Itsas industrietako hondakin plastikoak kudeatzeko gomendioak, erronkak eta aukerak

Leartikerrek eta Leartibai Fundazioak Europako CircularSeas proiektuaren barruan workshop bat antolatu dute, orain arteko emaitzak aurkezteko Euskal Administrazio Publikoko agintari eta ordezkariei.
Card image cap
2022/09/12

Leartiker Zentro Teknologikoak eta Leartibai Fundazioak, biak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak, workshop bat antolatu zuten iragan ostegunean, Markina-Xemeinen (Bizkaia) duten egoitzan. Bertan, CircularSeas proiektuan identifikatutako garapen teknologikoak, gomendioak, erronkak eta aukerak aurkeztu zizkieten Ondarroako Nodoko (arrantzaren sektoreari, hondakin plastikoen kudeaketari eta industria plastikoari lotutako enpresak) itsas industrietako hondakin plastikoen kudeaketako balio-kateko eragileei eta Euskal Administrazio Publikoko ordezkariei.

Helburu nagusietako bat erosi-erabili-bota fluxua murriztea da eta produktuen, materialeen eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean mantentzearen aldeko apustua egitea da

Jardunaldian Jon Anakabe Leartiker-eko zuzendariak (proiektuaren burua); Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendariak (proiektuaren baitan Ondarroako nodoaren arduraduna); Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak; eta Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak parte hartu zuten.

Euskadi eta Ekonomia Zirkularra

Euskadin 56 milioi tona prozesatzen dira lehengaietan, eta horietatik % 71 inportatzen dira. Horregatik, helburu nagusietako bat erosi-erabili-bota fluxua murriztea da eta produktuen, materialeen eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean mantentzearen aldeko apustua egitea. Euskadik duen helburua hondakinen sorrera % 30 murriztea da.

Ekonomia zirkularra eta arrantza-jarduerari lotutako hondakinak izan ziren hitzaldien ardatz nagusia, eta Euskadiko Ekonomia Zirkularraren (EZ) egoeraren mapa batekin eman zioten hasiera, Amaia Barredo sailburuordearen eskutik. Barredok nabarmendu zuenez, “Ekonomia Zirkularra baldintza bihurtu da”, jasangarritasunarekin lotutako kontzeptua izatetik administrazio, enpresa eta banakakoen egunerokoan presente egotera igaro da. Izan ere, gure itsaso eta ozeanoetan dagoen plastiko guztia sortzen ari den biodibertsitatearen galeraz haratago, "batez ere osasun arazo bihurtzen ari da, mikroplastikoak elikadura katean sartzen ari direlako. Eta kezka handia da", azpimarratu zuen.

Arrantzaren eta Akuikulturaren Itsas Funtsak 83 milioi euroko zuzkidura izango du Euskadirentzat, susperraldia, merkaturatzea, arrantza eta ekonomia jasangarria bultzatzeko laguntza-ildoak abian jartzeko

Hala, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren hitzetan, Eusko Jaurlaritza funts ekonomiko bat lantzen ari da datorren urterako. Arrantzaren eta Akuikulturaren Itsas Funtsak 83 milioi euroko zuzkidura izango du Euskadirentzat, susperraldia, merkaturatzea, arrantza eta ekonomia jasangarria bultzatzeko laguntza-ildoak abian jartzeko. Zenbateko hori laster onartuko du EBk, eta Eusko Jaurlaritzak beste 34 milioirekin osatuko du.

CircularSeas_022.jpg

Hondakinak kudeatzeko garapen teknologikoak

Workshop honen helburua Ondarroako Nodoko itsas industrietako (Ondarroako portuko industria bera eta hari lotutako industriak) hondakin plastikoen kudeaketako balio-kateko eragileei proiektuaren barruan egindako garapen teknologikoak aurkeztea izan da, eta identifikatutako gomendioak, erronkak eta aukerak Euskal Administrazio Publikoko agintari eta ordezkariei helaraztea, nodo horretan ekonomia zirkularra ezartzeko asmoz.

Hori dela eta, Blanca Lekube (Leartiker) proiektuaren arduradunak, Maria Txakartegi (Leartibai Fundazioa) eta Diego Silvak (proiektuaren bazkidea, Vigoko Unibertsitatea) lagunduta, itsas industrietan 3D inprimaketako teknologia sustatzeko erabilera errazeko sistema bat sortzea helburu duen 3D inprimaketako ingurune integratuaren erakustaldia egin zuten. Proiektuko bazkideek garatu berri duten mugikorreko aplikazioa erakutsi zuten: urrats sinpleen bidez, azken erabiltzailea gidatzen du birziklatutako material egokiena hautatzeko prozesu batean, bai eta azken inprimaketan ere, parametro automatizatuak doituz.

Bertaratutakoek proiektuaren nodoetan hondakin plastikoak errebalorizatzeko egin den prozesu berritzaileak ere ikusi ahal izan zituzten.

Bertaratutakoek proiektuaren nodoetan hondakin plastikoak errebalorizatzeko egin den prozesu berritzaileak ere ikusi ahal izan zituzten. Hala nola, estrusio egonkor eta kontrolatuko prozesu bat, ondoren filamentu bihurtuko den plastiko egoki bat lortzeko helburuarekin, bai eta birziklatutako materialetara egokitutako kamera termikoa duen inprimagailu bat ere.

Emaitza teknologikoekin bukatzeko, Vigoko nodoaren erabileraren kasua ere aurkeztu da. Nodo horrek arrantza-ontzietan zein aisialdi-ontzietan gauzatzeko 3D inprimaketa aztertzen du, itsaso zabalean ordezko piezak inprimatzeko premian oinarrituta.

Ondarroako Nodoa

Jardunaldiaren azken zatian, Ondarroako nodoan itsas sektoreko hondakinen kudeaketaren balio-katea aztertu zen. Sortzen diren hondakinen bolumena konstantea eta homogeneoa ez izateak zaildu egiten du errebalorizazio-oinarri baterako kuantifikazioaren aurreikuspena, baina hala ere, Ondarroako nodoaren arrantzarekin eta akuikulturarekin lotutako industria lehen urratsak ematen ari da material jasangarriak sartzeko edo produktuen bizitzaren amaiera kudeatzeko. Hona hemen adibide batzuk:

  • Ondarroako Kofradia eta armadoreak: arrainerako kutxa berrerabilgarriak erabiltzen dituzte, portuaren ondoan kokatutako poligono batean garbitzen dira berrerabili ahal izateko eta hondakinik ez sortzeko. Puskatutako kaxak fabrikatzaileak berak jaso eta birziklatzen ditu, eraldatu eta beste bizitza bat emateko (garagardo-kaxak, loreontziak, …).
  • Itsaskorda: akuikulturarako biogear-ak (oinarri biologikoko sokak) garatzen dituen enpresa.
  • Naberan: arrantzarako eta akuikulturarako produktuen salmenta eta sareak konpontzen dituen enpresa. Portuetan sareak modu antolatuan biltzeko sistema bat ezartzen ari dira, horiek tratatu eta errebalorizatzeko.

Portuetako hondakinen kudeaketak bide luzea du oraindik egiteko, eta hobekuntza asko ezar daitezke balio-kate lineala zirkularra bihurtu dadin: portuko hondakinen sailkapena eta kudeaketa optimizatzea, eta hondakin horiei balioa emateko aukerak inguru honetan sortzea. Gaur egun, errebalorizaziorako aukera gehienak gure mugetatik kanpo daude, eta, gainera, garraioak kostu ekonomiko eta burokratikoa dakar. Hala ere, Birziplastic bezalako hurbileko enpresa birziklatzaileak Leartikerrekin elkarlanean ari dira Euskadin itsas hondakinentzako balio zirkularreko kate hori ezartzeko.

Ezinbestekoa da praktikoa onak hondakin plastiko mota guztietara zabaltzeko modua bilatzea, eta, horretarako, eskualdean hondakin plastikoak sortzeko eta kudeatzeko zikloa modu eraginkor eta errealistan zarratzeko aurkeztutako erronkei eta aukerei buruzko hausnarketa egin zen, arrantza-sektorearen eta Ekonomia Zirkularraren estrategiak bateratuz.

CircularSeas

CircularSeas proiektua 2019ko apirilean hasi zen, eta urte honen amaieran bukatuko da. Ekonomia Zirkularraren sustapenean oinarritzen da eta hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarri bihurtzea du helburu. Ekimen honen bitartez itsas sektorerako produktu edo osagai jasangarriagoak garatu nahi dira 3D inprimaketa-teknologiaren bidez, industriak berak sortzen dituen hondakin plastikoetatik abiatuta. CircularSeas (EAPA_117/2018) proiektua Interreg Atlantic Area programarekin kofinantzatuta dago Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Arrantza-sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharraren aurrean, eskualdeko agenteek, horien artean Leartiker eta Leartibai Fundazioa, duela 7 urte Lea-Artibai 2020 estrategiaren baitan lerro estrategiko hau zehaztu zuten eskualdeko garapen ekonomikorako.

CircularSeas egitasmoak proiektuko bazkideekin lotutako 6 portu-nodotan oinarritu ditu bere jarduerak: Ondarroa (Espainia), Vigo (Espainia), La Rochelle (Frantzia), Cork (Irlanda), Plymouth (Erresuma Batua) eta Peniche (Portugal).

Proiektua abian jarri zenetik, Leartiker eta Leartibai Fundazioa elkarlanean aritu dira aipatutako 6 nodoetan egindako diagnostikoak biltzen eta horietan bildutako hondakinak karakterizatzen, bai eta hondakin horietatik abiatuta produktu iraunkorrak fabrikatzeko negozio-ereduak sortzen ere. Gaur egun, nodo bakoitzean planta pilotuak garatzeko fasean dago proiektua.

Leartiker eta Leartibai Fundazioarekin batera, proiektuko kide dira baita ere honako bost bazkide hauek: Communauté d'Agglomération de La Rochelle (CdA-LR), Vigoko Unibertsitatea (UVI), University of Plymouth (UoP), Cork Institute of Technology (CIT) eta Leiriako Institutu Politeknikoa (IPLeiria).

Irakaskuntza teknikoa

Zentro teknologikoa, Elikagaien Teknologian eta Polimeroetan espezializatua.