MONDRAGONen 2014ko Kongresuan Sotil lehendakariak taldearen eta pertsonen ilusioa eta konfiantza aldarrikatu ditu garai berrirako

Javier Sotil Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak proiektu sendo eta lehiakorragoak izatearen garrantzia azpimarratu du gaur Donostian egin den Kongresuan. Epe luzerako iraunkortasuna eta enpleguaren sorrera bermatzeko batik bat taldearen eta pertsonen ilusioa eta konfiantza aldarrikatu ditu. Horretaz gain, Javier Goienetxea izendatu dela Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakari izateko, azken bost urteetan karguan jardun duen Agustin Markaideren ordez.
2014/12/15

Gaur MONDRAGON Korporazioaren 2014ko Kongresua egin da Donostian. Hitzordura guztira 650 konpromisario daude deituta, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Topaketan Javier Sotil Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak lehendabiziko hitzaldia egin du, “Etorkizuneko MONDRAGON” proiektua aurkezteko eta MONDRAGONen garai berriari buruzko ilusioa eta konfiantza azpimarratzeko, eta printzipio eta balio kooperatiboen bizipena berraktibatzeko beharra eta proiektu sendo eta iraunkorrak izatearen garrantzia nabarmentzeko.

Congreso 15-12-2014

Aurtengo edizioak bi zati ongi bereizita izan zituen: lehenengoan ohiko gaiak landu ziren, hala nola kooperatiba berriak onartzea (oraingoan Sareteknika, etxetresna elektrikoen saldu ondoko zerbitzu globalak emateko kooperatiba), Zentro Korporatiboaren aurrekontua berrestea, eta Kongresuko Batzorde Iraunkorraren zein MONDRAGONeko Kontseilu Orokorraren beraren kudeaketaren deskarguak aurkeztea. Eta bigarrenean “Etorkizuneko MONDRAGON” esparru proiektua azaldu da, hau da, organo korporatiboek bederatzi hilabetez gogoeta egin eta gero definitu duten proiektua, Kongresuan aurkeztu eta gero kooperatibetara eramango dena, kooperatibek proiektuaren definizioan ere parte hartu dezaten.

Javier Goienetxea izendatu dela Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakari izateko, azken bost urteetan karguan jardun duen Agustin Markaideren ordez.

Etorkizuneko MONDRAGON

Javier Sotil joan den azaroaren 14an izendatu zuten Kontseilu Orokorreko lehendakari berri, eta bera arduratu zen organo korporatiboek egindako hausnarketaren lehen fasea kideei aurkezteaz, “Etorkizuneko MONDRAGON” dokumentuan laburbilduta.

Funtsean, dokumentuak eredu kooperatiboaren eta bera oinarritzen duten printzipioak eta balioak sendoak direlako eta indarrean daudelako konbentzimendua berresten du. Halaber, kooperatibetatik eraikitzen dela baieztatzen du, eurak izanik beren erabakien erantzule eta etorkizunaren jabe, eredu bat partekatuta, eta elkarren arteko lankidetzan eta elkartasun tresnetan bermatuta. Bere mintzaldian, Javier Sotilek Esperientzia Kooperatiboaren balioa erreibindikatu zuen, “ balio kooperatiboek gizartea aldatzen laguntzen baitigute, gure inguruneak justuagoak, solidarioagoak eta bidezkoagoak eginez”. Gainera, “enpresa kooperatiboa” egiteko beharra ere nabarmendu zuen, balio kooperatiboen bizipena berrituz, eta era berean “enpresa lehiakorra”, mundua lehiatuz, elkarren arteko lankidetza ea elkartasunerako tresna komunetan bermatuta.

Congreso 15-12-2014

Dokumentuan proposatzen diren aldaketa nagusiei dagokienez, “Elkartasun zorrotz eraldatzailea” aipatzen da, Dibisioen protagonismo handiagoa ekarriko duena kooperatibetan lehiakortasun arazoak aurreikusteko, eta erakunde korporatiboen eskakizun eta zorroztasun handiagoa fondoak esleitzeko. “Elkartasun zorrotzagoa izango da, egiazki egoerak aldatzen eta denboran luzatzen ez uzten lagunduko duena”, adierazi zuen Sotilek.

Etorkizuneko ildoei dagokienez, Sotilek “Printzipio eta Balio kooperatiboen bizipen sakonagoa lortu beharra” aipatu du”.

Azkenik, Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak gaineratu zuenez, aro berriari “konfiantza, ilusio eta baikortasunez egin behar zaio aurre, traumak gainditu,  eta talde kooperatibo honek eta bere pertsonek etorkizuna eraikitzeko duten ahalmenean sinetsi”.

Dokumentua aurkeztu eta gero, hemendik aurrera eztabaida kooperatibetara eramango da, edukietan parte hartzeko fase zabal eta sakona irekiz, hurrengo kongresuan hainbat ponentzia aurkeztuz amaituko dena, MONDRAGONen etorkizuneko erronkak zehazteko.

MONDRAGONen Kongresua zer da?

Kongresua MONDRAGON gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen dituena. Urteroko hitzordu korporatibora guztira 650 konpromisario daude deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Organoan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren –Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa– eta Kontseilu Orokorraren –Korporazioaren zuzendaritza organoa– gestioaren deskargua egiten da.