Irakurriena
- 1. Danobatek 20 milioi euro inbertitu ditu Elgoibarko egoitzan berrian
- 2. LABORAL Kutxa Frantziako Tourrean izango da
- 3. Gipuzkoako Bazkundeak saria eman dio MLAKoop kooperatibari
- 4. Arkaitz Etxezarreta, Errekako zuzendari nagusi berria
- 5. “Gizarte hobe bat sortzea, hori da gure utopia eta, gure inperfekzio guztiekin, utopia hori lurreratzen saiatzen gara”
- 6. Espainiako Bankuko gobernadoreak MONDRAGON bisitatu du
- 7. Errekak Darwin Biomed startuparekin bat egin du, Health linea bultzatzeko helburuarekin
- 8. Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioa Advanced Factories-en egongo da
- 9. Arizmendi ikastola, 20 urte
- 10. Parte-hartze handia LagunAro BGAEren 2024ko ohiko batzarrean
Mondragon Unibertsitatea eta Batura Mobilek lankidetza-hitzarmena sinatu dute
Mondragon Unibertsitatea eta Batura Mobile enpresak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, datorren urritik aurrera Aplikazio Mugikorren Masterra abian jartzeko. Bilbao Berrikuntza Faktorian emango da masterra, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Zehazki, unibertsitateak eta enpresak elkar hartuta diseinaturiko masterra martxan jartzeko akordioa sinatu dute Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, Lander Belokik, eta Batura Mobileko zuzendari nagusiak, Gotzon Arzelusek.
Programaren helburua mugikorren sektoreko profesionalak prestatzea da, diseinuaren, garapenaren eta marketinaren gaineko ikuspegi globala emanez, sektorearen balio-kate osoaren gaineko ezagutza globala izan dezaten.
Masterreko prestakuntza-programak erantzuna eman nahi dio ekonomia digitalaren merkatuan gero eta nabarmenagoa den beharrari. Hain zuzen, mugikorren sektoreak hazkunde handia izan du azken urteetan, eta enpresek ez dute hazkunde hori bideratzeko behar besteko talenturik aurkitzen. Izan ere, gure gizartean izan den iraultzarik handienetako bat da ekonomia digitala; hori dela eta, negozio-eredu, produktu, zerbitzu, bezeroekin jarduteko modu eta kanal berriak sorrarazten ari da. Adibidez, mugikorren sektorean, aplikazioen —appen— erabilerak hartzen du mundu digitalean ematen den denboraren % 54, eta mugikorren bidezko erosketak handitzen eta erosketa tradizionalak ordezten ari dira. Horregatik, iraultza horretan parte hartzeko behar diren ezagutza eta gaitasunen jabe izateak lehiarako abantaila ekar diezaieke enpresei, eta lanbide-etorkizun erakargarria gazteei.
Bilbao Berrikuntza Faktoria
Masterra erdipresentziala izango da: 60 ETC izango ditu, aurrez aurreko 200 ordu eta beste 100 online. Urritik apirilera bitartean emango da —uztailean entregatuko da master-bukaerako proiektua—, Bilbao Berrikuntza Faktorian, asteazken arratsaldetan (online), ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan. Aplikazio mugikorren garapenaren eta fabrikazioaren inguruko ezagutza teorikoak eta praktikoak jaso nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, teknologia berrietako profesionalak izan zein ikasketak amaitu berri dituzten gazteak izan. Irtenbide mugikorrak diseinatzen, garatzen eta merkaturatzen ikasiko dute horiek.
Masterrak ikuspegi praktikoa izango du. Hala, ikasleek, hainbat erronkaren bidez, konponbidea emango diete enpresen benetako arazo eta beharrei. Gainera, sektoreko enpresetan praktikak egin ahalko dituzte ikasleek.