Laboral Kutxak %10 igo ditu irabaziak, 133 milioi arte

Nabarmen handitu du jarduera komertziala: formalizatutako hipoteka-maileguen bolumena % 18,7 handitu da; ETE-entzako kreditu-inbertsioa, % 18,8; eta negozio txikientzako eta autonomoentzako finantzaketa, % 14,5.
Card image cap
2019/02/15

2018. ekitaldiaren amaieran, interes-tasak ez dira igo eurogunean. Horrek eragin handia izan du emaitza-kontuetan, bai eta, horren ondorioz, finantza-erakundeen errentagarritasunean ere.

Bezeroen gestionatutako baliabideak % 3,9 hazi dira. Aurrezkien dibertsifikazioa handitu egin da; balantzetik kanpoko baliabideak nabarmen handitu dira, batez ere inbertsio-fondoak (% 5,7).

Egoera larri horretan, LABORAL Kutxaren zerga osteko mozkin bateratua 133,7 milioi eurokoa izan da, 2017koa baino % 10,06 handiagoa. Fondo propioen gaineko errentagarritasuna, HEO, % 7,97koa izan da.

Ekitaldiko emaitza onaren oinarria jarduera komertzial handia izan da. Horri esker, formalizatutako kreditu berrien kopurua nabarmen handitu da, bai partikularrentzat, bai enpresentzat: hipoteken kopurua % 18,7 handitu da; ETE-entzako kredituak, % 18,8; eta autonomoentzako eta negozio txikientzako maileguak, % 14,5.

LABORAL Kutxak, bere ohiko gestio zuhurrari eutsiz, berankortasun-tasa % 4,51ra txikitu, kaudimen-posizioa % 18,76ko CET1era igo, eta bere LTD likidezia-ratioa % 73,70eko posizioan utzi du.

 

Emaitza-kontua

Interes-tasak minimo historikoetan badaude ere, LABORAL Kutxak interes-marjina 246,47 milioi eurokoa izatea lortu du; 2017koa baino % 0,35 txikiagoa da, besterik ez.

Komisioei esker, 101,52 milioi euro sartu dira kontuan, inbertsio-fondoen eta ordainketa-sistemen portaera onak bultzatuta. Beraz, erakundearen oinarrizko marjina % 1,24 handitu da eta 348 milioikoa da, guztira; hau da, negozio errepikaria oso ona izan da.

Marjina gordina, ordea, % 3,77 txikitu da; izan ere, ekitaldiko finantza-eragiketen emaitzen (FEE) ekarpena nabarmen txikitu da. Hala ere, termino homogeneoetan, IFRS9 kontabilitate-araudi berriaren eragina alde batera utzita, erakundearen marjina gordinak % 2,3ko hazkundea izango luke.

Aurreko ekitaldietan bezala, erakundeak kostuak arrazionalizatzeko politikarekin jarraitu du; horren ondorioz, administrazio-gastuak % 2,29 txikitu dira. Halaber, LABORAL Kutxak arriskua zuhurtziaz gestionatzen eta kredituen kalitatea hobetzen jarraitu du. 2017az geroztik, zalantzazko aktiboen zorroa % 11,6 txikitu da.

Hori dela eta, urtean zehar, zuzkidura gutxiago bideratu behar izan dira narriaduretara eta kaudimengabezietara; hain zuzen, 11,40 milioi euroko zuzkidurak bideratu dira.

Dena den, ekitaldiko zerga aurreko mozkin gordin bateratua 148,36 milioi eurokoa izan da, % 10,5 handiagoa. Behin dagozkion zergak kenduta, gizarte-ekintzarako fondoei esleipena egin aurretik, emaitza garbia 133,65 milioi eurokoa izan da, 2017koa baino % 10,06 handiagoa.

Berankortasuna beherantz

2018. ekitaldian, berankortasunak guztizko finantzaketaren gainean izan duen tasa % 4,51koa izan da. Datu hori sektoreko zalantzazkoen ratioa (% 6,03) baino hobea da. Datu horrek balio gehigarri berezia du, kontuan hartuta LABORAL Kutxak ekitaldi osoan konstante eutsi diola bere analisi-perimetroari, aktibo problematikoen sortak saltzeko eragiketarik egin beharrik gabe.

Likidezia

LABORAL Kutxak likidezia-posizio lasaia izaten jarraitu du 2018an, negozio-planak berme guztiekin gauzatu ahal izateko. Hortaz, bezeroei emandako finantzaketaren eta erakarritako gordailuen arteko erlazioa, LTD (Loans To Deposits) ratioaren bidez adierazia, % 73,70ekoa izan da. Halaber, epe motzeko likidezia adierazten duen ratioa, LCR (Liquidity Coverage Ratio), % 541era igo da. Kontuan izan behar da 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera % 100ekoa izan behar zuela ezarri zela.

Kaudimen handia

Kaudimenari dagokionez, LABORAL Kutxa sektoreko gainerako erakundeak baino egoera hobean dago, eta, orobat, ikuskatzailearen eskakizunak gainditu ditu.

LABORAL Kutxaren CET1 kapital-ratioa % 18,76koa da, eta guztizko kaudimen-ratioa, % 18,76koa. Beraz, erakundearen egungo datuak ikuskatzailearen eskakizunak baino hobeak dira. Alde positiborik handienak dituzten erakundeen artean dago: 10 puntutik gorako aldea du CET1 ratioan, eta 7 puntutik gorakoa, guztizko kaudimen-ratioan.

Aurrezkia

2018. ekitaldiaren amaieran, LABORAL Kutxak bitartekotutako baliabideak 21.841 milioi eurokoak izan dira; hain zuzen, 2018ko urtarriletik abenduaren 31ra bitartean, % 3,9 handitu dira.

Atalen arabera, balantze barruko baliabideak —hala nola, ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak— % 4,3 handitu dira.

LABORAL Kutxak ahalegin handiak egin ditu bezeroei inbertsio-erabakietan laguntzen eta aholkua ematen dieten profesional espezialisten sare bat lortzeko. Horri esker, inbertsio-fondoen saldoek % 5etik gorako erritmoetan handitzen jarraitu dute; ildo horretan, kontuan izan behar da Estatuko fondoen (Inverco) ondareak % 2,12ko beherakada izan duela 2018an.

Aurreikuspen- eta pentsio-planei dagokienez, Biziaro planen aldeko apustuak oso emaitza onak izan ditu: saldoek % 51,8ko hazkundea izan dute, eta partaideen kopuruak, berriz, % 43koa. 

Familien eta enpresen inbertsioa

Aurreko ekitaldian bezala, formalizatutako kredituen kopurua nabarmen handitu da; dena den, 2018ko maileguek eta kredituek izandako bultzadak ezin izan du amortizazioen erritmo bizia konpentsatu.

LABORAL Kutxaren kreditu-inbertsioa, guztira, 13.196 milioi eurokoa zen 2018ko abenduaren 31an, 2017ko abenduan erregistratutako saldoa baino % 0,9 txikiagoa. Hortaz, palanka-efektu alderantzikatuko prozesuak bere horretan jarraitu du. Estatuko finantza-erakundeena baino txikiagoa izan da; izan ere, Estatuan, azaroko datuaren arabera, sektore pribatuko kredituaren stockaren bilakaera orokorra % 2,61 txikitu da.

Bezeroen segmentu guztietan egin du gora finantzaketa-eskaerak. Familien esparruan, etxebizitza erosteko emandako hipoteka-kredituaren bolumena % 18,7 hazi da 2017ko datuekin alderatuta.

Familien kontsumorako finantzaketa-eskariak gorakada nabarmena izan du 2018ko ekitaldian. 2018ko urtarriletik abendura bitartean kontratatutako kreditu pertsonalen urteko bolumena 2017koa baino % 6 handiagoa izan da, eta kreditu-modalitate horretako guztizko saldo garbiak % 7,3ko hazkundea izan du.

Finantzaketa-mota horretan, DISPON izeneko produktuaren bidez formalizatutako kredituak dira aipatzekoak, LABORAL Kutxako ia 500.000 mila bezerori aurrez emandako berehalako kredituak, alegia. Finantzaketa-modalitate horretan formalizatutako kredituen bolumena % 8,8 handitu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Halaber, azpimarratu behar da DISPON maileguen erdiak baino gehiago online gestionatu direla oso-osorik, eta % 36 sakelako telefonoen bidez.

100 milioitik beherako fakturazioa duten enpresa txiki eta ertainek egiturazko finantzaketa lortzeko egindako eskaera berriak % 18,8 gehitu dira aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta. Bestalde, negozio txikiei eta autonomoei formalizatutako kreditu berriak % 14,5 hazi dira urtetik urtera.

Merkataritza-esparruan emandako bultzada horri esker, enpresetan egindako kreditu-inbertsioaren saldo garbia % 2 handitu da 2017ko abenduko datuekin alderatuta.

LABORAL Kutxak eta Europako Inbertsio Funtsak (EIF, ingelesezko sigletan) finantzaketa-lerro batzuk mantentzen dituzte Europar Batasunak abiarazitako zenbait programaren esparruan. Gaur egun, erakundeak hiru akordio ditu EIFarekin: EaSI Mikrokredituak, EaSI Soziala eta Innovfin. Guztira, 1.600 enpresak baino gehiagok jo dute lehentasunezko finantzaketa-lerro horietara; hain zuzen, 2017an baino % 29 gehiagok.

Aseguruak

Aseguruen negozioaren zerga aurreko emaitza arrunt globalak 38,94 milioi eurokoak izan dira 2018an, 2017an baino % 3,92 handiagoak. Emaitza horietan, aipatzekoak dira etxe-aseguruetan eta bizitza-arriskuko aseguruetan lortutako prima-hazkundeak (hurrenez hurren, % 3,1 eta % 24,7).

Bestalde, auto-, etxe- eta merkataritza-aseguruetako ezbeharren itxiera egin ondoren, bezeroei egindako gogobetetze-azterketatik ondorioztatzen diren emaitzen arabera, bezeroek 8,01eko (10etik) gogobetetzea dute erakundearekin, eta 8,09koa (10etik), ezbeharren gestioari dagokionez.

Eraldaketa digitala eta bezeroaren esperientziaren hobekuntza

LABORAL Kutxa hirugarren postuan dago Interneten erabilerarekiko gogobetetze globalari buruzko Estatuko rankingean, eta laugarren postuan, banka mugikorraren atal espezifikoari dagokionez.

LABORAL Kutxak digitalizaziorako eta omnikanalitatea garatzeko bere plana lantzen jarraitzen du. Ildo horretan, kreditu-kooperatibak hiru helburu nagusi ezarri ditu: bezeroaren esperientzia hobetzea, produktuen kontratazio digitalerako aukerak zabaltzea eta, azkenik, efizientzian aurrerapausoak egitea.

STIGA aholkularitza-enpresa independenteak finantza-erakundeekiko gogobetetze globalari buruz duela gutxi egindako konparazio-azterketak agerian uzten duenez, LABORAL Kutxa hirugarren postuan dago erakundeen ranking orokorrean. Halaber, erakundeak ahalegin handiak egin ditu bere online banka merkatuko onenetako bat izan dadin. Aipatutako txosten horrek adierazten duenez, 

LABORAL Kutxarekin kanal digitalen bidez komunikatzen diren bezeroen kopurua % 21 hazi da. Izan ere, erakundeak funtzionaltasun berriak ezartzen ditu etengabe, batez ere kanal mugikorrerako (kanal digital guztietan erabiliena), eta horrek ekarri du hazkundea. LABORAL Kutxan, online bankako erabiltzaileen % 69 sakelako telefonoaren edo tabletaren bidez sartzen da.

2018ko abendutik aurrera, LABORAL Kutxako bezeroek iPhonearen edo Apple Watch gailuaren bidez ordaindu ditzakete erosketak, Apple-rekin mugikor bidez ordaintzeko bere Apple Pay sistema merkaturatzeko sinatutako lankidetza-akordioari esker. Zerbitzuak, Touch ID eta Face ID funtzionalitateekin konbinatuta, NFC (Near Field Communication) teknologiaren bidez ordaintzeko aukera ematen die iPhonearen erabiltzaileei. Halaber, in-app erosketak egiteko ere erabil daiteke; hots, ordainketak zerbitzuari atxikitako aplikazioen bidez egiteko. Horri esker, erakundeak mugikor bidezko ordainketaren bere proposamena osatu du, 2017tik Android sistemaren bidez jarduten baitzuen.

Eta berrikuntzari eta garapen berriei dagokienez, Argitu finantza pertsonalen kontrolerako ingurune grafiko berria nabarmendu behar dugu. Haren bidez, LABORAL Kutxako bezeroek online analisi pertsonalizatua lor dezakete, gastu-motaren, aurrezkiaren bilakaeraren eta abarren arabera.

Banketxea