Mondragon Unibertsitateak hezkuntzako rol berrietan prestatzeko diploma bat jarriko du martxan

Prestakuntzaren ezaugarriak ostegunean aurkeztuko ditu, maiatzaren 28an, 18:00etan, eta izen-ematea irekita dago.
Card image cap
2020/05/26

Bi hilabete hauetan, COVID-19ak hezkuntza-paradigmak aldatu ditu eta, zalantzarik gabe, ondorioak izango ditu arlo honetan ere. Horrenbestez, hezkuntzako profesionalek ere berritu egin beharko dute. Hurrengo 2020-2021 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta TeamLabs ikaskuntza-laborategiak diploma berri bat jarriko dute abian hezkuntza arloko profesionalentzat. Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diplomak irakaskuntzan lider izateko profesionalak prestatzea du helburu, hezkuntzan egiteko, pentsatzeko eta ikasteko modu berriak erabiliz, ikasgelaren barruan nahiz ikastetxeko aldaketaren kudeaketan.

Programaren aurkezpena online egingo da ostegun honetan, maiatzaren 28an, 18:00etan. Aurkezpen-ekitaldia interesa duen hezkuntza-komunitate osoarentzat egongo da irekita, izena emanda. Diplomaren aurkezpenean parte hartuko dute, batetik, Agurtzane Martínez Mondragon Unibertsitateako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaile eta diplomaren ko-koordinatzaileak, eta bestetik, Irati Lekue erraztaile eta TeamLabs-eko kideak.

Diploma berria hezkuntzako profesionalei eta beste ikaskuntza-esparru batzuetako profesionalei dago zuzenduta. Horiek bi talde handitan antolatzen dira: batetik, irakasleak, eta bestetik, ikastetxeetako zuzendaritza-arduradunak. Programa lehen eta bigarren hezkuntzako, akademietako, unibertsitateetako, Lanbide Heziketako eta beste ikaskuntza-esparru batzuetako irakasleentzat diseinatuta dago, ikasgelan metodologia eta tresna berriak txertatu nahi dituztenentzat. Bestetik, diplomak ikastetxe arautu eta ez-arautuetako zuzendaritza-arduradunen beharrei erantzungo die, ikastetxeetan gauzak aldatu nahi dituzten lidergo-kargudunen beharrei; hau da, zuzendaritzako kideak, hezkuntza-diseinu eta -estrategien arduradunak, ikasketa-buruak eta abar.

Formatu erdipresentziala

Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diploma urriaren 5ean hasi eta 2021eko ekainaren 9an bukatuko da. Diplomak izango dituen aurrez aurreko saioak workshop presentzialen bitartez gauzatuko dira, Bilbon eta Madrilen. Saio horiek ostiraletan eta larunbatetan izango dira. Programak 30 ECTS eta 750 orduko iraupena izango ditu, eta lankidetzatik eta esperientzietatik abiatutako ikaskuntza-ikuspegi bat izango du. Hiru arlotan dago oinarrituta:

Autogogoeta praktikoa, diplomako parte-hartzaile bakoitzak bere hezitzaile-identitatea garatu dezan. Horretarako, berrikuntza- eta errazte-estrategiak parte-hartzailearen ibilbidean oinarrituko dira, haren sormen-senetik abiatuz eta estrategiak benetakotasunez garatuz.

Era berean, proiektuan ere oinarritzen da. Horrek ikaskuntzak entrenatzeko eta sendotzeko aukera ematen du, ikasitakoa berehala aplikatzen baita ikaskuntza-esperientziaren prototipo baten garapenean, Pertsonengan Ardaztutako Berrikuntzaren printzipioetan oinarrituta, eta programak aurrera egin ahala iterazioa bultzatzen da.

Eta azkenik, praktika: programan zehar, zenbait egoera erreal edo simulatu planteatuko dira, «eginez ikasteko».

Programa akademikoari dagokionez, diploma 7 modulu hauetan dago antolatuta: Hezitzailearen rola erraztaile gisa (2 ECTS), Proiektua diseinatzea (6 ECTS), Ikaskuntza-komunitateak (2 ECTS), Lantaldeak erraztea (6 ECTS), Hezkuntza-erakundeko aldaketak (6 ECTS), Ikaskuntza-irakaskuntzako prozesuen berrikuntza (6 ECTS) eta Profesional gogoetatsua (2 ECTS).

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa