Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
Ermua, aitzindari herritarren kardio-babesean
Ekimen publiko-pribatua da, herritarrak eta herriko elkarte sare oparoa oinarri dituena eta kanpoko desfibriladore automatikoak -DEA- instalatzeaz gain Oinarrizko Bizi Euskarrian eta DEAren erabileran trebatutako boluntarioen sare bat eratzeko balio izan duena. Boluntarioen talde horrek "erreskatatzaileen" sarea osatuko du, eta horrekin lortuko da Ermua edozein kontingentzia kardiobaskularri ahalik eta azkarren erantzuteko prestatuta egotea, eta horretarako azpiegitura egokiak edukitzea.
22 DEA ekipamendu
Christian Erikssen futbolari daniarrak Eurokopan izan berri duen ezbeharrak gaurkotasunera ekarri ditu desfibriladoreak, bihotz-biriketako bat-bateko geldialdi batek dakarren egoera leheneratzea ahalbidetzen duten gailuak. Hala, "Ermua hiri kardio-babestua" proiektuak berekin dakar herriko hainbat puntutan kanpoko desfibriladore automatiko berriak (DEAk) ezartzea, kalean bertan eta eguneko 24 orduetan erabiltzeko moduan, konortea galtzea dakarren bihotzeko edozein gertakariri erantzuteko. Guztira, 10 gailu dira, eta eraikin publikoetan, egoitzetan edo enpresen eta supermerkatuen instalazioetan lehendik dauden 12 gailuei batuko zaizkie.
Bihotz eguna
Aldi berean, joan den larunbatean "bihotz eguna" antolatu zen Ermuko San Pelaio parkean. Sentsibilizaziorako eguna izan zen, eta 'Ermua hiri kardio-babestua' proiektuaren lehen zatiari amaiera emateko balio izan zuen. Gerta daitezkeen larrialdietan laguntzeko eta artatzeko prestakuntza jaso duten boluntarioen sarea –200 erreskatatzaile– aktibatzeko ere balio izan zuen.
Ekitaldia San Pelaio parkean egin zen; 10:00etan hasi eta 13:00ak arte luzatu zen, eta bertan parte hartu zuten Mirene Morenok (Super Amara BeraBera) eta Anne Erauskinek (ZEV Bm Zuazo) Guerreras Iberdrola Ligako eskubaloi jokalari eta enbaxadoreek. Hainbat erakundek, esaterako, Gurutze Gorriak, Dyak, Ludus Globalek, Teknodidaktikak, EHUk eta Bexen Cardiok, 6 karpa edo gai jakinetako postuak jarri zituzten eta horien bidez salbamendu eta larrialdi kasuetan sorospen zerbitzuek erabilitako materiala eta ekipamendua ikusi eta probatu ahal izan zen, baita bihotz-biriketako bizkortze simulazioak (BBB) egin ere.
Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek adierazi zuenez, "Harro egoteko modukoa da proiektu honetan parte hartzea, prebentzioaren, zientziaren eta teknologiaren aldeko apustua egiten baitu, herritarren babesaren zerbitzura, eta beste udalerri batzuetara zabaldu ahal izatea espero dugu". Gainera, esker oneko hitzak izan zituen Osatu kooperatibarentzat –Bexen Cardio bere marka komertziala da– Bizkaiko udalerriaren alde egindako apustuagatik, "horrek gure ehun ekonomikoa dibertsifikatzen eta enpleguak sortzen lagundu baitu". Bestalde, Oxel Etxebarria Bexen Cardioko gerenteak gaineratu zuenez, "lankidetza publiko-pribatuko proiektua da, eta hiru jarduera-ardatz ditu: jarduketa azkarra bihotzeko gorabeheraren bat gertatuz gero, desfibriladoreak instalatzea eta 200 enbaxadoreri prestakuntza ematea". Azkenik, proiektuan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei zuzendu zitzaien, neurrira zetorren esaldi batekin: "Bihotz-bihotzez eskerrrik asko!".