Gaurtik ostiralera bitartean Huhezinema jaialdia Aretxabaletan

Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioa gaur hasiko da Aretxabaletan.
2019/04/02

Zinemaz eta ekitaldi anitzez osatutako lau egun izango dira: Jaialdia Arkupe aretoan eta Aretxabaletako Huheziko fakultatean egingo da eta Huhezinemak ikasle, zinemazale, zinemagile zein herritar oro gonbidatzen ditu jaialdia gozatzera. Aurten 44 film labur eta luzemetrai bat izango dira ikusgai.

Lehenengo aldiz jaialdia lau egunetan zehar ospatuko da. Egutegi aldaketa horrek
badauka arrazoi nagusi bat, izan ere, aurten, sail berri bat gehituko zaio egitarauari.
Martxan! deituriko atal berria, unibertsitateko ikasleei zuzenduta dagoena.
Ikasleen eta sektoreko profesionalen arteko harremanak indartzeko, tutoretza
formatuko bilera pertsonalizatuak eskainiko dira proiekturen bat martxan daukaten
ikasleentzat.

Bertan, haien proiektuen inguruko zalantzak zein galderak partekatu ahalko dituzte, profesionalen aholkularitza jasoz. Tutoretzen ondoren, profesionalek masterclass-ak eskainiko dituzte unibertsitateko ikasleentzat. Bi egunez ospatuko da atala eta egun bakoitza zinemaren arlo ezberdin bati zuzenduta egongo da.

 

Aurten 5.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan

Lehenengo egunean, ekoizpena eta gidoigintza landuko dira eta bigarrenean aldiz, banaketa. Eta aurtengo egitaraua borobiltzeko ekitaldi ikusgarri bat: Bacon FX. Pertsonaiak gorpuzteko behar-beharrezkoak diren elementuak izango dira aurtengo kaleko ekitaldiaren ardatza: protesiak, makillajea, arropak... Efektu berezietan aritzen diren adituak etorriko dira Huhezinemako bigarren egunean, eta protesiak nola egiten diren eta pertsonaiak fisikoki nola sortzen diren erakutsiko digute.

2019ko antolatzaileak eta babesleak

12. edizio honetan; eta urtero bezala, talde antolatzaile berria izango da. Oraingo
honetan, 16 ikasle ibiliko dira jaialdiaren antolakuntzan Iban Del Campo irakaslearen
gidaritzapean. Aurtengo edizioan ikasle hauek arituko dira lanean: Leire Zarate, Irati
Vergara, Haizea Azpilikueta, Eneko Zuberogoitia, Ane Zuazubiskar, Julen Yusta,
Irati Gonzalez, Pablo Oteiza, Asier Ugarte, Andoni Marquinez, Gari Suarez, Unai
Portilla, Malen Iruretagoiena, Egoitz D. Ibargoitia, Irati Briñas eta Itsaso Garmendia.

Beste urte batez, edizio hau posible egiteko, erakunde publiko eta pribatuen ekarpena
izan du jaialdiak; sari erakargarriagoak banatu eta ekintza gehiago antolatu ahal
izateko (aurten 5.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan). Babesle nagusiak
Aretxabaletako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Saila dira. Kolaboratzaileak:
Mundukide, Ogeita4, Goiena, Ausolan eta Danobat. Eta, azkenik, laguntzaileen
artean daude: Zinea, Jakion, Berria, Jausoro Ostatua, Hazi, Bedarreta, Arrasate
Hotela, Gaztezulo eta Inprenta.eus.

Epaimahaia

Urtero, zineman dabiltzan profesional euskaldunak ekartzen saiatzen da Huhezinema
jaialdiko epaimahai ofiziala osa dezaten eta aurtengoan Iratxe Fresneda, Natxo
Rodriguez eta Izaskun Arandia izango dira epaimahi nagusiak. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 5ean egingo dugu, Aretxabaletako Arkupe aretoan.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa