Irakurriena
- 1. Loramendik ‘Made in Euskadi’ saria jaso du Euskal Enpresaren Gauean
- 2. MONDRAGONen X. Finantza Foroak 140 lagun bildu ditu Garaia Parke Teknologikoan
- 3. Felipe VI.ak MONDRAGON bisitatu du, haren eredua eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara ezagutzeko
- 4. “Eroski lan egiteko leku aberasgarri egiten jarraitu behar dugu”
- 5. MONDRAGONek Mexikoko filialen arteko kooperazioa indartu du
- 6. Elkartasuna nagusi Mundukideren lasterketan
“Futbolak amaiera bat du, eta behin etapa hori bukatutakoan bizitzak jarraitu egiten du”
2030era arte berritu duzu Realarekin. Zer esan nahi du zuretzat klubak zugan jarritako konfiantzak?
Lasaitasuna eta motibazioa ematen dit. Klubak nigan konfiantza duela jakiteak erakusten dit gauzak ondo egiten ari naizela, eta lanean eta hobetzen jarraitzeko indarra ematen dit.
Zein helburu jarri diozu zeure buruari denboraldi honetarako?
Ahalik eta minutu gehien jokatzea, bai Sanserekin eta bai lehen taldearekin. Nahi dudana da entrenatzaileek nigan konfiantza izatea, eta horretarako aukera bakoitza aprobetxatu eta zelaian zer egiteko gai naizen erakutsi behar dut.
Lehen taldearekin Kopan jokatu duzu eta aurten ere haien dinamikan egon zara. Nola bizi duzu esperientzia?
Aurten denboraldiaurretik nago lehen taldearekin entrenatzen, eta eguneroko dinamikan gehiago sartuta nago. Sanse bigarren mailara igotzeak ere jauzia txikiagoa egitea ekarri du, baina lehen taldean presio eta esperientzia maila handiagoa nabaritzen dira. Inguruan ibilbide luzeko jokalariak izateak asko ikasteko balio dit.
“Zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta gehiago erakutsi ahal izango dut zelaian zer egiteko gai naizen”
Ingeniaritza eta futbola uztartzea ez da erraza izango…
Ez da batere erraza. Klaseak eta entrenamenduak ordutegi berean izaten dira askotan, eta horregatik nire erritmoan egiten ari naiz gradua. Ez naiz ikasgai guztietan matrikulatzen, eta asteburuak eta arratsaldeak aprobetxatzen ditut eguneratuta egoteko.
Mondragon Unibertsitatearen aldetik, gainera, laguntza handia jasotzen dut. Irakasleekin etengabeko harremana daukat eta nire egoerara egokitzeko malgutasuna eskaintzen didate. Gertutasun hori da gehien baloratzen dudana.
“Bai futbolean bai ingeniaritzan elkarlana funtsezkoa da. Pertsona bakoitzak bere eginkizuna du, baina helburuak lortzeko denek norabide berean lan egin behar dute”
Zergatik da garrantzitsua zuretzat ikasketekin jarraitzea?
Futbolak amaiera du, eta behin etapa hori bukatutakoan bizitzak jarraitu egiten du. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da ibilbide akademiko bat ere izatea. Pertsona moduan hazteko balio dit, eta etorkizunean beste aukera profesional batzuk izateko prest egoteko ere bai.
Futbolak eta ingeniaritzak badute antzekotasunik?
Biek antolakuntza, elkarlana eta analisia eskatzen dituzte. Futbolean taldearen mesedetan lan egin behar duzu, eta ingeniaritzan ere helburu bat lortzeko pertsona guztiek norabide berean lan egin behar dute.
Ingeniaritzak, gainera, ordenaren eta gauzak pausoz pauso egitearen garrantzia erakutsi dit. Futbolean ere xehetasun guztiak kontuan hartu behar dira helburuak lortzeko.

2026ko apirilean Realak irabazitako Errege Kopa.
Galdera motzak
Entrenatzeko momentu gogokoena?
Goizak.
Entrenatzeko musika: bai ala ez?
Entrenatzen ez, baina autoan beti.
Podcast bat?
Jordi Wilden The Wild Project.
Liburu bat?
Invicto.
Telesail edo film bat?
Prison Break.
Futbolaz gain afizio bat?
Tenisa.
Uda ala negua?
Uda eta beroa.
Eguneko momenturik gustukoena?
Entrenamenduaren ostean, taldearekin kafea hartzeko momentua.
Amets bat?
Realarekin partida asko jokatzea eta tituluren bat irabaztea.