Fagor Etxetresnetako bezeroarendako arreta zerbitzua 24 orduz egongo da eskuragarri

Fagor Etxetresnek urteko egun guztietan, 24 orduan emango du bezeroarendako arreta zerbitzua, bere lau marken telefono zenbakien bidez: De Dietrich, Fagor, Edesa eta Aspes. Horrela jakinarazi du Arrasateko kooperatibak gaur. Horrez gain, konponketak laneko 24 orduan egitera konprometitu da.
Card image cap
2012/01/11

Fagor Etxetresnen bezeroek edozein momentutan deitu dezakete, produktu eta zerbitzuen edo salmenta lekuen gainean informazioa eskatzeko, zalantzak argitzeko, produktuen esku-liburuxkak eskatzeko edo zerbait hondatu dela abisatzeko. Abisu horiek jaso eta 24 lan-orduren barruan konpontzeko helburua jarri dio Fagorrek bere buruari.

Iaz, Bezeroarendako Arreta Zerbitzuak 1.200.000 kontaktu baino gehiago atenditu zituen, eta arduradunek uste dute, zerbitzua handituta, aurten dei gehiago izango dituztela.

Fagor Etxetresnen zerbitzu tekniko sareak Hego Euskal Herriko eta Espainiako 100 leku baino gehiagotan ematen du taldearen markendako zerbitzu esklusiboa. AENOR ISO 9001.2008 Kalitatearen Kudeaketa Sistemen Agiria duen zerbitzu-sare bakarra da.

Fagorren Zerbitzu zuzendari Kepa Untzillak esan duenez, pertsonenganako orientazioa "Fagor Etxetresnen balore korporatibo garrantzitsuenetariko bat da. Horregatik, gero eta produktu eta zerbitzu hobeak ematen ahalegintzen gara". Bere esanetan, "Bezeroarendako Arreta Zerbitzua handitzeak ahalegin handia eskatu digu, baina benetan uste dugu bezeroak jasoko duen onurak eta balio erantsiak ahalegina soberan gaindituko duela".

Iturria: Goiena.net