TUlankide MONDRAGON

LABe – Digital Gastronomy Lab inauguratu da, gastronomiaren berrikuntza teknologikora bideratuta

2019/07/09

Basque Culinary Center-ek kudeatuta, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz sortu da.
LABe – Digital Gastronomy Lab inauguratu da, gastronomiaren berrikuntza teknologikora bideratuta

Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko zuzendaria; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako sailburua; eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia.

LABe - Digital Gastronomy Lab-ek ireki ditu ateak Tabakalerako prisman, Donostian. Basque Culinary Center-ek kudeatzen duen berrikuntza irekiko living lab honek teknologia eta pertsonak integratzen ditu, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz.

Etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da, betiere kode digitalean.

Industry 4.0

“LABe ekimena Euskadiko Elikadura eta Gastronomia Planean kokatzen dugu. Berrikuntzan eta dibertsifikazioan oinarrituta, produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko lan lerroa garatzen duena”, baieztatzen du Arantxa Tapiak. “Digitalizazioa da une honetan gure herriak esku artean duen erronka nagusienetako bat eta Basque Industry 4.0 estrategiaren bidetik, enpresei gune praktiko bat eskaintzen diegu euren aukera berriak landu ditzaten. I+G froga dezakete eta produktu berrien sorrera- gune gisa erabili, horien merkaturatze prozesuari ekin aurretik”.

Gipuzkoa bere kultura gastronomikoagatik da ezaguna, eta Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du “LABe-k lagundu egingo duela Gipuzkoako sektore gastronomikoak nazioartean duen lidergo hori mantentzen, lehiakortasuna sustatzeari eta teknologia berriak aplikatzeari esker”. Olanok gogorarazi du 2deo-ren ondoren, LABe Etorkizuna Eraikiz-en esparruan ateak irekitzen dituen bigarren erreferentzia-zentroa dela; eta hau gehitu du: “LABe batera sortzeko espazioa da, esperimentazio aktibokoa eta ahalduntzekoa; gastronomia digitalaren arloko berrikuntzarako laborategia da, herritarrei irekia, eta jarduera ekonomiko berria sortuko duena”.

Zentzu horretan, Eneko Goiak hau adierazi du: “Donostia munduko erreferente izan da gastronomiaren esparruan, eta orain ere hala da. Gure hiria nazioartean zerbaitegatik nabarmentzen bada, hain zuzen ere helmuga gastronomiko gisa duen posizionamenduagatik da. Esparru honetan, Champions League-ean jokatzen dugu. Eta posizio pribilegiatu horrek ezin gaitu autokonplazentziara edo honek betiko iraungo duela pentsatzera eraman. Mundua etengabe ari da mugitzen, eta lehiakide anitz ditugu. Ezinbestekoa da gure lidergoa indartzeko erabakiak hartzea”. Goiak, halaber, hau azpimarratu du: “gure sukaldaritzaren erroetatik abiarazitako berrikuntza ekarri zuen sukaldari taldearen ikuspegiak kokatu gaitu mapan. Kalitatezko produktua eskaintzen duten ehunka jatetxe eta tabernaren eguneroko lanak mantentzen gaitu gailurrean”.

Gastronomiaren eraldaketa digitalean erreferente bihurtuko gaituen espazioa da.

Sektoreak aurre egin beharreko erronkak eta LABe-k hartuko duen rola direla eta, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, honako hau nabarmendu du: “gastronomiaren digitalizazioa errealitate bat da dagoeneko. Azken hamarkadan, berrikuntza teknologiko ugarik guztiz eraldatu dituzte etapa eta prozesu ezberdinak HORECA sektorean. Teknologia berriak bezeroaren eta gastronomia eta ostalaritza establezimenduen kudeaketaren zerbitzura ipini dira. Basque Culinary Centerreko ekintzailetza ildoarekin bat, LABe-k gastronomiaren etorkizunean kode digitalean sakontzea dakar, nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegiari esker”.

Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroak kultur eta sormen industriak inspiratu eta erakartzea du helburu, besteak beste. Edurne Ormazabalek esandakoaren arabera, Tabakalerak "sortzaile eta industrien arteko zubiak eraikitzeko eta gure lurraldean berritzaileak diren ekimen publiko-pribatuak sortzeko duen rola errealitate bihurtu da LABe iritsi izanari esker".

Berrikuntza irekiko laborategia

LABe – Digital Gastronomy Labek berrikuntza eta garapen elkargunea osatzen du, zeinak esperimentazio, proiektuen garapen eta soluzio teknologikoetarako espazio bat integratuko duen gastronomiaren balio-katea osatzen duten arloen zerbitzuan. Modu arinean batera sortzeko, esperimentatzeko eta testatzeko laborategi bat osatzen du. Halaber, I+Gren proiektu eta garapen berrien azeleratzaile gisa jarduten du gastronomiaren sektoreko enpresekin.

Berrikuntza irekiko laborategi hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOTek diseinatu dute. Bi solairu ditu eta 1.400 metro karratu, eta bertan instalatu dira, besteren artean, startup-ak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat, garapen gastronomiko berriak prototipatzeko sukaldeak, produktuak, zerbitzuak, auditorium txiki bat eta batera sortzeko espazio bat.

Digitalizazioaren eta teknologiaren bidez, aukerak eta erronkak sortzeko espazio bat osatzen du gastronomia sektorean jokatzen dutenentzat, pertsonak prozesuaren erdian kokatuz.

Orobat, Basque Culinary Centerreko ikertzaileek kudeatzen duten gastronomia-espazio bat du, eta datorren uztailaren 22tik aurrera herritarrentzat irekita egongo da. Jatetxe-espazio horietan, startupek konponbide teknologikoak ingurune erreal batean probatu ahal izango dituzte. 360º-ko esperimentazio-areto bat izango du, eta gastronomian murgiltzeko esperientziak eskainiko dira.

LABe – Digital Gastronomy Laben lan metodologia aintzatetsi du European Network of Living Labs-ek (ENoLL), Europako Living Lab onenak biltzen dituen nazioarteko federazioak. LABe-k zortzi adituko batzorde bat dauka, sektoreko erreferenteak nazioarte mailan, startup eta ekintzaile berriei laguntza emango dietenak; aipagarriak dira, horien artean, Brita Rosenheim (Better Food Ventures), Amit Zoran (Jerusalengo Unibertsitateko gastronomia digitaleko ikertzailea) eta Beatriz Romanos (TechFoodMag).

Beste alde batetik, lankidetzarako akordio estrategikoak sortzen ari dira enpresekin, startupei deialdi ireki ezberdinak aktibatzen, eta herritarrak proiektuan nahastera bideratutako jarduerak diseinatzea ere pentsatu da; Mindtegi edo Startup Weekend Donostia – San Sebastián Gastronomy (duela gutxi egina) bezalako ekintzak.

Eguraldia
Ostirala 23 Min: 10
Max: 35
Larunbata 24 Min: 16
Max: 35
Igandea 25 Min: 16
Max: 28
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak