Gipuzkoako eragile nagusiek euskararen erabilera bultzatzeko adierazpena sinatu dute

Besteak beste, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, Euskadiko Kutxa, eta MONDRAGONek sinatu dute "Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena".
Card image cap
2017/11/30

Gipuzkoa berdinago egitasmoaren ondorioak aurkeztu dituzte  Gipuzkoako Foru Aldundian lurraldean erreferentzia diren 18 erakunde, elkarte eta enpresek, azken sei hilabeteetan elkarlanean egindako lanaren ondoren. Lankidetzan egindako bidearen ondoren, jendaurrean euskararen erabilera bultzatzeko jokabidea jasotzen duen adierazpena adostu dute, zeinetan hizkuntzen arteko “bizikidetza orekatuagoa” bilatzen den.

Apirilean abiatu zuten lurraldeko hainbat eragile eta enpresek, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Gipuzkoa berdinago egitasmoa, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik  jendaurrean komunikatzeko garaian eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostu asmoz. 

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren gidaritzapean, bilera egin dute prozesu honetan parte hartu duten eragileetako lehen mailako ordezkariek –Adegi, Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatea, Bera-Bera Eskubaloia, Fagor Taldea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Euskadiko Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Mondragon, CAF eta Foru Aldundia bera–. Batzarrean izenpetu dute Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena. Sinatzaileek, lurraldean duten “erreferentzialtasunetik”, euskararen aldeko “jokabide aktibo bat” mantentzeko konpromisoa berretsi eta horretarako neurri multzoa adostu dute. 

Sinaduraren ondoren, “bi hizkuntza ofizial ditugu lurraldean, baina bistakoa da bien erabilera ez dela orekatua. Esparru batzuetan euskararen presentzia oraindik txikia da, nahiz urratsak egiten ari garen. Herritarrari bermatu nahi diogu bi hizkuntza ofizialetatik nahi duenean jarduteko askatasuna, baina gaur gaurkoz errealitateak erakusten du aukera hobeak –eta errazagoak–  daudela gaztelaniaz”, gogoeta egin du Olanok.

Euskarari lehentasuna

Gogoeta hori abiapuntutzat hartuta, Gipuzkoa berdinago adierazpenak “euskarari lehentasuna ematen dion jokamolde orekatzailea” proposatzen du. Sinatzaileek, “orain arte hizkuntza jokabide ezberdinak” izan dituztela aitortzen badute ere, “hizkuntza berdintasunaren alde elkarrekin egiteko urratsak” gauzatuko dituzte. Jokabide partekatu horiek gidatzeko jokabidea adostu dute, bide horretan, hizkuntza irizpideak finkatu eta barneratzeko; hizkuntza trebakuntza bultzatzeko; hedabideekin harremanak bideratzeko, hizkuntzen arteko oreka indartzeko eta jendaurreko ekitaldiak antolatzeko garaian.

Aurkezpenean, diputatu nagusiaz gain, Real Sociedad taldeko lehendakari Jokin Aperribayk eta Mondragoneko Kongresuko lehendakariak Javier Goienetxeak hartu dute hitza. Javierrek MONDRAGONek euskara arloan eginiko bidea azpimarratu du, "gure kongresua eta Batzorde Iraunkorreko bilerak euskeraz egiten dugu gaur egun" eta korporazioaren konpromisoa berretsi Gipuzkoa Berdinago egitasmoak eman duen adierazpen bateratuarekin.