Basque Culinary Centerrek 10. urteurrenaren balantze positiboa egin eta 2022ko Kudeaketa Plana onartu du

Zentroak 10 urte betetzen dituen urtearen balorazio positiboa nabarmendu da. Urte zorrotz eta zirraragarria izan da eta Basque Culinary Centerrek komunitate gastronomiko handi eta askotariko batez inguratuta ospatu du urteurrena.
Card image cap
2021/12/20

Basque Culinary Centerreko Patronatua bildu da oraintsu, erakundearen organo gorena, formatu hibrido batean. Urteko topaketan landutako gaien artean, zentroak 10 urte bete dituen urtearen balorazio positiboa nabarmendu zen; urte zorrotz eta zirraragarria izan da eta Basque Culinary Centerrek komunitate gastronomiko handi eta askotariko batez inguratuta urteurrena ospatu du.

2022an sakondu eta bultzatuko diren ekimenen artean daude GOe (Gastronomy Open Ecosystem) proiektua, Culinary Action!-ek, zentroko ekintzailetza‑arloak osatutako Startup Studio berria, “Mantala Basque Gastronomy” ekimena eta beste ikerkuntza proiektuak, bikaintasunaren eta narzioartekotzearen bidean.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko Zuzendari Nagusiak, adierazi duenez “2021a urte guztiz suspergarria izan da eta gure komunitatearekiko loturak sendotzeko aukera izan dugu. Pasioz, eskuzabaltasunez eta konpromisoz beteriko komunitate horrek Basque Culinary Centerren zerizana sortu du, 10 urtetan zehar nazioarteko erakunde aitzindari eta erreferentziadun gisa sendotzeko bidean lagundu digu, berrikuntza eta mugen etengabeko esplorazioa oinarri dituen muin ekintzaileaz. Motibatuta eta lortutako guztiagatik harro, gaur hurrengo hamarkadara begira jarriko gara, goi mailako prestakuntzatik berrikuntza eta ikerketa bultzatzen jarraitzeko eta gastronomia garatzeko”.

Lorpenak ospatzen

Estudiantes-Basque-Culinary-Center-1200x800.jpeg

Oroitzapenezko ekitaldiz, ekimenez eta edukiz betetako urtea izan da, eta Basque Culinary Centerren 10 urteko ibilbidea ospatzeko eta aintzatesteko aukera eman du, erakunde publiko, erakunde eta enpresek osatutako “BCC Komunitateko” kideekin batera, baita sukaldari handien, gastronomiako profesionalen eta ikasle eta ikasle ohien eskutik ere. Patronatuak emozioz eta pozik itxi du 2021a, hamarkadan zehar elkarrekin erdietsitako lorpenengatik. Lorpenak eta erronkak gainditu dira eta hainbat eta hainbat profesional, enpresa eta erakunderen grinari eta konpromisoari esker, gastronomia askoz ere handiagoa egiten lagundu dute, Basque Culinary Center mundu-mailako ekosistema erreferente bihurtuz.

Gainera, aipatutako gastronomiaren bilakaera, gaur egun sormen‑ eta berrikuntza‑iturri eta garapen eta eraldaketa sozialaren eragile dena, Basque Culinary Centerrek urteurrenaren harira argitaratu duen “Gastronomia, gaurko eta biharko sukaldaritzari buruzko solasaldia” liburuan jaso da.

Aurtengo une garrantzitsuei erakundeak lortutako bi sari gehitu behar zaizkie. Alde batetik, Culinary Action!, Basque Culinary Centerreko ekintzailetza-alorrak, European Enterprise Promotion Award 2021 (Enpresa Sustatzeko Europako Saria) irabazi du, espiritu ekintzailea sustatzeko kategorian. Bestalde, Zientzia Gastronomikoen Fakultateak Euskalit Fundazioaren Quality Innovation Awards (QIA) sarien Hezkuntza Berrikuntzaren Saria jaso du, eta Moskuko QIA sarien nazioarteko azken faserako prestatzen ari da. Bi aintzatespen, Basque Culinary Center osatzen duen irakaskuntza- eta lanbide-komunitatearen talde-lan handiari.

ilusion-amigos-1.jpeg
10. urteurrena ospatzeko ekitaldiaren une bat.

Aurrerapenak eta erronka berriak

Bi master berri, bi espezializazio-ikastaro berri eta ikasleen artean arrakasta handiena duen proiektuetako bat finkatu ondoren (BCC Baratza), Gastronomia Zientzien Fakultateak aurrera egiten jarraitzen du, sektorean garapen profesionala eta etengabeko prestakuntza sustatzeko. Horretarako, arlo akademikoan berrikuntzak egiten eta gastronomiaren oraina eta etorkizuna gidatuko duten profesionalen prestakuntzan garapen‑bide berriak aztertzen jarraitzen du.

Halaber, nabarmendu behar da 2021ean zehar Basque Culinary Centerrek bilakaera nabarmenarekin egin diela aurre urteko erronkei, aurrez aurreko jarduera berreskuratuz bai prestakuntzan eta bai sustapen gastronomikoaren ekimenetan, besteak beste 2020an aurrez aurre egin ahal izan ez ziren ekitaldi eta proiektuekin: Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko Foroa, Basque Culinary World Prize sarien banaketa-ekitaldia Xanty Elíasekin, HOST Zerbitzu Arloko Joera eta Berrikuntzen Kongresua, Jasangarritasunaren Jardunaldia edo Diálogos de Cocina biurtekoa, besteak beste.

Erakundea proiektu berrietan ere inplikatu da, bere bikaintasun, jasangarritasun, berrikuntza eta konpromiso sozialaren balioekin bat, eta abian jarri ditu “Mantala Basque Gastronomy” gisako proiektuak, Hazirekin eta Euskadiko gastronomiaren eragile nagusiekin batera, Euskadiko gastronomia sustatu eta garatzeko ezagutzen trukearen bidez. Horrez gain, lehen aldiz izan da Gipuzkoako Elikagaien Bilketa Handiaren irudia, elikagaien xahuketari buruzko kontzientziazioa handitzeko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuarentzat funtsak biltzeko xedearekin.

Halaber, BCC Innovation, Basque Culinary Centerren teknologia-zentroak, mugak zabaldu ditu, parte hartu baitu nazioarteko bi proiektu handitan, zeinak hurrengo urtean zehar garatuko diren eta jasangarritasuna eta ezagutzaren sorrera eta transmisioa hartzen dituzten ardatz gisa, gastronomian aplikatuta. Alde batetik, “Building a Green Gastronomic City” izeneko proiektua dago, eta EITFOOD erakundeak finantzatzen du Europako Bauhas berriaren esparruan. Aipatutako proiektuaren helburua da ekonomia zirkularrean oinarritutako soluzioak topatzea jasangarritasunarekin eta nortasun gastronomikoarekin lotutako erronkei. Eta bestetik, FOODRUS, 9 eskualdetan elikadura-sistema erresilienteak sortzeko Europako proiektua. Haren helburua da elikagaien galera eta xahuketa mugatzea eta baliabideen efizientzia sustatzea nekazaritzako elikagaien balio-katearen etapa guztietan.

Ekintzailetza eta nazioartekotzerako aro berria

En 2021ean, Basque Culinary Centerrek aro berri bat hasi du ekintzailetza gastronomikoarentzat, eta Culinary Action! estrategia berriro planteatu du. Horrez gain, abian jarri du plan bat sektorearen egungo erronkei erantzuteko, eraldaketaren bidez, eraikitakoa finkatuz, haziz eta nazioartekotzearen alde eginez.

Erakundearen ekintzailetza gastronomikoaren arloak, Hazi Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren babes eta lankidetza instituzionalarekin, jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emango du, eta startup studio gisa finkatuko da. 2022an lan egingo du mundu-mailako erreferentziako ekosistema bat sortzeko, talentu ekintzailea eta startupak erakarri, prestatu eta garatzeko hainbat ekimen eta proiekturen bidez.

Proiektu horien artean nabarmendu behar da GOe (Gastronomy Open Ecosystem), Eusko Jaurlaritzak sustatutako The Food Global Ecosystem ekimenaren barruan. 60 enpresak osatutako partzuergoa da, eta espazio fisiko eta birtuala da, talentua, enpresak eta gastronomiaren sektorean balioa sortzeko eragile globalak erakartzeko. Proposamen berezia da, eta proiektu berritzaileak nahiz prestakuntza aurreratua katalizatuko ditu eta lagunduko du Basque Culinary Centerren ekosistema gastronomikoa munduko abangoardian jartzen.

Halaber, Ekintzaileen Nazioarteko Foroari berriro ekingo dio aurrez aurre, urtero gastronomiako ekintzaile esanguratsuenak identifikatuz, hautatuz eta bilduz. 2022an bederatzigarren edizioa egingo du, eta ahotsa emango dio “Gastronomiako 100 Talentu Gazteen” zerrenda berriari.