MONDRAGONek Arantzazun egingo den Berrikuntza laborategiaren proiektuan hartzen du parte

Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, MONDRAGON Taldeak, Kutxa Fundazioak eta frantziskotarrek sustatu dute ekimena.
Card image cap
2020/07/28
Euskal unibertsitateekin elkarlanean sustatu da proiektua, euren artean Mondragon Unibertsitatea.

Ingurumena eta gizartegintza ardatz izango dituen proiektu eraldatzaile bat martxan jartzea da helburua: elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa langai izango dituen berrikuntza sozialerako laborategia, hain zuzen.

Arantzazu Gaur Fundazioko patronatuak Arantzazuren etorkizuna bermatzeko oinarriak jarri nahi izan ditu. Izan ere, bost mendez santutegiaren eta bertako balioen jagole den frantziskotar komunitatea bakantzen eta adinean gora doala ikusita, tokiko eragileen, erakundeen eta fraideen artean gune berezi honen geroari buruzko gogoeta zabaldu da. Azken bi urteotan garatutako azterketa eta hausnarketa prozesu baten ondoren, gaurkoan finkatu dituzte proiektuaren oinarriak.

Arantzazu Gaur Fundazioaren baitan ekin zioten egitasmo hau hezurmamitzeko gogoetari, frantsizkotarren beraien inplikazioarekin. Izan ere, erlijiosoek beraiek Arantzazuren etorkizunari buruz azaldutako kezka izan da abiapuntua. Sustatzaileek tokiko ondare erlijioso, ekonomiko, kultural eta sozialaren jarraipena bermatzea dute xede, inoiz Asisen anaidiak bere lanarekin jarraitu ezingo balu ere.

Egitasmoak bat egiten du historian zehar Arantzazuk izan duen izaera herrikoi eta berritzailearekin. Izan ere, Gipuzkoan bezala Euskal Herri osoan, indar sinboliko izugarria du santutegiak eta haren inguruak herritar askorentzat. Diktaduraren une gogorretan euskararen gordailu eta hizkuntza estandarraren abiapuntu, arte garaikidearen tenplu, espiritualtasunean erreferentzia, euskal pentsamendu eta musikaren harrobi, artzaintza gune eta ingurune natural paregabe baterako sarbide; euskal gizartean balio horiek guztiak hedatu eta modu abangoardistan garatzeko garaian ezinbesteko papera bete du.

Nazioartean lanean diharduten gizarte berrikuntzarako laborategiekin elkarlanean arituko da eta mundu mailan azaleratu diren desafio nagusien inguruko gogoeta eta esperimentazioa bultzatuko du.

Nazioarteko guneekin lotura

Gaur lortutako akordioarekin, fundazioko kideek balio horien guztien aldeko konpromisoa berretsi eta etorkizunera begira Arantzazuren berpizkunde bat gauzatzeko ahaleginean bat egiten dute. Horretarako garatuko dute berrikuntza sozialerako laborategia, datorren udazkenean Gandiaga zentroan martxan jarriko dena. Elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa aztergai eta langai gisa hartuta, “gizarte gizatiarrago, justuago,kohesionatuago eta lehiakorrago” baten aldeko “erreferentzia gune” bilakatuko da. 

Lau espezializazio esparru horietan euskal gizarteak izan ditzakeen arazoak eta beharrizanak abiapuntu gisa hartuta, erantzun berritzaileen bila abiatuko da laborategia. Horretarako, partaidetza prozesuak garatuko ditu, herritarrak zein erakundeak ahaldunduz eta lankidetza sareak osatuz udalerri, enpresa, gizartegintzako elkarte eta tokiko eragileen artean, gisa horretan proiektu partekatuak diseinatu eta sustatuz. Baita ere ikastaroak, kongresuak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatuko dituzte, hain justu ere herritarrek berrikuntza soziala sustatuko duten dinamiketan parte hartu dezaten.

Ahalegin horretan ez dira hutsetik hasiko, dagoeneko alor horretan beren ibilbidea egiten ari baitira hainbat euskal erakunde eta elkarte, tartean Eusko Ikaskuntza, Lehendakari Agirre Center, Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programa, eta abar. Gandiaga topaguneak berak ere alor estrategiko horietan dagoeneko hainbat ekintza burutu izan ditu azken urteotan. Horrela, pertsonak erdigunean jarrita, “elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko” espazio bilakatuko da Arantzazu, kokagune berezi eta berdingabe baten laguntzarekin. “Herritarrak ahaldunduz, gure gizartearen geroari buruzko eztabaida y irizpide iturri bilakatutako da”, bat etorri dira erakunde sustatzaileak. Testuinguru horretan, “gazteek protagonismo berezia” izan dezaten ahaleginduko da berrikuntza laborategia.