Debagoienean garapen eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa hartu dute Debagoiena 2030 sarea osatzen duten hamahiru erakundek

Card image cap
2020/10/02

Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarearen Gobernu Batzordea osatzen duten eragileek etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko konpromisoa erakutsi dute gaur, Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako ekitaldian. Debagoieneko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko 13 erakundek sinatu dute hitzarmena. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak, Fagorreko presidente Joxean Alustizak, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek eta Gizabidea Fundazioko Elena Herrartek.

Sinatze ekitaldiarekin, XXI. mendeko erronka globalei erantzun propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko sortutako egitasmoa bultzatzeko asmoa erakutsi dute. Honela mintzatu da ekimenaren gidaritzaren ardura duen Gizabidea Fundazioko Elena Herrarte: “Klima aldaketa, digitalizazioa, jendartearen aniztasun hazkorra eta horren ondorioz inklusioak erakusten dizkigun erronka berriak esanguratsuak dira. Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasiera puntuan gaudela esan genezake, eta, iraganean bezala, orain ere eskualde gisa, etorkizunera begiratu eta beharrezkoa da erronka hauei erantzuteko modu proaktiboan lanean jartzea. Olatu eraldatzaile baten beharra dago”.

Sinaduran parte hartu duten erakundeak izaera askotarikoak dira, hala nola erakunde publikoak, pribatuak zein kooperatibak: Fagor, Arrasateko Udala, Oñatiko Udala, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, MONDRAGON Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center.

Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizarentzat, kooperatibak ekimenaren parte izatea zerbait naturala da. “DNAn daramagu erantzukizun sozialarekiko konpromisoa eta eraldaketa bultzatzeko nahia. Elkarrekin emaitzak biderkatu egiten dira”. Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, bestetik, ekimenarekiko konpromiso irmoa azaldu du, “instituzioak izan behar gara bidelagun”.

Gainera, komunitatea duen garrantzia nabarmendu du: “Bailara honen bereizgarri da komunitatea; publikoa eta pribatua denaren arteko elkarlana”. Elkarlanaren eta komunitatearen indarra nabarmendu ditu Goiena Komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek ere: “Uste dut horrelako ekimenek badutela fruituak garatuago eta eraginkorrago emateko aukera. Eraldaketa behar dugu bizitzeko, era neurtu eta egokiago batean”.

Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonen hitzetan, sarea eratzea da gakoa. “Sarea, norbanako, eragile, eta erakundeen artean. Debagoieneko Mankomunitatea bailara moduan elkartzen gaituen erakundea izanik, ezinbestean izan behar da D2030 ekimenaren bidelagun”. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak lurralde ikuspegitik ekimenak duen garrantzia ipini du indarra. “Gipuzkoako Foru Aldundiak loturak bilatuko ditu, Debagoiena eskualdean egiten denetik, gainerako lurraldera”.

Eta gaineratu du, D2030 ekimenak bete-betean bat egiten duela aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin. Debagoiena 2030 ekimena XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Askotariko eragile eta norbanakoen lankidetzatik, metodologia, proiektu eta ekimenak bultzatu eta konektatuz, erronka horietan inpaktu esanguratsua izan nahi duen sarea sortzen ari da. Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutrorantz, 2019. urtean egindako esplorazioan oinarrituta, honako hauek dira gaur-gaurkoz identifikatu diren eragin eremu edo arloak; hala, horietan eragiteko langintzak aktibatuko dira: Lanaren Etorkizuna, Energia, Mugikortasuna, Elikadura Sistemak, Hezkuntza, Ekonomia Zirkularra, Inklusioa eta Komunitatea.

Onartutako portfolioa

Eragin eremu horiek oinarri hartuta, ekimenak eskualdeko eraldaketa lortze bidean martxan jarritako proiektu sorta ere aurkeztu da. Proiektu sorta horrek portfolio deritzona osatzen du. 14 dira guztira aktibatuko diren proiektu edo prototipoak. Eraldaketan eragiteko begirada berri bat eskaintzen du portfolioak, proiektuak elkarrekintzan jartzea bilatzen duena. Modu honetan, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitu egingo dira.

Hemen onartutako 14 proiektuak:

1.- Debagoieneko Antzerki Plataforma (DAP) Sustatzailea: Debagoieneko antzerki eragileak. Debagoieneko arte-eszenikoen eta kultur arlotik egingo den herrigintzarako sostengu izango den plataforma sortzea da helburua, eraldaketa sozialera eta gizarte askotariko, enpatiko eta kohesionatua sortzera bideratua. Hori guztia, ikerketan, saretzean, ikusgarritasunean eta sormenean oinarrituko den eredu baten bidez.

2.- D2030HUB Sustatzailea: Goienak komunitatearekin duen harremana indartu nahi du, elkar elikatze horretan jauzi bat eman, sorreratik gizartearekiko duen erantzukizuna indartze aldera. Horretarako, komunitateak eta Goienak berak nola elkar elikatuko duten definituko dugu, parte hartze kanalak irekiz eta sustatuz. Prototipoak forma emango dio elkar eragiteko modu berri bati, sortzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko eta parte hartzeko proiektu baten bitartez.

3.- Arizmendi - Torrebaso Sustatzailea: Arizmendi.Prototipo honen helburua Almen guneko eskalan etorkizuneko gizarte iraunkorra nolakoa izan behar den irudikatu eta diseinatzea izango litzateke, erronka hauen soluzio berriak prototipatuz: jangela, espazio iraunkorrak, mugikortasuna...

4.- Jangelak hornitzeko Debagoieneko plataforma Sustatzailea: Ereindajan Bergara. Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzea da proiektuaren helburua. Elikadura-kateko katebegien arteko saretzea eta lankidetza handitzea, sinergia ezberdinen sorrera bermatuta. Osasunaren erronkari, elikadura eta kontsumo jasangarriaren sektoretik, kolektiboki erantzutea. Debagoieneko lehen sektoreko ekoizpen agroekologikoa indartzea du jomugan ekimenak.

5.- Tantai Baso Jabe Kooperatiba Sustatzailea: Errez. Proiektuaren helburua baso jabeen –pribatu eta publiko– kooperatiba sortzea da, ustiaketa eredu iraunkorragoa lortze bidean. Basoak egokitzapen ahalmena duten sistema konplexu bezala kudeatuz, ekosistema zerbitzu osoagoak bermatzea bilatuko da.

6.- Birgaitzen Sustatzailea: H-enea. Etxebizitzetako konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu daitezkeela frogatu gura da pilotu baten bidez. Isolamendu soluzioa era kolektiboan eta prezio eskuragarrietan eskainiko zaie errenta baxuko zein pobrezia energetikoa pairatu dezaketen pertsonei.

7.-  Energia komunitatea CER Sustatzailea: Goiener. Energia Komunitate Berriztagarri bat edo batzuk definitu eta martxan jarri nahi dira. Hauen erronka nagusiak hurrengoak dira: hasierako parte hartzaileak ikuspegi zabal eta pluralarekin identifikatzea –publikoa, pribatua, pertsonak, elkarteak, eta abar– eta une oro kide berriei irekita egotea; komunitateen jarduna identifikatzea –proiektua edo zerbitzua–, autokontsumo kolektiboa hauen lehen jarduna izatea baloratuaz; funtzionamendu arauak definitzea komunitateen onura nagusiak bermatu ahal izateko –ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak–.

8.- FV Etxean. Kasua sortzen Sustatzailea: Arrasateko Udala, H-enea eta Ekitermik. Etxebizitza komunitate batean autokontsumorako fotovoltaikoak ezartzeko prozesua abiatuko da prototipo honen bitartez. Ondoren, fotovoltaikoak etxebizitza komunitate batean ezarri eta sortuko dituen eraginak neurtuko dira. Kasua sortu eta beste etxebizitza komunitate batzuetan ezarri ahal izateko zabalkunde prozesua garatuko da ondoren.

9.- BHR. Bero hondakinen errekuperazioa Sustatzailea: Ekitermik. Metalen tratamendura zuzentzen diren enpresa industrialetan, tratamendu, beroketa edo fusiorako erabiltzen diren labe industrialek kanporatzen duten beroa autokontsumorako energia elektrikoa sortzera bideratzean datza proiektua. Proiektu honekin, gaur egun alferrik galtzen den energia termikoa, energia elektrikoaren eskariaren zati bat estaltzeko baliatuko litzateke industrian bertan. Proposatzen den teknologia Europan kontrastatu eta merkaturatuta dago, baina gure eremu geografikoan ezezaguna da.

10.- Hazi berriak Sustatzailea: Guhaziakgara. Guhaziakgara elkartea transformatu gura da, inklusio soziolaboralerako saltoa egin dezan. Elkartearen helburuak, misioa eta bisioa birpentsatuko dira, eskaintzen diren ikastaroen homologazioa lortzeko pausoak emango dira eta ehungintzara bideratutako enpresa-plana garatuko da.

11.- Industria-inguruneetako ikaskuntza-soluzioak Sustatzailea: MONDRAGON Korporazioa. Industria berde eta digitalagoaren bidean, lanaren edukia etengabe aldatzen ari da, eta, honi erantzuteko, trantsizio profesional sakonak bizi eta biziko ditugu gure ibilbide profesional osoan. Langileen Ikaste prozesuak malguagoak, azkarragoak eta eraginkorragoak egitera bideratzen da proiektua. Horretarako, unibertsitateak, Lanbide Heziketa zentroak, kooperatibak eta beste eragile batzuen ikaste ekosistema osoa inplikatuz.

12.- Platform coops Sustatzaileak: Mondragon Unibertsitatea eta MONDRAGON Korporazioa. Digitalizazioa oinarrizko abantaila lehiakorra da garai hauetan. Negozio eredu berri hauek, aldiz, errentagarriak dira jabeentzat bakarrik; esplotatzaileak, berriz, langileentzat, hornitzaileentzat eta ingurunearentzat. Hala, kooperatiben digitalizazio plataformaren bitartez tresna eta eredu berriak sortu gura dira, lan baldintza duin, ekonomiaren hazkunde orekatu eta ingurumenaren alde egiten duten ekimenak bultzatzeko.

13.-  Talent House Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea. Debagoienera talentua erakartzeko eta bertan mantentzeko azpiegitura, ekipamendu, kultur-jarduera eta zerbitzuen proiektu integrala sortuko da. Hiri handiek talentuaren zati handiena biltzen duten honetan, proiektu honekin lortu gura dena da ikasleek, ikerlariek zein profesionalek bizimodu profesional, sozial eta kulturala Debagoienean egitea. Prototipo honek Debagoienaren beharrak identifikatuko ditu, eragile publikoekin, unibertsitateekin, ikasle egoitzekin, zentro teknologikoekin eta enpresekin elkarlanean.

14.- E-labs Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea. E-Lab gizartera zabalik egongo den espazio bat izango da, non enpresekin eta beste agente batzuekin diziplinarteko ko-kreazioa, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuko den, trantsizio industrial jasangarri eta justuaren mesedetan. Hala, E-labs-ek eskualdeko industrialen eraldaketan lagunduko du, eta emisioen gutxitzearekin eta ingurumen-helburuekin lotutako helburuak lortzeko irtenbideak bilatzera bideratuko den espazioa izango da. Era berean, bailarako ongizate ekonomiko, sozial eta laborala hobetzera bideratutako dinamikak egingo dira. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa da sustatzaile nagusia.

Webgune berria

Ekimenaren sinadura ekitaldiarekin batera, webgunea ere argitaratu du D2030 ekimenak. Debagoiena2030.eus helbidean aurki daiteke ekimenari buruzko informazio guztia.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa