TUlankide MONDRAGON

MONDRAGONeko industri arloak 1.700 enplegu baino gehiago sortu zituen 2018an

2019/06/21

MONDRAGONeko kooperatibek, oro har, 81.837 langile enplegatzen dituzte; joan den urtean, 11.500 milioi eurotik gorako salmentak egin, eta, guztira, 420 milioi euro inbertitu zituzten.
MONDRAGONeko industri arloak 1.700 enplegu baino gehiago sortu zituen 2018an

MONDRAGONek modu positiboan baloratu ditu 2018ko emaitzak. Korporazioko kooperatiba guztien artean, aurreko ekitaldiko enplegu maila gainditzea lortu da: 81.837 langile daude guztira, aurreko urtean baino %1,2 gehiago, eta nabarmentzekoak dira, bereziki, kooperatiba industrialak, aurreko ekitaldian baino 1.702 lanpostu gehiagorekin itxi baitzuten urtea.

MONDRAGON Korporazioa osatzen duten kooperatibek 11.581 milioi euroko salmentak izan zituzten, aurreko urtean baino %2,7ko igoerarekin. Berriro ere, inbertsio zifra nabarmentzen da, aurreko urtean 420 milioi eurora iritsi baitzen oro har. Azken bosturtekoan MONDRAGONeko kooperatiben inbertsioen zifrak 1.989 milioi eurokoak izan dira.

Magnitude horiek, eta aurtengo lehen lauhilekoaren portaerak, alde bilakaera izan duelarik, baikortasun moderatua adierazten dute, nazioartean ziurgabetasuna handia izanik ere.

Industria, sasoian

Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetako emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria arloaren balantzea ezagutu da. MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 38.722 langile enplegatu zituzten (aurreko urtean baino 1.702 gehiago), eta 2018. urtea 5.922 milioi euroko guztizko fakturazioarekin amaitu dute (+%6,8); emaitzak, berriz, 230 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtekoen antzera, nazioarteko desazelerazioaren ondorioz jarduera batzuetan bilakaera negatiboa izan bada ere. 

Industri arloak azken bosturtekoan (2013-2018) enpleguaren esparruan izandako ibilbidea nabarmena izan da: 8.000tik gora lanpostu berri sortzea lortu du, horietatik %57 gure inguruan.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industri arloaren %68 dira. MONDRAGONek 141 filial produktibo ditu atzerrian, eta horietan 14.400 lagun baino gehiago enplegatzen ditu.

Gainera, industri arloko barne merkatuaren portaera positiboa salmentetan ageri da ispilatuta; izan ere, salmentek gora egin dute 1.881 milioi euroraino, aurreko ekitaldiarekin alderatuta %11ko hazkundea izanik.

MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duela Ezagutzaren arloan ikusten da argi eta garbi, ekitaldian 175 milioi euro inbertitu baitira I+Gan, hau da, industria arloko guztizko salmentekiko alderatuta, %3,0.  Era berean, Korporazioak 2.018 pertsonari eman zien enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 15 teknologia zentroak eta I+G unitateak. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 656 milioi eurora iritsi ziren, hots, industri arloaren salmenta zifra osoaren %11.

MONDRAGONek indarrean dituen patente familien kopurua da, izan ere, datu garrantzitsuetako bat: 496 familia, zinez kopuru handia EAE osoko zifrekin alderatuta. Gainera, kooperatibek 120 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Europako Batzordeak onartu eta finantzatuta, MONDRAGON Korporazioaren 50etik gora proiektu ari dira gauzatzen une honetan. Gainera, 2018an, Smart fabrikazio aurreratuko Eureka klusterrak, zeina MONDRAGONek eta AFMek gidatzen baitute I+G proiektuak sustatzeko asmoz (lankidetzan oinarritutakoak, nazioartekoak eta merkatutik hurbil daudenak), 20 proiektu onartu ditu, guztira 39,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 10 herrialdetako 104 erakunderen parte hartzearekin.

MONDRAGON, halaber, liderra da MANU-KET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforman. Azken ekitaldian zehar, plataforma horrek bere kideak ordezkatu ditu industriaren eraldaketa digitalera eta ekonomia zirkularreko eta sinbiosi industrialeko soluzioak lantzera zuzendutako hainbat foro eta biltzarretan.

Banaketa arloa da, oraindik ere, taldearen barruan enplegu gehien ematen duena. 9,9 milioi euro irabazi zituen, eta bertan daude bilduta Eroski eta Erkop elkartea. Guztira, 39.723 pertsona ari dira lanean arlo honetan. Iaz 5.659 milioi euroko salmentak izan zituen; alegia, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago, Eroskik bere dendetan desinbertsio jardun batzuk gauzatu zituelako bereziki.

Horrez gain, ekitaldiaren ezaugarriak izan dira dendak birmoldatu egin dituela (dagoeneko belaunaldi berriko 670 establezimendu ditu “Zurekin” eredukoak), kontsumitzaileek Eroski Club, Caprabo eta Forum Sport txartelari egindako harrera ona (6 milioi bazkide bezero baino gehiago) eta denda frankiziadunen sarearen hedapena. 018ko ekitaldiko emaitzek, beraz, balorazio positiboa merezi dute, izan ere, bere emaitza operatiboek nabarmen hobetzen jarraitzen dute (163,6 milioi, aurreko urtean baino %19,1 gehiago), negozioaren osasun ona berretsiz.

Finantza arlok erakundeei dagokienez, LABORAL Kutxak %10 handitu zuen bere mozkin bateratua, aurreko ekitaldiarekin alderatuta; hain justu, 133,7 milioi eurokoa izan zen. Era berean, bere likidezia eta kaudimen ratio zabalei eustea lortu zuen, baita bere errentagarritasuna (%7,9) eta berankortasun ratioa (%4,51) hobetzea ere. LagunAro EPSVri dagokionez, berriz, urtearen amaieran 28.939 mutualista aktibo zituen guztira, eta bere ondare funtsa dagoeneko 6.169 milioi euroren zifrara iritsi da; ekitaldiaren ezaugarria izan da testuinguru makroekonomikoa pixka bat moteltzen ari dela, eta horrek nazioarteko burtsen indizeak jaistea eragin duela eta, ondorioz, inbertsioek ere beherantz egin dutela (-%3,4ko errentagarritasuna).

Ekitaldiaren bilakaerari dagokionez, MONDRAGNeko Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucinek bi alderdi nagusi azpimarratu ditu, hau da: “bosgarren urtez jarraian industri arloan enplegua sortu da, eta dagoeneko langile taldean 38.700 lagunek baino gehiagok dihardute; eta, horrez gain, arlo horren inbertsioen dinamika, azken bosturtekoan 1.400 milioi eurotik gorakoa izan baita”.

Eguraldia
Ostirala 13 Min: 10
Max: 16
Larunbata 14 Min: 8
Max: 16
Igandea 15 Min: 10
Max: 16
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak