Silver economy masterreko ikasleek Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztu dizkiote proiektuak

Erronka demografikoari aurre egiteko eta adinekoen bizimodua hobetzeko ekimen teknologiko berritzaileak sortuko dituzten pertsonak prestatzeko asmoarekin, Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batu zituzten iaz.
Card image cap
2022/09/15

Populazioaren zahartzea dela eta, silver economy delakoak (zilarrezko ekonomiak) merkatu-nitxo zabala du. Horren erakusgarri dira Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Masterreko lehenengo promozioko 18 ikasleetako batzuek aurkeztu dituzten proiektuak. Mondragon Unibertsitateak Nagusi Intelligence Centerren eskaintzen du profesionalentzako prestakuntza-programa hori, eta lehen promozioko ikasleek iraila hasieran aurkeztu dituzte lehenengo proiektuak Mondragon Unibertsitateko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkarien aurrean. Gainera, ikasleek diplomak jaso dituzte Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearen eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko foru-diputatuaren eskutik, Urduliz dorrean egindako ekitaldian.

Adinean aurrera doazen pertsonen beharrei erantzuteko premiaren jakitun, Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batu zituzten Urduliz dorrean kokatutako Nagusi Intelligence Center proiektuan. Hala, egungo eta etorkizuneko profesionalak silver economy deritzon horretan trebatzeko unibertsitate-titulu propioak eskaintzea erabaki zuten, etorkizuneko ekonomia delakoan.

Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Master Profesionalaren bidez, Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen inguruko arloetan trebatu nahi dituzte egungo eta etorkizuneko profesionalak. Masterraren lehenengo edizioa arrakastatsua izan da, eta Unibertsitateak zein Nagusi Intelligence Centerrek balorazio oso ona egin dute ekimena abian jartzeari buruz.

Proiektuak

Bizi-itxaropena gero eta handiagoa da, eta jaiotza-tasa, berriz, gero eta txikiagoa; horrek demografia-aldaketa eta biztanleriaren zahartzea ditu ondorio. Horrez gain, erronka ugari dakartza berekin egungo gizartearentzat, bai eta bizitzako etapa horretan dauden pertsonekin lotutako negozio-aukera berriak ere; izan ere, senior publiko hori askotarikoa da, eta gero eta ugariagoa. Erronkaz betetako testuinguru horrek negozio-aukera eta enplegu berriak dakartza hainbat diziplinatako profesionalentzat.

Masterraren lehenengo promozioko partaide guztiak lan-esperientzia duten profesionalak dira, eta oinarri teknologikodun produktuak eta zerbitzuak diseinatu dituzte silver publikoarentzat. Ideia horien bidetik enpresa berriak sor litezke, produktu berriak edo negozio-ildo berriak jada finkatuta dauden tokiko erakundeetan. Profesional horiek era askotako ideiak lantzen ari dira, hainbat gairen ingurukoak, besteak beste, kirola, aisialdia, bidaiak, gailu ortoprotesiko edo medikuak, telelaguntza edo etxeko laguntza integrala, gailuak edo sentsoreak, elikadura osasungarria, appak, ingurune lagunkoiak, aurrezkia eta izapideak.

Hain zuzen ere, ikasleek garatutako proiektuek arlo hauek jorratu dituzte: etxeak birgaitu eta adinekoentzat egokitzea; informazio zentralizatua aisialdiari, prestakuntzari, osasunari eta adinekoentzako laguntza-produktuei buruz; arreta eta etxeko laguntza komunikazio-teknologien bidez; balioen eta komunikazio sentsorialaren inguruko prestakuntza zaintzaileentzat; gimnasio eta igerileku irisgarrien diseinua; egoitza-zerbitzuak monitorizatzea eta optimizatzea zaintza-lanean denbora baliagarria irabazteko; adinekoentzako errehabilitazio- eta fisioterapia-programak; teknologia berriak eta elikadura-zerbitzuak irensketa-arazoak dituzten pertsonentzat, eta azkenik, paziente kronikoentzako osasun-arreta programak eta genero-ikuspegia kontuan hartzen dutenak.

Profil profesionalak

Masterraren lehenengo edizioan hainbat sektoretako profesionalek hartu dute parte. Agerian geratu da gero eta erakunde gehiagok egoera demografiko berrira egokitzeko apustua egiten duela, eta silver sektorean negozio-aukera ikusten duela.

Masterreko partaide izan diren profesionalen lantokiak ere askotarikoak dira: zentro gerontologikoak, banka, osasun-aholkularitza, sustapen-zentroak, gastronomia, elikadura, fisioterapia, aseguruak, laguntza-teknologien enpresak…

Era berean, masterra egin dutenen profilak askotarikoak dira, silver sektorean era askotako profilak dituzten profesionalentzako lekua baitago: berrikuntzako eta negozio berrietako sailak, industria-diseinua, teknologiak, prestakuntza, zentroen kudeaketa, arlo juridikoa, erosketak, etxez etxeko laguntza, bazterketa-egoeran dauden pertsonen irakasleak, osasunaren eta gaixotasunen arloetako zuzendariak eta elkarteetako arduradunak, kudeatzaileak, enplegu teknikariak eta abar.

II. edizioa azarotik aurrera

Masterraren II. edizioa azaroan hasiko da. Profesionalak trebatuko ditu berrikuntza-prozesuak sustatzeko, bai eta funtsezko beharrak identifikatu eta baliozko proposamen bilakatzeko, silver economy sektorearentzat erakargarriak diren produktu, zerbitzu eta negozio berriak sustatzeko helburuarekin. Programa ekainean bukatuko da.

Batez ere profil teknikoa, sozio-sanitarioa eta enpresakoa duten pertsonei bideratuta dago masterra, eta hiru fasetan egituratuta dago: prestakuntza-fasea (zahartzea, ongizatea, osasuna, laguntza-teknologiak, ekintzailetza eta pertsonak ardatz dituen diseinua lantzeko); murgiltze-fasea (osasun-zentro batean, zentro soziosanitario batean edo silver economy sektoreko enpresa batean egingo dena, beharrak bertatik bertara antzemateko), eta proiektu-fasea, produktu edo zerbitzu berritzailea eta horren negozio-eredua sortzeko.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa