TUlankide MONDRAGON

EROSKIk 500 erreferentziatik gora ditu marka propioko freskoetan

2018/09/04

Halaber, lankidetza hitzarmenak egiten ari da Jatorri Izen Babestuak eta Adierazpen Geografiko Babestuak dituzten tokian tokiko ekoizleekin eta nazioarteko MSC eta Global GAP zigiluak dituztenekin.
EROSKIk 500 erreferentziatik gora ditu marka propioko freskoetan
EROSKI sendo ari da produktu freskoen alde elikadura osasungarriagoa sustatzeko, eta, alde horretatik, EROSKI Natur marka egokitzen ari da Osasunaren eta Iraunkortasunaren alde hartuak dituen konpromisoetara.

Kooperatibak freskoen eskaintza handitu du marka propioetan, eta EROSKI Natur markari dagokionez, 500 erreferentzia pasa ditu fruituetan eta barazkietan, haragian eta arrainetan, eta produktu kategoria gehiago gaineratzen ari da; besteren artean, landako arrautza freskoak, aske bizi diren oiloek errunak.

Alde horretatik, EROSKI aldaerarik onenak hautatzen saiatzen da, zaporean bereizgarri izan daitezen eta era iraunkorrean ekoitziak direla bermatzeko. Hala, kooperatiba pausoak ematen ari da hornitzaileekin lankidetza hitzarmenak eginez, iraunkortasuna berma dezaten dela ziurtagirien bidez edo dela Jatorri Izen Babestuen eta Adierazpen Geografiko Babestuen bidez.

Iraunkortasunaren ziurtagiria duten produktuak

EROSKI Natur markako fruitu eta barazkiak ekoizten dituzten hornitzaile guztiek Global GAP izeneko ziurtagiria eduki behar dute, edo Ekoizpen Integratuko ziurtagiria bestela. Bi ziurtagiriek bermatzen dute produktua era iraunkorrean landua izan dela, eta, hortaz, ingurumen eragin txikiagoa dutela eta inguruneari laguntzen diotela; eta, ahal den guztietan, gainera, tokian tokiko produktuen eta ekoizleen alde egiten dela. Gainera, EROSKIk Jatorri Izena eta Adierazpen Geografiko Babestua duten produktuekin dihardu; izan ere, kalitatearen eta jatorriaren bermea ematen dute, eta landa ingurunea garatzen laguntzeko modua. Era berean, ekoizleek merkaturako sarbide hobea ematen diete, eta sustatu egiten dira ekoizpen metodo naturalagoak eta iraunkorragoak.

EROSKI Natur arrainak bermatzen du arrantzaleku iraunkorretatik datorrela, MSC Marine Stewardship Council ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori mundu osoan da ezaguna; hala, ekoetiketa urdina daramaten produktuek bermatzen dute arrantzaleku iraunkorretan harrapatuak izan direla, nola eta natura errespetatzen duten metodoekin; gainera, etiketaren kontrol eta argitasun zorrotza dute, eta trazabilitatea bermatua dago zaintza kateari esker. EROSKI bihurtu zen orain urtebete txikizkako lehen banaketa-enpresa MSC ziurtagiria eskuratu zuena arrantzaleku iraunkorretatik datorren arrain freskoa komertzializatzeko. Kooperatibaren arrandegietan, hor aurki ditzakegu Skrei bakailaoa, hegaluzea eta Kantauriko antxoa. Guztiak ere, EROSKI NATUR markakoak eta MSC ziurtagiria dutenak. Horretaz gainera, EROSKI lehen banatzailea da akuikulturako Global GAP ziurtagiriak zaintza-katearen gainean egiten duen ikuskaritza gainditu duena; horrek bermatzen du arrandegian saltzen diren espezieak —era horretan hazitakoak— bide seguruak eta iraunkorrak erabiliz ekoitzi dituztela. Hala, bere dendetako arrandegitan salgai ditu urraburua, arrano-berrugeta, lupia eta erreboiloa GGN ziurtagiriarekin eta freskoen marka propioarekin.

EROSKI Naturrek, bestalde, kooperatiba dagoen eskualdeetako abelgorri haragia eskaintzen du, hots, tokian tokiko txahala, non eta EAEn, Nafarroan, Galizian, Balearretan eta Katalunian; zenbait eremutan, Adierazpen Geografiko Babestua aitortzen dute. Guztiak ere bat datoz ezaugarri batean: tokiko hornitzaileetatik datoz, eskualdeko larreetan bazkatzen dira eta buruak hazteko era tradizionala darabilte. Hori guztia, zalantzarik gabe, nabaritu egiten da zaporean, eta, gainera, landa ingurunea sustatzen eta ingurumena errespetatzen laguntzen du.

Kooperatibaren beste aurrerapenetako bat orain dela gutxi lortua du, hau da, lurrean bizi diren oiloek errundako arrautzen bolumena handitzea bere dendetan EROSKI Natur markarekin. Kooperatibak konpromisoa hartzen du 2024rako bere denda sareko arrautza guzti-guztiak kaioletatik kanpo hazitako oiloek errunak izango direla.

Elikadura iraunkorragoa sustatzen

Kooperatibak begiratzen du prozesu guztiak, ekoizpenetik hasi eta dendetako operazioetara, ahalik eta erantzukizunik handienarekin egiten direla. Elikadura iraunkorragoa sustatzea dago kooperatibak orain dela gutxi berritu dituen Osasunaren eta Iraunkortasunaren aldeko konpromisoetan. "Ingurunearen garapen soziala eta ekonomikoa sustatu nahi ditugu, enplegua indartu eta tokian tokiko aberastasuna bultzatu, bai eta tokian tokiko gastronomiaren kultura errespetatu ere; izan ere, azken helburua da EROSKI NATUR markaren medioz produktu freskoen kontsumo arduratsuagoa sustatzea", esan du Alejandro Martinez Berriochoak.

Eguraldia
Larunbata 8 Min: 17
Max: 32
Igandea 9 Min: 17
Max: 36
Astelehena 10 Min: 20
Max: 32
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak