'Kooperazioa da punta-puntako neurokirurgia egitearen parekoa'

Beñat Arzadun Olaizola (Errenteria, 1973) ingeniaria da eta hamazazpi urte daramatza Mozambike iparraldean kooperante, Arrasateko Mundukide Fundazioan. Fundazioaren laguntza 15.000 nekazarirengana iristen da eta Olaizolak, zehazki, ekoizpena hobetzeko teknikak irakasten dizkie. Aurten, inoizko irabazirik handienak lortu dituzte baserritarrek.
Card image cap
2019/12/04

Kooperante izatea erabaki eta Mozambikera ailegatu zinelarik, zer egin zitzaizun deigarriena?

Lehen aldiz Marrupara (Niassa probintzian) iritsi nintzenean egoera gatazkatsua aurkitu nuen. Begiak eta belarriak ireki, galdetu eta ulertzen saiatu, hori zen egin behar nuena. Horrela pasa nuen lehenengo urte osoa, haiengandik ikasten eta haiek ulertzen, eta uste dut horri esker atera direla ondorengo proiektuak.

Zein proiektu?

Mozambikera etorri ginenean, eskualdea garatzeko programa zabala genuen buruan, arlo produktiboa eta ekonomikoa, osasuna, hezkuntza, azpiegiturak… landuko zituena. Bizpahiru urteren buruan, ordea, konturatu ginen eremu produktibo eta ekonomikoan zentratzea hobea zela, beste arlotan txikia zela gure balio erantsia. Nekazaritza pixkanaka indarra hartzen hasi zen eta enpresa txikiak sortzen lan handia egin genuen hasieran, baina ahaleginak ez zuen emaitza handirik eman, eta behin nekazaritzan buru-belarri jarri ginenean, orduan hasi ginen emaitza onak lortzen.

Batez ere bi gauza egin ditugu emaitza oso onak eman dituztenak. Bata, hasierako garaietan, errepideak egitea, eta bestea, nekazaritza teknikak hobetzea. Esaterako, duela hamabost urte Marrupako hamar baserritar oparoenek urte osorako 200 bat euroko uzta zuten eta orain, milaka dira Marrupan uzta hobea lortzen duten baserritarrak. Aurten gainera errekorra egin dugu: hainbat teknika eta aholkuri esker hamar milioi eurotik gorako diru-sarrera izan dute baserritarrek. Hori Mozambiken da urte osorako 15.000-20.000 lanpostu sortzearen parekoa. Eta oraindik badago irabaziak handitzeko tartea.

Afrikak azken 50 urteetan egin duen eraldaketa, beste leku batzuetan mendeetan egin denaren parekoa da.

Une honetan zein da Mozambikerako plan estrategikoa?

Iparra argi dugu, hemengo baserritarren diru-sarrerak handitzea lortu behar dugu. Bestalde, gure barne funtzionamendua berrantolatzen ari gara, fundazioko dirua ahalik eta jende kopuru handienera heldu dadin. Gakoa da gero eta mozambiketar gehiago dugula fundazioan lanean; jende gazteari fundazioko martxa erakusten diogu, lanerako trebatzen ditugu eta lantaldea zabaltzen goaz, ahalik eta nekazari gehienengana iristeko.

10.000-15.000 baserritarrekin gabiltza eta dagoeneko teknikak ikasiak dituzten 200 edo 300 bat baserritar irakasle mugitzen ditugu urtean, eremu batetik bestera eta bost hilabetez. Kanpoko kooperanteak hiru gara eta idazkari eta ikuskatzaileen artean 35 langile mozambiketar ditugu.

Nola definituko zenituzke bertakoen bizi baldintzak?

Zeharo desatseginak, inork berarentzat nahiko ez lituzkeenak: gutxi eta gaizki janez, lo lurrean eginez eta hainbat garaitan hotza pasatuz, beti hauts artean, gaixotasunak tarteko, heriotza tasa altuekin...

Jendeak hobeto bizi nahi du eta une honetan hobeto bizitzeko behar duten gauza garrantzitsuenetakoa diru pixka bat edukitzea da, etxea hobetzeko, koltxoia eta mantak erosteko, edo irrati bat, eskola ordaintzeko, medikutarako… eta hori lortu ahal izateko prest daude gauza berriak ikasteko.

Mundukidek Mozambiken duen programa honek lotura du kooperatibekin. Kooperatiben filosofia nagusitzen al da zuen egitekoan ere bai?

Mondragon Kooperatibaren sortzaile Jose Maria Arizmendiarretak zioen moduan, politikariek eta soldaduek mundua gobernatu nahi dute, filosofo eta zientzialariek mundua ulertu nahi dute eta langileek mundua eraiki egiten dute. Garapena ere eraiki egiten da eta gure egitekoan ez dago limosnarik, zabaltzen diegun mezua hori da, inork ez diela etorkizuna oparituko, eurak direla euren bizitzaren jabe eta aurrera ateratzeko lana egin beharko dutela. Ideia hori Mundukide nagusiki finantziatzen duten Arrasateko eta inguruko herrietako kooperatibetatik dator.

Kooperazioarekiko iritzi kritikoa duzu.

Kooperazioa ez da erraza eta askotan arrosa kolorekoa bailitzan saltzen dute. Kooperazioa da punta-puntako neurokirurgia egitearen parekoa. Mozambike dagoen bezala dago gauzak aldatzea zaila delako, bestela eurek ere aldatuko lituzkete euren kabuz. Kooperazioan erabaki zailak hartu behar dira, sakrifizio handiak egin, zerbait funtzionatzen hasteko. Ez onartzeak dakar sarri asmo onak gehiago izatea ekintza onak baino.

Zuk esana da Europak hipermetropia duela eta Mozambikek berriz, miopia.

Hona datorren europarrak badaki herrialde garatu batek nola funtzionatzen duen edo nola bizi den, baina ez daki herrialde azpigaratu batek zein bide egin behar duen garapenera iristeko. Mozambiketarrak berriz, badaki pobrezian bizitzea zer den, baina ez daki zein bide egin behar den pobreziatik ateratzeko. Mozambiketarrei ideiak eskatzen zaizkienean ezagutzen dutenaz hitz egiten dute, errota bat gehiago, kamioi bat gehiago… Gertuko gauzak. Aldiz, Mozambikera datorren europarra txotxolokeriekin dator, komunitate honetarako aurreratuegiak diren gauzekin edo testuingurutik kanpo dauden gauzekin. Bi mutur horiek uztartzea izaten da zailtasunetako bat: hemengoak urrutiago ikusten ikasi dezala eta kanpotik datorrenak bere esperientzia hemengo errealitatera egokitzen jakin dezala.

Hemengo jendeak erabakiko balu orain arte bezala bizitzen jarraitu nahi duela, ulergarria litzateke. Baina besteek aurrera egiten badute eta zuk ez, bihar besteen menpe biziko zara.

Garapenean, zergatik geratu dira Afrikako herrialdeak atzerago?

Historiagatik. Europa erdia erromatarrek kolonizatu zuten eta horregatik ez zen azpigaratua gelditu. Erromatarrek aurrerapenak ekarri zituzten Europako beste herrialdeetara, nahiz eta garapen horrek esklabotza, zigorra eta krudelkeria ere ekarri zituen. Euroasia osoan, duela 10.000 urtetik duela 2.000ra garapen prozesu azkarra eman zen garaian, Afrika isolatuta geratu zen eta historiak erakutsi du ideia berriak sortzeko jende mugimendu handia behar dela, batzuk besteekin hartu-emanean. Saharaz hegoaldeko Afrikan jende gutxi bizi zen eta ondorioz ideia berriak erritmo txikiagoan etorri ziren, ez dago beste misteriorik. Izan ere, isolamendu hori apurtu denetik, sekulako garapena izan du Afrikak. Azkeneko 50 urteetan egin duen eraldaketa beste leku batzuetan mendeetan egin denaren parekoa da eta datozen beste 50 urteetan ere izugarri garatuko dira herrialde hauek. Munduan bidegabekeriaren aurka dagoen erremintarik onena mugimendua da. Batetik bestera mugitzeko erraztasunak egiten du ezberdintasunak gutxitzearen aldeko lanik onena.

