MONDRAGON euskararen irradiazio gune: lan mundua euskalduntzeko prozesuaren aintzindaria

MONDRAGON euskararen irradiazio gune: lan mundua euskalduntzeko prozesuaren aintzindaria

Euskaralan
Euskararen Plan Estrategiko Korporatiboaren barruan euskara eragileak heztea helburu hartuz, Kike Amonarrizek emandako hitzaldian kooperatiba ezberdineko 35 ordezkari inguruk hartu zuten parte.
2013/07/16

Munduan 7.000 hizkuntza daude eta 1 eta 10 bitarteko eskalan, euskara 9.mailan kokatuko genuke hiztun kopuruaren arabera. Kike Amonarriz MONDRAGON euskararen irradiazio gune izenburupean kooperatibagintzak euskararengan duen eraginaz aritu da.

Zergatik MONDRAGON euskararen irradiazio gune?
Euskal Herrian eta lan munduan MONDRAGON esparruko kooperatiba guztia lan mundua euskalduntzearen punta izan daiteke. Kooperatiba asko biltzen dituelako, oso indartsua delako eta kooperatibismoaren filosofiak euskalgintzarenarekin bat egiten duelako. Potentzialitatea handia da eta lan munduaren euskalduntzearen prozesu honetan aitzindaritza berak hartu dezakeela iruditzen zait.

Zein da lotura euskalgintza eta kooperatibismoaren artean?
Kooperatiben munduan sentsibilitate jakin bat dago. Kooperatiben sorreran harreman eta ekonomia solidarioagoak bultzatzen zituztela iruditzen zait, herriarekin eta lurrarekin lotuagoak daudenak, bertako kultura, identidadea eta hizkuntza garatuz. Horrek guztiak bat egiten du euskararen normalizazioarekin eta euskalgintzarekin. Uztarketa horretan bide emankor bat egon daitekeela igartzen dut.

Zer egin dezakete kooperatibek euskara indartzeko?
Kooperatiba bakoitzak bere bidea hartu behar du. Lurraldetasuna badugu, orain eskuragarritasuna landu behar dugu gehiago. Babesa, aitortza eta elkarlana behar ditu euskarak indarra hartzeko.
Hitzaldian aipatu da motibazioa kezka modura, motibazioa elikatzea oso garrantzitsua da, grina piztuta edukitzea. Liderrak bide horretan lagundu behar du. Era berean informazio kanalak ongi bideratzea, zuzendaritzak eta arduradunek ere bat egitea eta babesa ematea. Gero, hortik aurrera izan daitezkeen zailtasunak eta oztopoak maila teknikoan bideratu daitezke.  

Lehen aipatu duzu kanpotik hona asko begiratzen dela, zergatik?
Europako hizkuntza minorizatuen artean indar handienetakoa du euskarak. Gizartea bere alde dago, are gehiago, minoria aktibo garrantzitsua dago euskararen alde lanean. Irakaskuntzan, komunikabidetan, mugimendu sozialetan, lan munduan edo sare sozialetan eta teknologia berrietan lortu dena aurrerapauso handia da. Hemen dinamika garrantzitsua dago bere ahulezia, gabezia eta oztopo guztiekin euskararen alde, eta hori beste hizkuntza komunitate batzuetan baino indartsuagoa da.

Nola bilatu euskararen aldeko parte-hartze eraginkorra?
Helburu lorgarriak eta ilusionagarriak behar ditu jendeak. Motibazioa minoria aktiboengatik dator. Euskara teknikarien kezka hori bada, egiten dutena sinetsi behar dute. Horretarako, jendearen aldekotasuna eta jarrerak landu behar dira eta hori jendearengandik gertu egoten lor daiteke.
Gehienek baietz esan dute, euskara gehiago egin nahi dutela, hain zuzen ere, kooperatiba askotan euskara plana martxan dute. Ez daukaten lekuetan ere, neurri batzuk hartzen ari dira. Azken batean borondatea badago, neurri horiek nahikoak diren jakitea komeni da, prozesua baloratu, jarraipena eman eta hobetzen saiatu.