Gizarte-erantzukizunari buruzko jardunaldia Bidasoako campusean

Bidasoa eskualdeko unibertsitateko, batxilergoko eta lanbide-heziketako 70 ikaslek gizarte-erantzukizunaren inguruko 10 gaiei buruz gogoeta egiteko aukera izan dute, eskualde horretako arazo errealei irtenbideak emateko.
Card image cap
Saria jasotako ikasleak.
2012/02/24

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko Mugi-Hadi elkarteko ikasleek eta zenbait irakaslek antolatu zuten gizarte-erantzukizunari buruzko jardunaldia Enpresagintza Fakultatearen Bidasoako campusean. Guztira, fakultate horretako 40 ikaslek eta Irungo La Salle institutuko batxilergoko eta lanbide-heziketako 30 ikaslek hartu zuten parte.

Jardunaldia bat dator Mondragon Unibertsitateak gizartea aldatzeko hartua duen konpromisoarekin. Honako helburu hauek ditu:

  • parte-hartzaileek Bidasoa eskualdeko arazoekin lan egitea -Emaus, Bidasoa Activa eta Ekoliderrak aurkeztutakoak- eta horiei irtenbide bat ematea;
  • adin-talde ezberdinetako pertsonen arteko kohesio soziala sustatzea;
  • parte-hartzaileek esperientziak elkarri trukatzea eta, azkenik, elkarlanean arazo errealetarako konponbideak asmatzea.

Proposamenik onenarentzako saria

Jardunaldia otsailaren 22an hasi zen, gizarte-erantzukizun korporatiboaren esanahiaren inguruko gogoetarekin. Gogoetaren oinarria hauxe izan zen: enpresa-kudeaketan irizpide etikoak txertatuz ingurunean sortzen diren erronka nagusiei erantzuna ematea, interes-talde guztientzako balioa sortu eta banatzeko.

10:00etatik 11:00etara bitartean, Luxio Ugarte Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen Bidasoako campuseko dekano-ordeak jardunaldiaren helburuak aurkeztu zituen. Aurkezpenaren ondoren, diziplina anitzeko lantaldeak osatu eta Bidasoa eskualdeko arazo nagusiei -sozialei, ekonomikoei eta ingurumenaren arlokoei- heldu zitzaien. Arratsaldeko saioan, sortutako taldeak arazo horietarako irtenbideak eraikitzen hasi ziren, elkarlanean.

Ostegunean, hilaren 23an, Emausek parte hartu zuen gai hau hizpide hartuta: "Badakizu zer den bidezko merkataritza?" Talde-tailerra eskaini zuen horren gainean. Ondoren, taldeek proposamen guztiak azaldu zituzten eta, 11:30 eta 13:30 bitartean, epai-mahaiak hiru finalistak saritu zituen, sektore bakoitzeko bat. Azkenik, jardunaldiko proposamenik onena aukeratu eta talde irabazleari sari berezia eman zitzaion.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa