Hazikoop up!ek startup kooperatiboen belaunaldi berri bat bultzatzen du

Hazikoop up!ek startup kooperatiboen belaunaldi berri bat bultzatzen du

Marta Areizaga, Hazikoopeko zuzendaria
Berrikuntzak lana antolatzeko, erabakiak hartzeko eta sortutako balioa banatzeko modu berriak esploratzea ere badakar.
2026/11/04

Adimen artifiziala, osasun digitala, 4.0 industria edo ekonomia zirkularra ekonomia berri bat eratzen ari dira. Gaur hartzen diren erabakietatik sortuko dira datozen hamarkadak markatuko dituzten enpresak. Eta eraldaketa horretan, euskal kooperatibismoak esperientzia, ezagutza eta gaitasuna ditu ekarpena egiteko eta protagonismoa bere gain hartzeko.

Helburu horrekin jaio da Hazikoop up!, Hazikoopek B Accelerator Tower BATetik bultzatutako teknologia-proiektu kooperatiboen eta startupen inkubadora eta azeleratzailea. Ekimen honen helburua da eredu kooperatiboa ekintzailetza- ekosistemara hurbiltzea eta teknologian, berrikuntzan eta ezagutzan oinarritutako proiektuei laguntzea, enpresa bideragarri, eskalagarri eta lehiakor bihurtzen laguntzeko.

Lehen deialdiak 15 proiektu bildu ditu, hala nola adimen artifiziala, dronak, osasun digitala, 4.0 industria, hezkuntza, elikadura jasangarria eta ekonomia zirkularra bezalako esparruei lotutakoak. Horietako bederatziek adimen artifiziala txertatzen dute, erdiek baino gehiagok badute gutxieneko produktu bideragarri bat, eta hainbat ekimenek lehen salmentak, proiektu pilotuak edo balioztatze komertzialak lortu dituzte. Gainera, % 69k emakumeak ditu beren talde sustatzaileetan.

“Asmoa da datozen erreferentziazko enpresa teknologiko batzuk kooperatiba gisa jaiotzea eta haztea”

Bost proiektu aukeratu dituzte inkubazio eta azelerazioko lehen ibilbidean parte hartzeko. Programak irauten duen bitartean, prestakuntza, mentoritza, finantzaketarako sarbidea eta berrikuntza- ekosistemarekiko konexioa jasoko dituzte. Helburua beren negozio-ereduak sendotzea, beren irtenbideak balioztatzea eta taldeak kooperatiba gisa eratze eta hazteko prestatzea izango da.

Baina Hazikoop up!en asmoa bost ekimen horiei laguntzeaz haratago doa. Programak bidea urratu nahi du eta erakutsi nahi du startup teknologiko bat ere garatu daitekeela partaidetzan, partekatutako talentuan eta lurraldearekin hartutako konpromisoan oinarritutako eredu batetik. Izan ere, berrikuntza egitea ez baita irtenbide berriak sortzea bakarrik: lana antolatzeko, erabakiak hartzeko eta sortutako balioa banatzeko modu berriak esploratzea ere badakar.

Hazikoopek, lehen Elkarlan zenak, hogei urte baino gehiago daramatza enpresa kooperatiboak sustatzen. Hazikoop up!ekin, orain, esperientzia hori Euskadiko erronka ekonomiko eta sozialei erantzuteko irtenbide teknologikoak garatzen ari den ekintzailebelaunaldi berri baten zerbitzura jartzen du.

Asmoa da datozen erreferentziazko enpresa teknologiko batzuk kooperatiba gisa jaiotzea eta haztea. Gure ekonomiaren etorkizuna eraikitzen ari da dagoeneko, eta kooperatibismoak prozesu horren parte izan nahi du lehen egunetik.