kopurua 936,1 mila pertsonakoa da. COVID-19aren osasun-krisiak eragin handia izan du ekonomiaren bilakaeran. Txinan hasitako osasun-krisia 2020aren hasieran iritsi zen Europara. Birusa azkar hedatzen zela ikusita, biztanleria etxeetan konfinatzea eta ekonomiajarduera hein handi batean geldiaraztea erabaki zuten herrialdeetako agintariek. Eta horrela gauzatu da, seguruenik, historiako atzeraldi globalik laburrena —2 hilabete iraun du 2 hiruhilekoren artean—. Baina, gainbehera hain izan da handia, pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko 2 urte inguru beharko ditugula. Hau da, 2 hilabetetan 2 urte galdu ditugu. Dena den, finantza-krisian ez bezala, oraingoan irmotasunez eta azkar jokatu dute ekonomia-arloko agintariek, eta jokabide hori ezinbestekoa izan da krisiaren sakontasunari aurre egiteko. Diru- eta zerga-neurrietan zifra benetan ikusgarriak erabili dituzte, eta, seguruenik, horiei esker mugatu dira eragin negatiboak, oraingoz behintzat. Edonola ere, ekonomiaren itzalaldia nahiko azkar etorri bada ere, berriro martxan jartzea ez da hain erraza izango. Lehenik, pandemiari lotutako ziurgabetasuna ez delako desagertu oraingoz; gaitza berriro agertzeko arriskua hor egongo da txertoa garatu arte. Urruntze soziala gauzatu da, eta oztopo izaten ari da zerbitzuen sektorean jarduera ekonomikoaren erritmoa leheneratzeko.

Bigarrenik, hornidura-kate luzeak dituzten industrietan eragina izango dute konfinamendua arintzearen inguruan herrialdeen artean dauden aldeek, eta jarduera murriztu egingo da pandemia-aurreko munduarekin alderatuta. Hirugarrenik, osasun-krisiari aurre egiteko hartutako neurriek, finantzaketabeharrak arintzen badituzte ere, zorpetzearen zama utziko dute. Hala, Europako herrialdeen artean alde nabarmenak egongo dira, zorpetze-mailaren arabera. Azkenik, aipagarria da 2018-2019 biurtekoan moteltzea ekarri zuten gerra komertzialaren eta Brexitaren auziek areagotu egin dezaketela atzeraldia. Horrenbestez, txostena ixtean eskura dugun informazio ekonomikoa kontuan hartuta, abian den urterako ditugun aurreikuspenak negatiboak dira, Eta, estres-testuingururik ezean, 2021ean % 7 inguruko tasak izango ditugu aztertutako 3 eremu geografikoetan.

Banketxea