Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoaren aurkezpena
Lea-Artibai eskualdeko berrogeita hamar eragile bildu dira gaur goizean Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoaren aurkezpenean. Eskualdeko udalerrietako alkateak eta enpresa-ehunaren hainbat ordezkari, plan berri honetan zehaztutako erronken lekuko izan dira Lea-Artibai Berrikuntza Gunean ospatu den ekitaldian. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua, eta, Joseba Mariezkurrena, Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna bultzatzeko zuzendaria, ere bertan izan dira Plan Estrategikoari babesa adierazteko.
Luis Egurrolak, eskualdearen garapenerako Leartibai Fundazioko presidenteak, eta Ainhoa Arrizubietak, Leartibai Fundazioko zuzendariak, bertaratuei ongietorria eman ondoren, Arrizubietak eskualdeari buruz egin den diagnostikoaren berri eman du.
Lea-Artibai eskualdea momentu gazi-gozoan aurkitzen dela esan daiteke, alor batzuetan indartsu eta beste batzuetan makalago, eta plan honen helburua eskualdearen garapen ekonomikoari bultzada ematea da, horretarako zehaztutako ibilbide bat finkatuz.
2030era begira finkatutako helburuak
Diagnostikoaren datuak jaso eta baloratu ondoren, martxan ekiteko momentua datorrela azpimarratu du Ainhoa Arrizubietak “zer da garapen ekonomikoaren alorretik gure eskualdearen ongizate maila igotzeko egin dezakegun ekarpena?”. Leartibai Fundazioak eskualdeko eragile ezberdinekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin lanketa handia egin du azken urtean, diagnostiko honetatik ateratako datuak aztertu eta eskualdearen garapen ekonomikoan lagungarriak izan daitezkeen egitasmo eta ildo estrategikoak definitu eta Plan Estrategiko honi forma emateko. “Gu danok ordezkatzen gaituen plana duzue hau eta oso pozik gaude parte-hartze handia izan duelako”.
Lea-Artibai eskualdearen jarduera ekonomikoa eta kalitatezko lana sustatu, babestu eta mantentzea du helburu garapen ekonomikorako plan estrategiko honek.
Horregatik, Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoak bost lan-lerro espezifiko jasotzen ditu:
- Eskualdeko industria traktorearen trantsizioa eta lehiakortasuna babestea.
- Arrantza-industriaren eta itsasoaren bilakaera sustatzea, Euskadin erreferentziazko jarduera ekonomiko iraunkorrerantz.
- Turismo iraunkorra garatzea, Bizkaiko eta Euskadiko estrategien barruan.
- Enpresa-ehun dinamikoa eta lehiakorra finkatzea eskualdean dauden sektoreetan.
- Eskualdearen gaitasunetatik abiatuta, gorabidean dauden joera eta sektoreei lotutako jarduera ekonomiko berria sortzen laguntzea.
5 proiektu traktore eta 3 ekimen estrategiko
Helburu espezifiko horiek 5 proiektu traktoreren bidez gauzatuko dira eta beste hiru ekimen estrategiko definitzeko ere kontutan hartu dira. Helburu hauen aurkezpenak eskualdeko eragile ezberdinen eskutik izan dira:
Jon Anakabe, Leartiker Zentro Teknologikoko zuzendari orokorrak berrikuntza irekia, transferentzia teknologikoa eta materialen digitalizazioari lotutako jarduera ekonomiko berriak bultzatu nahi dituen ekosistemaren inguruan aritu da. Lea-Artibai Europako erreferenteen artean kokatuko duena.
Eneritz Basurko, Ondarroako udaleko zinegotzi eta alkateordeak, Ondarroako portua eta arrantzaren sektorean landuko den proiektua aurkeztu du. 3 lan-ildotan arituko dira: lonja berriaren erakargarritasuna sustatu, akuikultura itsas-poligonoari indarra eman eta itsasoari lotutako jarduera ekonomiko berriak bultzatu.
Turismo alorrean landuko duten proiektua Arkaitz Erkiaga, Ur Lekeitio eta Mendexa Abentura Park-eko zuzendariak aurkeztu du. Turismo jasangarrirantz bideratuko dute proiektua, kostaldea, landa-paisaiak eta landa eremuko ibilbideak sustatuz. Turismo estrategia jasangarria eta arduratsuaren aldeko apustua egingo da proiektu honen bitartez.
Lea-Artibai Ikastetxetik etorri den Goreti Astigarragak, ikastetxeko lanbide heziketako zuzendariak, aurkeztu du laugarren proiektua, talentuan zentratutakoa. Talentua bertan sortu, mantendu eta erakartzeko ekosistema bat sortzea da helburua, eta horretarako gaur egun eskatzen diren profiletarako birkualifikazioan eta ikasketa programen egokitzapenetan lan egin nahi dute proiektu honen baitan.
Azken proiektua, Iñigo Arrietaren eskutik etorri da, Eikako lehendakaria eta Kooperatiben Mahaia Elkarteko kidea. Berak aurkeztutako proiektua azpiegituretan oinarritzen da. Bere hitzetan “orain arte lan handia egin bada ere, oraindik asko dago egiteko, urrun ikusten gaituzte”.
Iosu Ogiza, Mibako gerenteak, eta Arkaitz Goikoetxeak, Lea Ibarreko Mankomunitateko lehendakariak, urte batzuk barru proiektu bihurtu daitezkeen hiru egitasmo estrategiko ere aurkeztu dituzte. Lehenengoak, lehen sektoreari errotutako basogintza-jarduera lehiakorragoa lortzeko jarduera berrien inguruan hitz egin du eta nekazaritza munduan dagoen errelebo arazoari aurre egiteko ekintzaileei bideratutako haztegi bat sortzeko aukeraz aritu da. Goikoetxeak bere aldetik, trantsizio energetikoan zentratu da. Europar Batasunetik sortutako komunitate energetikoen figura berri honek dituen eragin ekonomikoak aztertuta eta etxebizitza arloan oso funtzionamendu ona duela ikusirik, enpresa mundura zabaltzeko ahalegina egin nahi da.
Bide-orri berria eta gobernantza eredugarri bat
Aurkezpenari bukaera emateko hitz egiten azkena, Ainara Basurko foru diputatua izan da. “Egindako lanarekin pozik atera behar gara gaur hemendik. Alde batetik, elkarlanean bide-orri bat finkatu delako, eta, bestetik, Lea-Artibai gobernantza eredu bat delako” izan dira bere lehen hitzak. “Lea-Artibaiko kapital soziala antolatuta izateak izugarrizko balioa dauka” eta elkarlanari berebiziko garrantzia eman dio Basurkok, elkarbanatutako lidergotza kontzeptua azpimarratuz.
Lea-Artibai argi-ilunak dituen eskualde bat dela esan du Basurkok, hainbat indikatzailetan konbergentzia prozesuan dagoen eskualde bat dela, baina beste batzuetan indartsu kokatzen dela. “Automozioa pisu handiko sektorea da Lea-Artibain, arrantza eta lehen sektoreak momentu zailak bizi ditu, baina aukera politak antzematen dira. Turismoan ia 2019ko datuetara heltzea lortu duzue”.