"Munduko errezetarik onena" dirua biltzeko herrialde pobretuentzat

Mundukide eta Azurmendi jatetxeko chefa den Eneko Atxak #MundukoErrezetarikOnena ekimena jarri dute martxan. Hegoaldeko herrialde pobretuenetako ekonomia bultzatzeko eta ehunka mila pertsonaren bizitza hobetzeko beharrezkoak diren funtsak lortzea du xede, giltzarri kooperatiboan oinarrituz betiere.
2021/11/26

Eta zergatik errezeta hau? Mundukideren ohiko lankidetza lana erabat gauzatzen da, munduaren inplikazioa eta sentsibilizazioa lortzen baitu. Hiru izarreko kanpaina honen bidez (Azurmendi jatetxeak dituen izarrak) Euskal Herriko jendea sentsibilizatu nahi da Hegoaldeko herrialdeekin lankidetzan aritzeko zeregin garrantzitsuan.

Laguntzeko gosea eta aho zaporerik onenarekin geratzeko gogoa duten pertsona guztiak izango dira ongi etorriak parte hartzera.

Horretarako, Mundukidek dirua biltzeko atal bat prestatu du bere webgunean, ekarpen bat egin nahi duten pertsonek online eta modu seguru eta errazean egin ahal izan dezaten, erosoena zaien metodoa aukeratuz: Txartel, Bizum edo banku transferentzia bidez. Kanpainan parte hartzen dutenek beren donazioa desgrabatu ahal izango dute, zerga ziurtagirirako datuak betez.

Mundukideren helburua da epe luzerako programen bitartez tokiko biztanleen gaitasuna handitzea, garapen ekitatibo eta jasangarriari lagunduko dion errenta sortzeko, pertsonak autonomoak eta buruaskiak izan daitezen. Esperientziak, baliabideak eta jakintza kooperatiboa partekatzen ditugu, inplikatutako aldeen garapen autokudeatua eta integrala sustatzeko. Horretarako, lan kooperatiboaren munduaren elkartasuna aktibatzen dugu, Mundukideren balio eta printzipioek oinarritua eta gidatua.

Martxan dauden proiektuak

Mozambiken tokiko erakundeekin lan egiten dugu familien nekazaritza arloko garapenean, horretarako nekazariei laguntza teknikoa emanez, hornidura eta merkaturatze sare bat sortuz eta ureztatze sistemak ezarriz, besteak beste. Etiopian, berriz, Mozambiken 20 urtean egindako lan guztia aplikatu da: beti GKEen eta tokiko elkarteen eskutik, garapen ekitatibo eta jasangarria helburu. Ekuadorren, gizartea eraldatzeko bokazioa duten nekazaritza eta abeltzaintzako ekimenetan antolaketa indartzen laguntzea da xedea. Kolonbian, Pasto hiriko emakume nekazarien eta birziklatzaileen bizimodua hobetzen zentratzen gara. Kontua da haien gaitasun teknikoak, politikoak eta erresilentziazkoak handitzea, trebatze, laguntza tekniko eta sareko lan estrategia baten bitartez. Brasilen, Lurrik gabeko Langileen Mugimenduko asentamendu eta kanpalekuetako familien garapen sozioekonomikoan laguntzen dugu, erreferentziazko tokiko pertsonak kudeaketan trebatu eta kooperatiben jarduna hobetzeko, ekoizpenetik hasi eta komertzializazioraino.

Zeu zara osagai nagusia!

 Captura de pantalla 2021-11-26 a las 11.24.27.png

Honela argudiatu dute kanpaina:

"Badago osagai bat otordu eta topaketa guztiak hobetzen dituena, une bakoitzari energia eta zaporea ematen dizkiona eta etorkizun hobea izateko balio duena. Zeu zara osagai nagusi hori.

Laguntzeko gose zara? Hemen eskaintzen dizugu munduko errezetarik onena, zutaz eta zure elkartasunaz egina eta laguntzeko sortua.

Mundukide GKEa gara. Garapen sozioekonomiko jasangarria bultzatzen dugu pertsonen bizitza hobetzeko, eta giltzarri kooperatiboa darabilgu horretarako. Munduko jatetxerik oneneko chefik onena den Eneko Atxarekin batera (hainbat aldiz saritu dute), errezeta bat plazaratzera gatoz.

Hemengo jendearen bila ari gara, hango ekoizleei laguntzeko. Mozambike, Etiopia, Brasil, Kolonbia, Ekuador eta halako herrialdeetako leku behartsuetako hurbileko produktuak urrutira iristea nahi dugu. Eta zurekin eta "aldaketaren errezetarekin" lortuko dugu, bai horixe, ehunka mila pertsonaren bizi baldintzak hobetzea.

Maite, zu izango zara gure saltsaren olioa. Garapena eta ekoizpena bultzatzen eta loditzen lagunduko diguzu. Mikel, entsaladako tomate bihurtuko zara, trebakuntza eta laguntza teknikoko estrategia integral baten bidez haien bizitzari zaporea emateko. Lur, zu izango zara haien antolamendurako gaitasuna eta enpresa gaitasuna indartuko dituen pipermina. Jon, zu izango zara hornikuntza eta merkaturatze sare berria goxo-goxo mugiarazten eta zerbitzatzen lagunduko dien egurrezko koilara. Oihane, emakumeen ahalduntzea areagotzeko lapikoa izango zara zu.  Igor, milaka herriren arnasa, gogoa eta ilusioa izango zara, eta garapen ekitatibo eta jasangarrian lagunduko duzu".

 

Kooperazio kooperatiboa