Covid-19aren sasoi honetan kooperatibek erakutsitako jarrera eskertu du MONDRAGONek

Pandemia garaian kooperatibek gizarteari eginiko ekarpen nagusienak balioan jartzen dituen ikus-entzunezko bat argitaratu du.
2020/07/24

Inor gutxik espero zezakeen 2019ko uztailean (Kongresuaren aurreko hitzordua) mundua zortzi hilabeteren buruan aldatu egingo zela. 2020ko urtarrilean bizitzak ez zuen aldaketa nabarmenik izan, nahiz eta Wuhan-en (Txina) koronabirusa azaldu. MONDRAGONek oso gertutik jarraitu zuen Txinako osasun krisiaren bilakaera eta Asiako erraldoian dituen kooperatiben bitartez aurreikusi ahal izan zuen zer zetorren. Eta tamalez, bi hileren buruan, 2020ko martxoan, birusa gugana iritsi zen, eta birusarekin batera inoizko osasun krisi eta krisi ekonomiko latzena. 

Sasoi hartan MONDRAGON Kursaaleko urteroko hitzordua prestatzen ari zen, aurreko urteetako edizioetako bidetik ari ziren prestatzen aurtengoa ere, baina koronabirusak planak aldatu zituen. Donostian egin beharreko Kongresua, hitzordu telematiko bilakatu zen, eta Arrasatetik, egoitza korporatibotik, egin zen emanaldia.

Eskerrik asko!

Aurtengo edizioan Covid-19ak protagonismoa izan du. Hain justu ere, gai horri lotutako bideo bat eskaini da, kooperatibei eskerrak emateko eta haien lana aitortzeko balio izan duena. "MONDRAGONeko kooperatiben ekarpena itzela izan da eta oso harro gaude. Agian, gehien ezagutzera eman dena maskaren produkzioa izan da, interkooperazioan eginiko proiektua, baina beste hamaika egitasmotan ere parte hartu dugu eta horiek guztiak nabarmendu beharko genituzke", adierazi zuen Javier Goienetxeak, Kongresuko presidenteak. 

Kooperatiba askok euren aktibitatea berbideratu dute, euren ekarpena eginez pandemiaren kontrako borrokari. Beste kooperatiba batzuek, beraien enpresa eta produktuen ezaugarriengatik eta publikoaren aurrean aritzen direlako, indarrak biderkatu behar izan dituzte. EPIak ekoizten aritu izan direnak ere badira edo eta elkartasun egitasmoetan parte hartu dutenak. Haiei guztiei eskertza eta aitortza. ESKERRIK ASKO!!