430 milioi euro Enpresa Txiki eta Ertainentzat

Kooperatibek aukera izango dute Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak aurkeztu duen plan honetara aurkezteko. 68 laguntza-programa dira guztira, 430 milioi euroko aurrekontuarekin. Laguntzen % 40 ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) programetara bideratuko dira.
Card image cap
Arantxa Tapia sailburuak eta Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak diru-laguntzen katalogo osoa aurkeztu dute, eta otsailaren 24an, 25ean eta 26an egingo diren jardunaldien berri eman dute.
2021/02/18

Laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea, arreta berezia eskainiz Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen jasangarriari.

Pandemiak, 2020an, % 9,5eko jaitsiera eragin du Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian, eta langabezia-tasa % 11,20koa izan da bertan. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen Saila lanean ari da ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen laguntzeko, gobernuaren helburuen jarraibideen arabera.

Laguntzek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen modernizazioa eta lehiakortasuna bultzatu nahi dute, eta bertako ETEek laguntza horietako asko ezagutzen dituzten arren, badira alderdi berritzaile eta aipagarriak ere, adibidez: ikerketarako ekipamendua eskuratzeko eta eguneratzeko Azpitek laguntza berriak; reshoring- eta dibertsifikazio-programa berriak; nazioartekotzeko bekak berraktibatzea eta handitzea; tokiko produktua garatzeko eta bultzatzeko laguntzak; edo klima-aldaketari erantzuteko laguntzak.

Otsailaren 24an, 25ean eta 26an egingo diren jardunaldietan, enpresek laguntza-ildo bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte, eta beren premietara hobekien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute.

Helburuetako bat pandemiaren ondorioak jasaten ari diren enpresei laguntzea bada ere, laguntza horien funtzio nagusia da sortzen ari diren aukera berriak baliatzeko gai diren proiektuak bultzatzea; hartara, 433 milioi euro baino gehiagotik, laguntzetarako aurrekontuaren % 40 I+G+b programetara bideratuko da. Gainera, eraldaketa digitaleko, ekintzailetzako, industria-garapeneko, nazioartekotzeko, ekonomia zirkularreko, trantsizio energetikoko edo elikagaien industriako proiektuak ere lagundu nahi dira, besteak beste.

Captura de pantalla 2021-02-18 a las 9.06.39.png

Laguntza-programez gain, Jaurlaritzak urteko informazio-katalogo berrian funtsen bi lerro eta beste zerbitzu batzuk sartu ditu, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen garapenean eta lehiakortasunean ere laguntzen dutenak.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatuta, sozietate publiko guztiak (SPRI Taldea, EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA) elkarrekin lan egiten ari dira laguntzei buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztietara irits dadin eta, hartara, laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten.

Online jardunaldiak

Otsailaren 24an, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, bere arloko zenbait zuzendarirekin batera, azalduko ditu ikerketako, berrikuntzako, transformazio digitaleko eta ekintzailetzako programak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza-gune bihurtzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startup-en ekosistema eragile gisa. 

Otsailaren 25ean, Industria, Energia eta Ingurumena: Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak, saileko beste arduradun batzuekin batera, aurkeztuko dituzte industria-garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako, energia berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzak. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak barne-produktu gordinaren % 40ra iristea, baita enpresen nazioartekotzea COVIDaren egungo nazioarteko testuingurura egokitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea ere.

Gainera, lortu nahi da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera jaistea, hondakinen balorizazioa eta berrerabilera areagotzea, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezartzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetzea, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lor dadin.

Otsailaren 26an, Lehen Sektorea eta Landa-garapena eta Itsasertza: Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak. Programa horiei esker, elikagaien ekoizpena handitu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz.

Honako esteka honetan eman daiteke jardunaldi horietarako izena: https://agenda.spri.eus/laguntzak/