Iñigo Ucin: "Hitz egiten jarraitzeko prestasun osoa dugu, lankidetzan oinarritutako etorkizunaren alde egiten dugu"

Kontseilu Orokorreko presidenteak adierazpen instituzionala egin du gaur goizean Kursaalen egin den 2022. Kongresua amaitu ondoren. Kongresuaren balorazio positiboa egin du, eta Oronak eta Ulmak hasitako prozesuari dagokionez, adierazi du "MONDRAGONeko organoek atea irekita izaten jarraitzen dutela eta hitz egiten jarraitzeko erabateko prestasuna dutela".
2022/11/15

Presidenteak lau zatitan egituratu du bere mezua komunikabideen aurrean – aurretik Kongresuan egin zuen kooperatiben konpromisarioen aurrean –. Lehenengoa kongresua bera baloratuz, bigarrena MONDRAGON zer den azaltzen saiatuz, hirugarrena Korporazioak ekitaldi honetan zehar izan duen bilakaerari buruzkoa, eta azkena Oronak eta Ulmak hasitako prozesuari buruzkoa. Hitzez hitz erreproduzitzen dugu Iñigo Ucinen hitzaldia.

e99ba56f-b163-4a3a-8314-6d1d667443c3.jpg

Kongresuaren balorazioa

Agerraldi honen helburua MONDRAGONen urteko Kongresuan landu ditugun gaien berri ematea da.

Lehenik eta behin, Kongresu hau, formatu presentzialera itzuli garena, Leire Mugerza buru izan duen lehena izan da, aurtengo urtarrilean MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorreko presidente izendatu ondoren.

Bigarrenik, "Caja Laboralaren ekarpenak elkarren arteko lankidetzako eta elkartasuneko fondoetara eta tresnetara egokitzea" izeneko ponentzia onartu dugu. Egia esan, erregulazio aldakorrera etengabe egokitzeko egokitzapen teknikoa da, Caja Laboralaren eta MONDRAGONen egungo harremanari eta lankidetza-mailari eusteko, eta banku-erregulazio eta -gainbegiratzearekin bateragarriak diren oinarri iraunkorren gainean egituratzen da haren formatua.

MONDRAGON proiektu kolektiboa baita eta bere kooperatiba guztiek parte hartzen baitute. Eta guztion artean, eztabaidaren eta adostasunen bidez, gure etorkizunerako onenak diren erabakiak hartzen ditugu

Halaber, gai-zerrendako beste ohiko puntu bat organo korporatiboen (Batzorde Iraunkorra eta Kontseilu Orokorra) kudeaketaren deskargua da, Kongresuari informazioa emateko egiten dena.

Beraz, kongresu-kontuak ondo joan dira.

Zer da MONDRAGON?

Azpimarratu nahi nuke MONDRAGONen izateko arrazoia, bere pertsonentzat eta, azken batean, gure gizartearentzat suposatzen duena. MONDRAGON milaka pertsonen etxea da. Ehun bat kooperatiba, zortzi fundazio, mutua bat, hamar estaldura-erakunde eta 80.000 langile baino gehiago batzen ditu, oztopoak gainditzen jakin duena eta 66 urteko ibilbidean sistematikoki elkartasuna praktikatu duena: MONDRAGONek beti eman du pauso bat aurrera behar izan duten kooperatiba guztiei laguntzeko.

Eta hori guztia guztion artean egin dugu, MONDRAGON proiektu kolektiboa baita eta bere kooperatiba guztiek parte hartzen baitute. Eta guztion artean, eztabaidaren eta adostasunen bidez, gure etorkizunerako onenak diren erabakiak hartzen ditugu.

Eta MONDRAGONen sorrera-espiritua errespetatuz, espiritu hori bi printzipiotan laburbiltzen dela esatera ausartuko nintzateke: kooperatiba bakoitzaren erabaki-organoekiko errespetu osoa eta MONDRAGONeko ordezkaritza-organoetan bere dibisio eta kooperatiba guztien ordezkaritza islatzen den leialtasuna. Zalantzarik gabe, gardentasun-, demokrazia- eta partaidetza-eredu bat gara.

3Q3A1696.JPG

Kongresu kideek aho batez onartu dute ponentzia.

MONDRAGON ondo doa

Ez dut aukera hau pasatzen utzi nahi etorkizunaz hitz egiteko. MONDRAGONen eredua etorkizuneko eredua da. Etorkizun oparoa eta gure jatorriarekin eta belaunaldi berriekin konprometitua.

Kudeaketa-datuek hori bermatzen dute. 2021a ekitaldi bikaina izan zen, salmentak % 5 igo baitziren, 11.400 M €-tik gora; urte errekorra errentagarritasunari dagokionez, eta 1.450 milioitik gorako inbertsioak azken bosturtekoan.

Iraileko datuekin ekitaldi honetako bilakaera ere positiboa da: salmentetan 12.000 M €-tik gorakoa izatea aurreikusten dugu; industriaren arloan 6.500 M €-tik gorakoa izatea, bi digituko hazkundeaz ( % 14,2) eta nazioarteko salmentak % 73 izatea. Eta 80.100 lanpostu zuzen inguru ditugu irailaren amaieran.

Eta mundu mailako tentsioaren eta erronka handien (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sanitario-soziala) eta ziurgabetasunen testuinguruan, gure errezeta lankidetza da.

Eta mundu mailako tentsioaren eta erronka handien (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sanitario-soziala) eta ziurgabetasunen testuinguruan, gure errezeta lankidetza da

Orona eta Ulma

Zehazki eta Orona eta Ulmako organoek hasitako prozesuari dagokionez, hiru alderdi aipatu nahi nituzke:

Lehenik eta behin, ez dugu jakinarazpen ofizialik izan ireki dituzten prozesuei buruz, eta, beraz, ezin dugu egoera hori komentatu, ez baitakigu zein izan diren prozesu horiek abiarazteko benetako arrazoiak. Bigarrenik, etorkizuna elkarrekin bistaratzen jarraitzen dugula, uste baitugu MONDRAGON dela Orona eta Ulmaren espazio naturala. Eta hirugarrenik, MONDRAGONek beti errespetatuko duela bi kooperatibetako kolektiboaren erabakia.

Era berean, gogoeta gehigarri batzuk egin nahi nituzke.

  • Lehena da benetan uste dugula Oronaren eta Ulmaren etorkizuna, eta bertako pertsonena, hobea izango dela MONDRAGONen, balioak partekatzen ditugulako, lankidetzarako aukera erreal asko daudelako eta uste dugulako elkarrekin indartsuagoak garela gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasunez betetako mundu agertoki honetan.
  • Bigarrena da uste dugula negozioen autonomia, kudeaketan askatasuna, elkartasuna eta lankidetza izan direla honaino ekarri gaituztenak. Eta jarraitzen dugu pentsatzen horiek guztiak funtsezko elementuak direla gure negozioak hazteko, eta erabat indarrean daudela errealitate zehatzekin MONDRAGONen integratutako kooperatibetan.

  • Era berean, gure ustez, gure negozioak abian jarri zituzten aurreko belaunaldiekiko konpromisoak eta hurrengoei ondare hobea utzi behar izateak etorkizunari lankidetzaren ikuspegitik aurre egitera behartzen gaitu. Txikiago egiten gaituen, gure indarrak ahultzen dituen eta elkarrekin lankidetzan aritzeko gaitasuna kentzen digun edozein ikuspegik zaildu egiten du konpromiso horiei erantzutea.

  • Gakotzat jotzen dugun galdera bat egiten diogu geure buruari: Nori egiten dio mesede egoera honek? Gu ziur gaude ez diela mesederik egiten ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez MONDRAGON osoari.

  • Eta, beraz, amaitzeko adierazi nahi dut MONDRAGONeko organoen ateak zabalik daudela eta hitz egiten jarraitzeko erabateko prestutasuna dugula, kooperatiba guztietako kolektiboei helaraziz, Oronakoei eta Ulmakoei barne, egoera horri buruz egiten dugun balorazioa eta etorkizuna lankidetzan eraikitzeko borondate irmoa.

Argazki galeria