Pobrezia ideia falta dela esan ohi duzu.

Pobrezia diru falta da, baina diru falta baino askoz gehiago ere bada, eta hori ulertaraztea sarri oso zaila da Euskal Herrian. Pobrezia umilazioa eta dependentzia ere bada. Pobrea denak obeditu egiten du eta dirua duenak agindu, eta bizitzako makina bat arlotan ikusten da hori. Pobrezia da ezjakintasuna, eskola falta, zure gertuko mundutxotik  kanpo zer gertatzen den ez jakitea, mundua interpretatzeko informazio falta, gauzak modu txukun batean arrazoitzeko eskola falta...

Zergatik da garapena beharrezkoa?

Ez da beharrezkoa, saihetsezina baizik. Hemengo jendeak erabakiko balu orain arte bezala bizitzen jarraitu nahi duela, horretarako aske dira, noski, eta ongi irudituko litzaidake. Baina besteek aurrera egiten badute eta zuk ez, bihar besteen menpe biziko zara. Hemen libre biziko naiz zuk libre bizitzen uzten didazun bitartean, zeren zuk erabakitzen duzunean hemen dagoela zuk nahi duzun urrea edo zuk nahi duzun petrolioa edo safaria, nik ez dut indarrik izango zuk erabakitzen duzunari aurre egiteko, nire bizitzaren jabe izango zara. Pertsonek eta herriek garatu behar dute autonomia garatu ahal izateko eta eurak ere ederki asko  konturatzen dira hona 4x4 batean datorrenak agindu egiten duela, eta hankutsik dabiltzanek ez dutela ez iritzirik, ez ahotsik, ez botorik.

Hamazazpi urtetan, gauza asko bizi izan duzu.

Hemen lana egiteak nagusiki bi sentimendu sortzen dizkit. Batetik, pisua eta etsipena, eguneroko miseriarekin elkarbizitzea eta zoritxarrak bata bestearen atzetik ikustea ez baita samurra. Bestetik, zerbait lortzen ari zaren sentsazioa, aurrera goazela, miseriatik ateratzen ari direla eta bertakoak pozik daudela.

Etorkizun hurbilean non ikusten duzu zure burua?

Bizitzak buelta asko ematen ditu eta inoiz ez dakizu zer pasa daitekeen. Aspaldi ikasi nuen epe luzera planik ez egiten, gaur hemen zaude, baina bihar ez dakizu, senide bat gaixotu daiteke edo aukera berri bat sortu eta beste norabait joan. Auskalo.

Zein mezu bidali nahiko zenieke euskaldunei?

Mozambiketik begiratuta, Euskal Herriko gizarteari esango niokeen lehen gauza da mundua zabala dela eta ez gaitezela bizi gure zilborrera begira. Gainera, mundu zabal horretan gauza on asko ari da geratzen, jendearen bizimodua hobetzen ari da. Eta horrez gain, esango nieke Euskal Herrian bizi dituzten zailtasunak zailtasun, munduan ongien bizi diren %5en artean dagoela euskal gizartea. Beraz, disfrutatu, eta beste batzuei ere eman aberastasun horretatik pixka bat, norbere bizi-mailatik hurbilago bizi daitezen beste horiek.

Elkarrizketa orijinala: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2668/benat-arzadun-olaizola

Kooperazio kooperatiboa