Mondragon Unibertsitateak online modalitatean amaituko du 2019-2020 ikasturtea

Erabaki honek eragin zuzena izango du graduko eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan, ebaluazioak barne, programatutako ikasturtearen amaiera-datak errespetatuz.
Card image cap
2020/04/08

Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren alarma-egoeraren eta osasun-larrialdiaren adierazpenen ondorioz, eta irakaskuntza-jarduera presentziala eteteko aginduaren ondorioz, Mondragon Unibertsitatea online garatzen ari da irakaskuntza-jarduera osoa. Lehen hiru asteak online irakasten eta ebaluatzen eman ondoren, balorazioa ona da.

Datozen asteetan, amaitu liteke Eusko Jaurlaritzak adierazitako osasun larrialdiko egoera, baina litekeena da eskolak ematea eta aurrez aurreko ebaluazioak egitea ahalbidetzen ez duten neurriak mantentzea.

"Horren aurrean, eta gure ikasleei lasaitasun-mezua helarazteko eta egungo ziurgabetasun-egoera ezabatzeko, gaur arratsaldean egoera aztertzeko Euskal Unibertsitate Sistemako errektoreek eta Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak egin duten bileraren ondoren, Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtetik geratzen diren graduko eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizial guztiak online modalitatean amaitzea erabaki du, ebaluazioak barne, eta programatutako ikasturtearen amaiera-datak errespetatuz".

Osasun- eta lan-egoerak ahalbidetzen duen momentuan, ikasleak enpresa eta erakunde kolaboratzaileetara itzuliko dira, eta, kasu bakoitzean, praktikak, prestakuntza duala, gradu-amaierako lanak (TFG), master-amaierako lanak (TFM) eta abar 2019-2020 ikasturtean amaitzeko behar diren egokitzapenak zehaztuko dira.

Testuinguru berri horretan, orain inoiz baino gehiago, Mondragon Unibertsitatea berretsi egiten da pertsona ardatz duen eta ebaluazio jarraituan oinarritutako ikaskuntza-ereduan; horretarako, ariketak, proiektuak, talde-lanak, banakako lanak eta abar egin eta ebaluatzen dira (orain online modalitatean) eta hezkuntza ereduarekin koherenteak diren beste ebaluazio-proba batzuk eginez ere.

Gaur egun online garatzen ari garen Mondragon Unibertsitateko gainerako jarduerak, hala nola profesionalentzako prestakuntza, ikerketa edo transferentzia, aurrez aurre esakintzen hasiko gara, osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa