Irakurriena
- 1. Gipuzkoako Bazkundeak 2024ko Gipuzkoako Enpresa saria eman dio MLAKoop kooperatibari
- 2. Arkaitz Etxezarreta, Errekako zuzendari nagusi berria
- 3. “Gizarte hobe bat sortzea, hori da gure utopia eta, gure inperfekzio guztiekin, utopia hori lurreratzen saiatzen gara”
- 4. Espainiako Bankuko gobernadoreak MONDRAGON bisitatu du
- 5. Errekak Darwin Biomed startuparekin bat egin du, Health linea bultzatzeko helburuarekin
- 6. Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioa Advanced Factories-en egongo da
- 7. Arizmendi ikastola, 20 urte
- 8. Parte-hartze handia LagunAro BGAEren 2024ko ohiko batzarrean
- 9. LKS Next Estatuko lehen 100 teknologikoen artean, 2023ko fakturazioaren arabera
- 10. Kooperatiben Korrikako argazki galeria ikusgai
“Sinfonia Kooperatiboa” ikuskizuna Aretxabaletara iritsiko da maiatzaren 25ean
“Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa” ikuskizunaren herriz-herriko bira martxan dago jada eta hurrengo hitzordua Aretxabaletan izango da maiatzaren 25ean, Ibarra Kiroldegian. Sarrerak 5 eurotan erosi daitezke Arkupe Kultur Etxean.
Otsailean Arrasaten Sinfonia Kooperatiboaren aurkezpena arrakastaz egin ondoren, MONDRAGON Korporazioaren esperientzia artistiko honek gure lurraldeko bazter guztietan zabaltzen jarraitzen du, balio kooperatiboen inguruan elkartzeko, kantatzeko eta dantzatzeko.
Aretxabaletan, 19:00etan hasiko da ikuskizuna, Fernando Velázquez-ek musikatuta eta Jon Sarasuak idatzitakoa. Bertan, abesbatza, dantza, bertso eta bestelakoekin gozatzeko aukera paregabea izango da. Aretxabaleta Abesbatza taldea, Leizarra Musika Eskolako haurren abesbatza, Arizmendi Ikastola Abesbatza eta Iubilo Bilbao Abesbatza izango dira bertan, Arrasate Musikal Orkestrarekin batera eta Ikel Olazabalen zuzendaritzapean. Dantzan, berriz, Jeiki eta Leizarra Musika Eskolako dantzariak egongo dira eta baita Xabi Igoa bertsolaria ere.
Emozio dardarak
Ibarra Kiroldegia emozioz betetzeko osagai guztiak dauzka ekitaldiak, izan ere, diziplina artistiko anitzeko ikuskizuna izango da, eta umore puntua ere ez zaio faltako. Finean, kooperatibagintzaren balioen aitzakian, musikaz, dantzaz eta bertsolaritzaz gozatzeko ekitaldia.
Hori horrela, “Humanity at Music - Sinfonia Kooperatiboa” lehen pertsonan ezagutzera eta Aretxabaletako kiroldegian elkarrekin gozatzera animatu nahi zaituztegu.
Esan bezala, sarrerak Arkupen daude salgai, 5 euroren truke.
Eta Irailaren 14ean, denok Buesa Arenara
Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa herriz-herriko biraren azken helmuga irailaren 14ko ekitaldi erraldoia da, Gasteizko Buesa Arenan. Bertan, 500 pertsona baino gehiagok parte-hartuko dute Sinfonia Kooperatiboan eta 15.000 pertsona elkartzeko asmoa dago egun osoko jaialdi kooperatiboan. Herriz Herriko bira Arrasateko emanaldiarekin hasi zen eta hurrengo geldiuneak izango dira Aretxabaleta (Maiatzaren 25ean), Oñati (Ekainaren 9an), Iruñea (Ekainaren 20an) eta Tafalla (Ekainaren 26an).
Zer da Humanity at Music?
“Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa” kooperatibigintzaren balioak beste modu batean kontatu, kantatu eta partekatzeko proiektu artistikoa da.
Informazio gehiago: www.humanityatmusic.com webgunean.