Participación de los trabajadores

Participación de los trabajadores

MIK
(En euskera) Azken aldian gauza asko ari gara entzuten langileen parte-hartzearen inguruan. Batetik, badirudi erakunde publikoek (Gipuzkoako kasuan bereziki) apustu sendoa egin nahi dutela aukera horren alde eta bestetik, enpresa batzuk ere ohartu dira etorkizunerako onuragarria gerta dakiekeela.
12/08/2011

Langileriak ere zer esana eduki beharko luke honen inguruan eta batzuk parte-hartzearen onurez jabetuta dauden arren, irudipena dugu oraindik langileriaren artean ez dela gai ezagunegia. Iritziak iritzi, garbi dagoena zera da: gure bailarak 55 urtetako esperientzia behintzat baduela alor honetan. Kooperatiba da Euskal Herrian langileen parte-hartzea sustatu eta sustatzen duen eredu ohikoena. Munduko beste herrialde batzuetan ere, kooperatibek indar handia dute, Frantzian edo Italian adibidez. Hala ere, kooperatiba ez da parte-hartzea bultzatzen duen eredu bakarra, dagoeneko beste eredu batzuk sortu dira (elkarte anonimo laboralak, kooperatiba sozialak, EEBBetako ESOP-ak) eta etorkizunean eredu berriak sortuko direlakoan gaude.

Hiru parte-hartze mota

Langileen parte-hartzea maila desberdinetan eman daiteke. Normalean, hiru parte-hartze mota bereizten dira inplikazio mailaren arabera: enpresako gestioan, enpresako emaitzetan eta enpresako propietatean. Gure inguruko kooperatibetan hiru parte-hartze motak ematen badira ere, beste eredu batzuk ez dute zertan irizpide bera jarraitu. Hala ere, parte-hartzea gero eta osoagoa izan, orduan eta eragin handiagoa izan dezake langile eta enpresetan. Ikuspegi objektibo batetik begiratuta onura nabarmenak ekartzen dizkio langileen parte-hartzeak langileriari berari, enpresari eta zergatik ez esan, baita ingurune ekonomikoari ere.

Nazioartean zenbait ikerketa egin izan dira langileen parte-hartzearen eragina neurtze aldera eta MIKek ere bide bera hartu eta ikerketa horiek gure ingurunera aplikatzeko konpromisoa hartu du. Azken emaitzak oraindik zehazteke badaude ere, hauek dira langileen parte-hartzeari ikusten dizkiogun abantailak:

Parte-hartzearen alderdiak

Langileen parte-hartzeak enpresarekiko langileek duten konpromisoa handitzeaz aparte, beraien gogobetetze maila ere hobetu dezake, nahiz eta kontzeptu hauen arteko erlazioa sarritan oso konplexua izan. Aldi berean, enpresako parte aktibo sentitu ahal izateak organizazioarekiko erantzukizuna ere hobetzen du. Dudarik ez, lanpostuen ziurtasunean ere ezberdintasun nabarmenak antzematen dira langileak parte-hartzen duten enpresen eta bestelakoen artean, hau delarik langileriak gehien baloratzen duen aspektuetako bat. Langileen lansarietan ere ezberdintasunak daude eta ikerketan arabera lansari altuagoak izateaz aparte, (enpresak lortutako emaitzen zati bat langileen artean banatzen duten kasuetan batik bat) banaketa zuzenago bat eman ohi delako. Azkenik, badirudi langileriaren osasunean ere eragin zuzena izan dezakeela.

Enpresentzat ere onura interesgarriak ekar ditzake. Ikerketek iradokitzen dutenaren arabera langileriaren parte hartzeak enpresaren ekoizkortasuna handitzen du, baita bere iraunkortasun eta bizitza-luzera ere. Azkenik, zailtasunak zailtasun enpresen hazkundean ere positiboki eragiten duela esan dezakegu. Bestalde, langileak enpresarekiko hartzen duen erantzukizunari esker enpresan ematen den absentismo maila, batzuetan bederen, baxuagoa izaten da.

Azkenik, ingurunea ere langile eta enpresa konprometituak izatean onuraduna bihurtzen da: iraunkortasunean abantailak izan ditzake, baita biztanleen ongizate mailan ere eta ikerketa batzuk diotenari jarraituz badirudi osasun publikoan ere onurak ekartzen dituela. Kontuak kontu badirudi langileriaren parte-hartzea sustatzeak ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela. Gure ibarrak badu hortaz zer erakutsi, baina oraindik baita zer ikasi ere!