LABORAL Kutxak 70 milioi euro jarriko ditu ekintzaile eta mikroenpresentzat

Enpresa-proiektu bat garatu nahi duten ekintzaileei finantziazioa eskuratzen laguntzen die lerro berriak.
Card image cap
2020/11/02

 LABORAL Kutxak eta Europako Inbertsio Funtsak (EIFk) erabaki dute Europako Mikrofinantzaketa Programaren (EaSIren) esparruko lankidetza-itunaren irismena handitzea. Ondorioz, 70 milioi euro eman dituzte, 4.500 inguru mikroenpresa eta 6.300ren bat zuzeneko lanpostu sortu eta finkatzeko, datozen hiru urteetan.

Akordioaren helburua da enplegua sortu eta finkatzea, COVID-19aren eraginez oso kaltetuta dagoen agertoki ekonomiko honetan. Mikroenpresak, abiatzen ari diren negozioak eta lanbide-jarduerari ekiten ari diren pertsona fisikoak izango dira lehentasunezko helburuak; izan ere, horiexek dira kreditu tradizionala eskuratzeko zailtasunik handienak dituzten taldeak. Azken buruan, segmenturik ahulenak eta aurrera egiteko zailtasunik handienak dituztenak dira finantzaketa-lerroaren hartzaileak: ekintzailetza-proiektua garatzeko laguntza behar dutenak, lanik gabe edo galtzeko zorian daudenak, emakume ekintzaileak, desgaitasunen bat duten pertsonak, migratzaileak eta gazteak.

Maileguen ezaugarriei dagokienez, onuradun bakoitzeko gehienez 50.000 euroko zenbatekoa finkatu da, eta 5 urteko itzultzeko epea —gabealdia ere aukeran dute—. Interes-tasak abantailatsuak izango dira eta ez da hipoteka-bermerik eskatuko.

Horrela, bada, ekintzaileei, profesional autonomoei eta 10 langilerainoko enpresa txikiei zuzentzen zaie finantzaketa-lerroa, 2.000.000 €-tik beherako fakturazioa badute urtean.

Bi erakundeek inbertsio arduratsuko irizpideak onartu dituzte hitzarmenaren babespean finantzatuko diren negozioei dagokienez. Ondorioz, marra gorriak ezarri dira armamentuarekin, giza klonazioarekin, tabakoarekin eta ausazko jokoekin lotutako jardueretarako.

LABORAL Kutxak 2014tik ditu harremanak Europako Inbertsio Funtsarekin. Orduantxe sinatu zuten lehen hitzarmena, ekintzailetzarako 24 milioiko lerroa sustatzeko «PROGRESS» Europako Mikrofinantzaketa Programaren barruan.

Atzera begiratuz ikus dezakegu hitzarmen honen aurretik 144 milioi euro bideratu ditugula bi erakundeok garatutako hainbat programatara. Horien bidez, 10.751 lanpostu sortu dira, eta enplegagarritasun-zailtasunik handienak dituzten taldeei lagundu zaie nagusiki. Estatistika agregatuak erakusten duenez, onuradunen % 73 emakumeak izan dira, % 39 gazteaz eta % 7 migratzaileak.

Banketxea