Irakurriena
- 1. Kooperatiben Korrikako argazki galeria ikusgai
- 2. Aldapako Korrika arrakastatsua
- 3. Laboral Kutxaren 'Zentzua' esperientzia, TU Lankideren gai nagusia
- 4. 'Nature' aldizkariaren arabera desberdintasunaren aurkako eta jasangarritasunaren aldeko eredua da MONDRAGON
- 5. MONDRAGONeko kooperatibek 55 kilometro eta hamarnaka ekimen Korrikan
- 6. Bexen Cardiok bat egin du Korrika 23rekin
- 7. Fagor Electrónicak Triax Digital Solutions (TDS) erosi du, egoitza eta hirugarren sektorerako multimedia soluzioen merkatua gidatzeko
- 8. Nerea Aranguren, DanobatGroupeko eta MIAko zuzendari nagusia eta MONDRAGONeko lehendakariorde berria
- 9. Kooperatibismoaren emakume aitzindariak omen dituzte Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek
- 10. 74ko sortzaileei omenaldia egin diete Aurrenak kooperatiban
EROSKIk 8 tona emango dizkie Elikagai Bankuei
EROSKIk zortzi tona janari emango dizkie dohaintzan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuei, dendetan kanpaina betean dihardu-eta Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin. Bai EROSKIk eta bai bezeroek emandakoarekin, hiru lurraldeetako Elikagaien Bankuek baliabide gehiago izango dute janaria eta higiene produktuak erosteko, eta, horrela, orain arte bezala lagunduko diete behartsuenei beren oinarrizko premiekin; gainera, berehalako ekarpen bat egingo diete kolektiborik zaurgarrienei datozen hilabeteetan.
Ekimen horren bitartez, EROSKIk elkartasuna erakustera deitu ditu EAEko saltoki sare osoko bezeroak, ordainlekuetan ekarpen bat egin dezaten, aurten ezingo baita urteroko Kilo Operazioa martxan jarri. Osasun krisi honetan ezarri dituzten prebentzio eta babes neurriak direla eta, ez daiteke egon Elikagaien Bankuen boluntariorik dendetan.
"EROSKIk badaki nola erasaten dien krisiak gizarteko kolektiborik zaurgarrienei. Oraingoan ere, gure laguntza eta elkartasuna berehalakoak izan dira Elikagaien Bankuen alde, lan eskerga egiten ari baitira une hauetan beharrean direnei laguntzeko. Gure bezeroek egingo duten ekarpenarekin batera, gehien behar dutenei elikagai faltak sorrarazten dizkien arazoak arintzen lagunduko dugu guk ere", azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
"Beste behin, eskerrak eman nahi dizkiogu EROSKIri, sektorerik ahulenen alde erakusten duen konpromisoagatik; xede horrek batu egiten ditu bi erakundeak, batez ere pandemiaren krisiaren ondorioak sufritzen ari garen une hauetan", esan du Arabako Elikagaien Bankuko presidente eta Elikagaien Bankuen erkidegoko federazioko presidente denak, Daniel Fernandez Condek.
Hogei urtean baino gehiagoan Elikagaien Bankuekin lanean
1996an hasi zen EROSKI Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak eta kontsumitzaileek berek proposatuta, behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen kolektiboari elkartasuna erakustea galdegiten zuten eta. Hala, urte horretan bertan hasi zen Kilo Operazioa, elikagaien bilketa kanpaina, EROSKIko dendetan.
Gero, EROSKIk martxan jarri zuen kontsumitze data hurbil zuten baina oraindik ziurtasun osoz jateko onak ziren elikagai ontziratuen donazioaren programa. EROSKIren programa horrek eta Elikagaien Bankuak jarraitzen dute 'Ez alferrik galdu' konpromisoarekin, jateko on den elikagairik ez botatzeko bere hipermerkatu eta supermerkatu sare guztian. Krisi ekonomikoaren lehen ondorioak hastearekin, EROSKIk eta FESBALek janari freskoetara zabaldu zuten programa hori; horretarako, beharrezkoa izan zen dohaintzaren logistika berriz definitzea, hotz kateari eusteko eta ziurtatzeko elikagaiak segurtasun osoz ailegatzen direla hartzaileengana.
EROSKIk egin duen lana aitortu izan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hain zuzen, hori da Federazioaren saririk handiena, sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmendu diren erakundeei ematen diena.