Euskal familien konfiantza lur jota dago

Laboral Kutxako Ikerketa Sailak argitaratutako 'Euskal kontsumitzaileen konfiantza' txostenaren arabera, Covid-19ko krisiak jarduera ekonomikoaren beherakada, langabeziaren gorakada eta mundu mailako krisia eragin ditu.
Card image cap
2020/07/02

EAEko familiek ezkorrak dira urteko bigarren seihilekoari begira, 2008ko udazkenean sortu zen krisiarekin gertatu zen bezala. Baina bi krisien arteko desberdintasunak nabarmenak dira eta irteeraren moduan ere erabakigarriak izango dira.

Kasu honetan, eskaeratik (kontsumo-jaitsiera) eta zor gutxien duten familia eta enpresekin sortutako krisian gaude. Gainera, diagnostikoa eta ekintza-plan instituzional partekatua (batez ere, Europakoa) eta euste-neurrien panela ere baditugu, eta hasieratik jarri zen martxan.

Beraz, pixkanaka hobetzea espero da, normaltasunera itzultzearen arrakastari lotuta, eta horren ondorioz, kontsumitzaileen konfiantza berreskuratuko da. Hala ere, 2021era arte ez da konfiantza-maila hoberik espero.

Eszenatoki aldaketa

Etorkizunari begira, konfiantza maila berreskuratzea, mantentzea edo okertzea, krisitik ateratzeko azkartasunaren eta eraginkortasunaren araberakoa izango da.

EAEko gizartea eszenatoki-aldaketa bortitz baten aurrean dago: covid-19aren krisiak alarma-egoera eta konfinamendua ekarri ditu, norbanakoen mugikortasuna mugatu du eta jarduera ekonomikoaren zati handi bat eten du. Osasunean izan duen inpaktuaz eta osasun-sistemarengan eragin duen presioaz gain, krisi honek jarduera ekonomikoaren gainbehera, langabeziaren gorakada eta mundu-mailako krisia ere ekarri ditu. 2020ko bigarren hiruhilekoan, Euskal Kontsumitzaileen Konfiantzaren Adierazlea nabarmen ezkorra izan da (-24 puntu), 2008ko krisian izan zenaren parekoa (III hiruhilekoa, -25 puntu). Alabaina, ezkortasun horrek denboran irautea edo ez lehenengo inpaktuari aurre egiteko abiaduraren eta eraginkortasunaren –2008an gertatu zenarekin alderatuta– araberakoa izango da.

EAEko familiak (-24) inguruko familiak bezain ezkorrak dira: konfiantzaren gainbehera EB-27ko errealitate bat da.

Zein faktorek eraikitzen dute EAEko familien konfiantza eta horren bilakaera?

  • Ekonomia orokorraren inguruko igurikimenak (-32,-25 puntu), eta lanaren ingurukoak (-44,-40) hondoratu egin dira; familiaren ekonomiaren eta aurrezkien inguruko igurikimenak okertu egin dira (-13 eta -6, -12 eta -13 punturekin, hurrenez hurren).
  • Datuek igurikimen horiek baieztatzen dituzte: erregistratutako langabetuen kopuruak gora egin du (+22.064 langabetu gehiago zeuden maiatzean otsailean baino) eta EAEko jarduera ekonomikoa jaitsi egin da (BPGren hiruhileko arteko jaitsiera % 4,7koa izan zen 2020ko lehenengo hiruhilekoan).

Nola eragiten du konfiantza-galerak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • Azken urtean erregistratutakoa baino prezioen gorakada handiagoa aurreikusten da, eta okertu egin da erosteko unearen balorazioa, datu oso negatiboak izateraino (2015eko lehenengo hiruhilekoaren mailan).
  • Negatiboa da erosketa handiak egiteko igurikimena, eta etxebizitza eta automobilen erosketak ahulak dira.
  • Martxokoak eta apirilekoak dira familien kontsumoan eta etxebizitzen eta ibilgailuen salmentaren erregistrorik okerrenak; hilabete batetik besterako galerak izugarriak izan dira.

Enpleguaren inguruko aurreikuspen negatiboak

2020ko bigarren hiruhilekoak EAEko familien igurikimenen jaitsiera bortitza erakusten du, lan-merkatuaren martxari dagokionez. Hala, lehen -4ko balioa zuen indizea -44koa da orain (40 puntuko jaitsiera) eta erregistratutako beherakada bortitzak aurreko hiru hiruhilekoetan ikus zitekeen beherakada areagotu du.

Argi ikusten da indizearen balioa negatiboa dela. Indizea norbanakoen iritzietan islatzen da: hamar lagunetatik seik kalkulatzen dute datozen hamabi hilabeteetan langabezia asko (% 42) edo gutxi (% 27) haziko dela. Hamarretik hiruk, berriz, uste dute berdin jarraituko duela edo jaitsi egingo dela. Covid-19aren inpaktuaz hedatzen ari diren datuek EAEko langabezia-tasaren igoera azpimarratzen dute (maiatzean 24.064 gehiago ziren otsailean baino). Hain justu, hori da ikuspegi horien testuingurua.

Banketxea