Politeknika Txorierri, ASPROMEC sarien finalista prestakuntza-bikaintasunaren kategorian

2019ko ASPROMEC sarirako aukeraketa bat dator Politeknika Ikastegia Txorierriren sorreraren 40. urteurrenarekin.
Card image cap
2020/02/19

Bihar, otsailak 20, 2019ko ASPROMEC Sarien irabazleak aukeratuko dira Madrilen. Horren helburua da aitortzea euren zereginaren bidez –teknikoa, zuzendaritzakoa, enpresa mailakoa, dibulgaziokoa edo akademikoa- industria sektorearen garapenari ekarpen nabaria egin dioten enpresa eta erakundeen lana. Bizkaiko Derio herrian kokatutako Politeknika Txorierri ikastegia finalista izateko aukeratua izan da “Prestakuntza-bikaintasunaren” alorrean, Valladolideko zentro batekin eta Manresako beste batekin batera.

ASPROMEC Sarien antolatzailea Mekanizatuaren Lehiakortasunerako Profesionalen Elkartea da, eta bederatzi kategoriatan ematen dira: Digitalizazioa, Nazioartekotzea, Prestakuntza, Trakzio-enpresarik Onena, Espainia Marka, 4.0 Industria, Prestakuntza-bikaintasuna, Prestakuntza Duala eta Ekipamendurik Onena.

Aurtengo sariak irabazteko hautagaien artean, multinazional handi batzuk daude, hala nola Dana Incorporated, FASA-Renaultekin lehiatzen dena Trakzio-enpresa Onenaren kategorian; Indra, Espainia Markaren kategoriako finalista, CIE Automotiverekin batera; edo Euskadiko CAF, Gestamp eta Tubacex, 4.0. Industriaren kategorian.

Fabrikazio mekanikoaren alorreko erreferentea

Politeknika Txorierri sari hauetako finalista izateko aukeratu izana ez da kasualitatea; izan ere, sortu zenez geroztik, euskal zentro hau prestakuntzaren erreferente bat da fabrikazio mekanikoaren alorrean (Matrici enpresa, automobilgintzarako estanpazio-piezen ekoizlea, bazkide sortzaileetako bat da). Sektoreko enpresekin lankidetza estuan aritzea zentroaren identitate-ezaugarrietako bat da, AIC, Gestamp eta beste enpresa batzuekin garatutako prestakuntza-programek erakusten duten bezala; izan ere, programa horiek arrakasta handia lortu dute, eta gauza bera gertatu da langile eta langabeei emandako prestakuntza ez-arautuarekin, laneratze indize nabariak lortu baitu. Sektorearen etorkizuneko aldaketa eta garapenei aurrea hartuz –mekanizazioaren alorrean, horiek eraldaketa digitalaren bidetik datoz-, Politeknika Txorierrik bi programa espezializatu abiatu ditu orain dela gutxi, bata trokelgintzan eta bestea fabrikazio mekanikoko planten automatizazioan. Gainera, inbertsio mardulak egin ditu bost ardatzeko mekanizazio-tailerra indartzeko. Sistema horrek pieza konplexuen lana errazten du, eta datozen urteetan garapen teknologiko sendoa izango bide du.

Politeknika Ikastegia Txorierriren 40. urteurrena

2019ko ASPROMEC Sarirako aukeraketa bat dator Politeknika Ikastegia Txorierriren sorreraren 40. urteurrenarekin. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak urte osoan egingo dira. Hala, jadanik egin dira lehenengo bilerak, Lan Gosariko formatuarekin, enpresekin, alkateekin eta Txorierriko Mankomunitateko sustapen ekonomiko eta hezkuntzaren alorreko ordezkariekin; topaketa horiek datozen hilabeteetan jarraituko dute, enpresa eta instituzio mailakoak uztartuz ikasleen senideekin eta ikasle ohi eta irakasleekin egingo diren bilerekin. 

Politeknika Ikastegia Txorierri sozietate kooperatibo integral bat da, bere kideen artean eskualdeko enpresa eta udalak dituena, eta baita ikasleen familiak eta zentroko langileak ere. Beraren prestakuntza-eskaintzak barne hartzen ditu Batxilergoa, erdiko eta goi mailako Lanbide Heziketa eta Enplegurako Prestakuntza. Gainera, I+G zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresei, haien lehiakortasuna hobetzeko. 2013az geroztik,  Politeknika Txorierri Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen partaidea da, eta baita ACICAE Euskadiko Automobilgintza Kluster Elkartearena ere.

Irakaskuntza teknikorako zentroa