FEEko euskara batzordeen topaketak

FEEko euskara batzordeen topaketak

EuskaraLan
Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkarteko lantegietan hamaika Euskara Batzorde dituzte. Horietako kide gehienek elkarrekin eman zuten ekainaren 11ko goiza, hurrengo Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko ekitaldian. Kontseilu Errektoreko presidentea eta zuzendari nagusiek ere parte hartu zuten Kontseilu Sozialetako hainbat kiderekin batera.
2012/07/25

Lan-jardun emankorra suertatu zen, egoera latzaren gainetik eta biziko dituzten aldaketen gainetik, euskaraz lan egin nahi dutela berrestera etorri zena. Kontu asko bildu zituzten eta etorkizuneko erronkak zehaztu guran jardun zuten, sano hitz egin zuten, batzordekideak bozkatuta hautatzeaz, eleaniztunak izateko euskaraz lan egiteko gaitasuna frogatu beharraz, euskara hutsezko gune eta kanalez, aisialdiarekiko loturez,….

Badute datozen urteotako ibilbiderako orea prestatzeko gaia!

FEEko euskara batzordeen topaketak

Araban ere bideak urratzen

Euskararen normalkuntza hizpide hartuta, Arabako kooperatibei zuzendutako topaketa antolatu zuen MONDRAGONek ekainaren 21ean.  Hitzordua Electra Vitorian izan zen, egun euskara plana indarrean duen Korporazioko enpresa arabar bakarrean. Topaketaren helburua: euskara planik ez duten kooperatiba arabarrei inguruko enpresek eta  egoera soziolinguistiko antzerakoa duten enpresek euskararen alorrean zertan diharduten gerturatzea. Horrela,  topaketara bertaratu ziren Coinma, Aurrenak, Loramendi eta URSSA kooperatibek beste batzuek euskararen alorrean daramatzaten  dinamiken berri  jaso zuten.  Bertan izan ziren euren esperientziak azaltzen  Araban euskara planekin diharduten Korporazioko Electra Vitoria eta Fagor Etxetresna Elektrikoen Biltegiko koordinatzaileak ,  Korporaziokoa ez den Cegasa enpresakoa (euskara planaz ari den beste industria enpresa arabarra), eta baita Nafarroan kokatutako Korporazioko Mapsa eta Ederlan Tafalla enpresetako euskara koordinatzaileek ere. Halaber,  Maier Navarra, Mapsa, Embega, LKS, Euskadiko Kutxa, Soterna eta Fagor Ederlan Tafallak osatzen duten Nafarroako Euskara Batzordearen dinamika eta funtzionamenduaren berri ere eman zitzaien arabarrei, MONDRAGONen helburua baita, besteak beste, Araban ere euskararen garapenaren norabidean jardungo duen batzordea eratzea.  Bertaratuek aukera bideragarritzat hartuta, MONDRAGONen laguntzaz udazkenean bide horri ekiteko konpromisoa hartu zuten.